|
Tibia |
Gernika-Lumoko ADES Espeleologia
Elkarteak aztarnategi arkeologiko berria aurkitu du
Gautegiz-Arteagako haitzulo batean (Urdaibai Biosfera Erreserba).
Aurkikuntza ADES-ek egiten duen lan
sistematikoaren emaitza izan da, eta oraingoan Atxarre izeneko mendi
multzoan egin da, 1960ko hamarkadan Bizkaiko Espeleologia Taldeak
katalogatutako koba bat errebisatzerakoan. Zuloa lokalizatu eta gero,
espeleologoak karstaren zientziei buruzko ohiko datu bilketan aritu
dira (
https://eu.wikipedia.org/wiki/Karstaren_zientziak ); lan
horietan ari zirela aurkitu dute aztarnategia.
Aztarna hauek (tibia eta sahiets hezur
bana, eta zeramika zati bi) lurrazalean zeuden eta, erraz zapaltzeko
eta hausteko moduan zeudenez, jaso egin dituzte; horrekin batera
kobazuloaren hormak ere miatu dira labar-artearen bila, zenbait
orbain aurkituz. Dena argazkitan jasoa izan da.
Esplorazioa amaitu eta gero, atzo
materialak eta kobazuloari buruzko txostena Bilboko Arkeologi Museora
eraman ziren. Han material horren gainean lehen azterketa bat egingo
dute (besteak beste, zein garaitakoa izan daitekeen zehaztuz), eta
aztarnategia Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Datu Basean
katalogatuko da, interesa duten espezialistek hura ikertzeko aukera
izan dezaten.
ADES Espeleologia Elkarteak 38 urte
daramatza lurpeko ondarea ikertzen, batez ere Urdaibai eta
Lea-Artibaiko eskualdeetan.
Gernika-Lumo, 2019ko uztailaren 18a.
PD: kobazuloak inolako babesik ez
duenez, ez dugu bere kokapena argitu dezakeen koordenaturik edo izen
zehatzik emango; mezu honekin atxekituta doaz aztarnen argazkiak, eta
kobazuloaren esplorazioan zehar ateratako hainbat irudi.
|
Topografia |
|
Katazuloa |
|
Espeleotemak |
|
Zeramika 1 |
|
Zeramika 2 |
|
Sahietsa |
|
Lithobius |
|
Quaestus |