.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2018/05/28

Faktore pertsonala Armintxen (Arkeokronika arrosa I)


Mikel Unzueta Portilla eta Juan Carlos Lopez Quintana, ADES Espeleologia Elkarteko kideekin Armintxe kobazuloan eginiko lehen ikustaldietan.
Mikel Unzueta Portilla eta Juan Carlos Lopez Quintana, ADES Espeleologia Elkarteko kideekin batera Armintxe kobazuloan eginiko lehen ikustaldietan.
ETA-ren disolbatze prozesuan bagenekien lehendik “sukaldeko lanak” izan duen garrantzia, baina oraintsu hasi gara negoziatzaileen paperari buruzko detaile zehatzagoak jasotzen. Miresgarriak benetan, gauza guztiek okerrera egiten dutenean ere zubiak mantentzeko lanean aritzen direnak. Detaile hauen artean gauza xelebreak ere jakin ditugu, adibidez gatazkak konpontzerakoan faktore pertsonalak izaten duen garrantzia.

Faktore pertsonal horrek, bistan da, alde onerako zein txarrerako eraman dezake balantzaren pisua; baita makropolitikan ere, askotan dramatikoki. Ez naiz ni esfera horretan mugitzen, baina agian jakingo duzue kobazuloen munduan ibiltzen naizela; eta azkenaldian, espeleologook Bizkaian aurkitu ditugun labar-arte kontuetan -edo hobeto esanda, haien gestioari buruzko gatazkan- faktore pertsonalaren eragina neure begiekin ikusi ahal izan dut. Detaile teknikoagoak mila bider aipatu ditugu jada (sare sozialetan Armintxe eta Atxurra traolak bilatzea baino ez duzue), baina faktore pertsonal honi buruz ez dugu orain arte ezer esan. Eta merezi duela uste dut.

Kokatze aldera, esan dezagun ADES Espeleologia Elkartekook Armintxeko grabatuak 2016ko maiatzean aurkitu genituela, geure ekimen hutsez eta Bizkaiko Foru Aldundiko plangintzetatik kanpo. Lehen babes neurriak ere geuk ezarri genituen, eta arkeologo bat eta Aldundiko Ondare Saila abisatu genituen; hurrengo hileak haiekin elkarlanean aritu ginen, kobazuloa aztertzen eta esploratzen. Baina irailean, lana oraindik amaitu barik genuela, sarrera eragotzi ziguten. Harrezkero Armintxe aurkitu genuen espeleologoak, teorikoki lan taldearen partaide izan arren, ikerketatik kanpo egon gara. Bertan lanean ari den Aldundiko taldeak ez du gurekin kontatzen, gure elkarrizketa saiakerei ez die erantzuten eta egiten ari diren lanen berririk ez digu ematen.

Ez dirudi gauza handia, lehenengo begi bistan: administrazioaren ohizko isiltasuna, jende normalaren informazio eskarien aurrean. Baina, kontuan hartzen badugu Armintxeko grabatuak hondatze arrisku larrian daudela, eta haiek mehatxatzen dituzten uholdeen arazoari irtenbidea emateko, osatu gabe dagoen esplorazio espeleologikoa egitea ezinbestekoa dela, agian ulertezinagoa da. Zergatik atzeratzen ari da hainbeste lanoi ekiteko momentua? Bi urte pasa dira jada, bere euri denboraldiekin. Zer ari dira, erruleta errusiarrean jokatu nahian? Zein da zuhurtzia falta handi honen arrazoia?

ADES-ekook Bizkaiko Foru Aldundiko taldearekin harremanik ez dugu beraz; joan den bi urtean bakoitza gure aldetik gabiltza, muino berean ikerketak eginez, elkarri hitz egin gabe. Denbora horretan pentsatzeko aukera izan dugu, noski. Eta nik hasieran erdi-brometan esaten nuen gauza batek indarra hartu du; izan ere, ezin genuen sinetsi horrelako inuxentekeri batek auzia horrela korapilatu zezakeenik. Baina beste arrazoirik ezean, eta Juan Carlos Lopez Quintana (Armintxeko proiektuaren arkeologo arduraduna), pixka bat ezagututa, arazoaren oinarria horixe dela ondorioztatzen hasi gara: faktore ezin pertsonalagoa, alegia.

Kontua hauxe da: 2016ko uda amaiera inguruan, ikerketa prozedimentuari buruzko bilera tekniko bat egin genuen Lopez Quintanarekin eta bere ugazaba, Mikel Unzueta Portilla Aldundiko Ondare Kulturalen teknikoarekin. Besteak beste, “Tana”k   azaldu zigun aurrerantzean esplorazio lan guztia berak lagunduta egin beharko genuela. Detaileetan sartu gabe, laburbilduz esan dezagun ez genuela baldintza hori onartu: teknikoki ezinezkoa izateaz gain, etikoki onartezina zitzaigun eta kobazuloetan lan egiteko moduari buruzko ezjakintasun handia erakusten zuen. Beraz bilera amaitutzat emanaz mahaitik jaiki ginen, proiektutik alde egiteko prest... eta orduan gertatu zen.

Zer gertatu zen? Unzueta segituan konturatu zela espeleologorik gabe ezingo zutela Armintxeko ikerketarekin jarraitu. Beraz, hitza hartu eta esaldi hau bota zuen: “Itxaron. Eser zaitezte berriz. Tana, itzul iezaiezu giltza”.

Ez dirudi gauza larria, ezta? Bada, kontua da esaldi sinple honekin, Unzuetak Tana “destruitu” zuela, gaur egun gazteek esaten duten bezala. Bistan da lan prozedura berria Unzueta ugazabarena zela, eta Tana morroiaren funtzioa “lan zikina” egitea izan zela (gure haserrea piztuz). Baina horren ostean Unzuetak Tanaren argumentazioa ukatu zuen, azken hau umiliatuz.

Batek pentsatu dezake gauza garrantzitsuak (Europako aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako bat urpean suntsitzea edo salbatzea, adibidez), ezin dituztela horrelako faktore pertsonalek erabaki. Baina ETA-ren disoluziora itzuliz, begibistakoa da horrela izaten dela. Irakurri al duzue jeltzaleek etakideei taxirako dirua eskatu zieteneko anekdota, “bueltatzeko konpromezuarekin”? Mundiala da. Eta gauza jakina da Jesus Egigurenen eta Josu Urrutikoetxearen arteko zorioneko kimikak, gatazkaren konponketan aurreratzen asko lagundu zuela. Lehen aipatu dugun bilera horretan, Tana ez zen ausartu ugazabari kargu hartzen (bera kakatan uztearengatik), zaila izaten baita ogia ematen dizun eskuari kosk egitea. Beraz, prozesu psikologiko ezagunari jarraituz, errazena egin zuen: amorrua katearen maila ahulenera proiektatu, espeleologoengana alegia, eta... bere burua irteerarik gabeko kale batean sartu.

Bai; urte biko distantziarekin begiratuta, bilera horretan gertatutakoak Armintxen gertatu diren gauza asko azaltzen ditu: irailean lanekin jarraitzea eragotzi zigutenekoa; gerora Tanak egin digun ezikusiarena (“mespretxurik handiena, apreziorik eza”)... eta, azken finean, logikarik gabeko egora hau sine die mantentzea.

Zenbat denbora pasatu beharko du “gure” Egiguren eta Josu Ternera rupestreak agertu arte? Ezin jakin. Esandakoak esanda, badakit ni neu nekez bueltatuko naizela Armintxera (Tana eta Unzueta beraien karguetan dirauten artean, behintzat). Baina halere mezu hau bidali nahi diet: kobetan egin behar den lan multidisziplinarra (benetakoa) zer den ikasi dezatela; utz diezaietela espeleologoei haien lana egiten; eta ez dezatela gehiago erruleta errusiarrean jokatu. Armintxeko grabatuak daude jokoan: mundu guztian famatu diren horiek, zein kobako beheko mailetan dauden (eta argitaratu ez diren) beste asko.

OIER GOROSABEL LARRAÑAGA
Info7 irratiko Talaiatik saiorako, 2018ko loraillan 21a, 

Gaiari buruz gehiago jakiteko:

No hay comentarios:

Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats