.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2014/08/29

Bizkaiko kobak 1897an, Lea-Artibai-Urdaibaikoei aipu berezia eginaz

Gabriel Puig y Larraz (1851-1917) meatze injeniari madrildarrak  “Cavernas y simas de España” idazlana argitaratu zuen 1896an. (1)  Bertan estatu osoko haitzuloen bilduma egiten saiatu zen, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Gaur aurkezten dugun testua lan horretatik hartua da, jatorria aipatzen ez bada ere: Bizkaiari dagokion atalaren kopia ia literala da.

Koben deskribapenen jatorria anitza da; esandako moduan Puigena bilduma bat da, eta bistan da haitzulo gehienak ez zituela berak bisitatu. “Cavernas y simas...” orijinalera jota, artikulu honetako erreferentzia asko bibliografiatik aterata daudela ikus dezakegu; beste batzutan, berriz, informazioa esploratzaileek zuzenean emandakoa da. Haien izenak ikusita, XIX gizaldi amaieran Bizkaian espeleologian aritzen zen lagun talde txikia irudikatu dezakegu: Ladislao Perea y Zuricalday eta Ramon Adan de Yarza geologoak, Serafin Uhagon eta Carlos Mazarredo bioespeleologoak... seguraski ez ziren askoz ere gehiago izango.

Aipu asko erreferentzia hutsak dira, barrutik ongi esploratu gabeko haitzuloenak alegia; leize guztietan, esate baterako “muy profundas”, “dimensiones desconocidas” eta horrelako adjektiboekin amaitzen da deskribapena, halabeharrez. Izan ere, sasoiko espeleologo gehienek ez zuten oraindik putzu sakonak jeisteko modurik edo, hobeto esanda, behin jeitsita handik ateratzeko; Euskal Herrian, teknika honek bost urte eskas zituen, Edouard A. Martelek Zuberoan estrainekotz erabili zuenetik. (2)

ADES Espeleologia Taldearen esplorazio eremua


Gure ardura Urdaibai eta Lea-Artibaiko esplorazio eremua izanda, zerrenda honetako hainbat datu osatu eta zehazteko moduan gaude; goazen, bada, “gure” kobei buruzko aipuak banan-banan komentatzera. Esan behar da kasu batzutan gaitza egin zaigula zein kobari buruz ari den jakitzea: 117 urte eta gero, karsta askoz hobeto ezagutzen badugu ere, toponimoetako batzu zabalegiak dira eta orduko lekukoei jada ezin diegu argibiderik eskatu:

Urdaibai


Eskualde honetan, badirudi Puigek ez zuela informatzaile zuzenik izan. Horrela, datu gehienak liburuetatik hartuak daude:

•    Cueva Axola: Madozi hartutako datua. (3)  Artikuluan Kortezubin kokatzen bada ere, gure ustez Elesuko kobari buruz ari da (Ereño). (4) Deskribapena begiratuta hala ematen du, eta Axola izeneko parajetik hurbil dago.
•    Cuevas de Ereñozar: datua Delmasi hartutakoa da. (5) Itxura guztien arabera, Santimamiñe eta Sagastigorri dira. (6) Urteetan, haitzulo hauek estalaktita eta estalagmita “kantera” gisa erabili izan ziren, Urdaibaiko jauregi eta txaletetan apaingarri gisa saltzeko (hain zuzen ere, 1916an pinturak aurkitu zituzten gazteek lan horretan ziharduten).
•    Cuevas de Ereño: Colletten txostenetik hartutako datua. (7)  Gure ustez Ereñoko Arizti eta Aldekoerrota kobei buruz dihardu, herrian aspalditik oso ezagunak. (8) 
•    Ondaro: Madozi eta Pradori (9) hartutako datua. Hemen zalantzarik ez dago, Puigek jasotakoa gaur eguneko toponimiarekin bat dator-eta. Hori bai, aipatu dezagun (misterioa pizka bat zapuztuz) guk bai esploratu dugula barruraino: 420 metro ditu. (10)
•    Cuevas de Artenechea: “gure” Aurtenetxeako koba eta leizea izango direla uste dugu. (11) Datu soltea da, eta Puigek ez du jatorririk aipatzen.
•    Cuevas de Navarniz: iturri desberdinak aipatzen ditu (Diccionario Geográfico Histórico, Madoz, Iturriza, Trueba, Vilanova y Rada). Gure ustez Zazpilezetako  (12) koba eta leizea dira, baita Goikoatxe (13) ere. Beharbada Ondaroren erreferenziaren reiterazioa ere izan daiteke (badakigu armak aurkitu zirela bertan).

Lea-Artibai


Eskualde honetan, berriz, datu gehienak Ramon Adan de Yarzak emanak dira. Izan ere, familia Lekeitiokoa izanik sarri egoten zen bertan, ikerketa espeleologikoan arituz:

•    Cueva de las Errecas: Adan de Yarzak bere koinatu Jose Maria Solanorekin esploratua. (14) Gaur egunean Atxurra bezala ezagutzen dugun haitzuloa da. (15)
•    Cueva de Urguichi: hau ere Adan de Yarzak emandako datua da. (16) Urgitxiko kobaren erreferentzia hau ere argia da, udalerriaren errorea kenduta (berez Gizaburuagan dago). Gaur egun haitzuloaren sarrera urpean dago, presa batek estalita. (17)
•    Cuevas del Lea: datua Madozena da eta Gizaburuagan kokatzen ditu, baina hau urterik urte transmititu den errorea dirudi ( GEV-eko kideak ere koba hauen bila aritu ziren 1963an, eta ez zituzten aurkitu). (18) Gure ustez Abitaga baserriaren eta Trakamalleko parajearen inguruan dauden haitzulo natural eta artifizialei buruzko erreferentzia orokorra izan daiteke (Amorotoko lurretan). (19)
•    Cueva de las Lamiñas: erreferentzia Adan de Yarzarena da. (20) Gizaburuagan dagoela ontzat ematera, Oibarko Lamiñaziloa (21) dela pentsa dezakegu; ostera, aurreko koban bezala udalerria erratua badago, Amorotoko Lamiñen Koba (22) ere izan daiteke (nahiz eta ezin den esan ez batak ez besteak “entrada sumamente estrecha” dutenik).
•    Cueva de Igoz: datua Madozengandik hartua da. Gure ustez, Igotz baserriaren inguruan dauden Kobaue (23) zein Gabaro (24) izan daitezke, Markina-Xemeinen.
•    Cuevas del monte Calvario: Adan de Yarzaren datua. (25) Jakina, Lumentxa mendiko Garratxako kobari buruz ari da (Lekeitio).(26)
•    Cuevas de Santa Catalina: datu hau ere Adan de Yarzak emana da. (27) Antzoriz lurmuturrean dauden kobak dira,  Santa Katalina ermitaren azpikaldeko itsaslabarretan (Lekeitio). (28)


Hauxe da, bada, ADES taldean esateko duguna. Bizkaiko beste taldeetako lagunek “haien” eremuetako erreferentziak komentatzeko gogorik balute... aurrera!

Jarraian irakur dezakezue Euskal-Erria aldizkariko artikulua (gogoratu Puigen beste idazlan honen laburpena dela: http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922 ).


********

(1) PUIG Y LARRAZ, G. 1896. Cavernas y simas de España. Descripciones recogidas, coordinadas y anotadas por Gabriel Puig y Larraz. Boletín de la Comisión del Mapa Geológico de España. XX. Tomo I. Segunda serie (1894). Madrid. http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922
(2) ARSIP. 2012. L’histoire des explorations depuis le début du XXème siècle. http://s391384129.onlinehome.fr/arsip/index.php/histoire/25-historique-1892-2000
(3) MADOZ, Pascual. 1850. Diccionario Geográfico-Estadístico-Histórico de España y sus posesiones de ultramar. (16 tomo, 1845 eta 1850 artean argitaratuak). Estab. de P. Madoz y L. Sagasti. Madrid.
(4) ADES. 2010. Leizeen eta koben katalogoa. Urdaibai. Catálogo de cuevas y simas. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz. p.344.
(5) DELMAS, JE. 1864. Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(6) ADES. 2010. Op. Cit. p.395,397-398.
(7) COLLETTE, C.1848. Reconocimiento geológico del Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(8) ADES. 2010. Op. Cit. p.288, 310.
(9) PRADO, Casiano. 1864. Descripción física y geológica de la Provincia de Madrid. Apéndice B. Noticia sobre las cavernas y simas principales de España. Madrid.
(10) ADES. 2010. Op. Cit. p.391-393.
(11) Ibid. p.330-331.
(12) ibid. p.401-407.
(13) ibid. p.291-292.
(14) ANONIMOA. La gruta de Achurra o de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 268. Donostia. http://actualid-ades.blogspot.com.es/2013/10/atxurrako-kobian-aurkikuntzia.html
(15) GOROSABEL, Oier. ARANZABAL, Gotzon. 2011. Mereludi, lurpeko mundurako atia. “Hondarroa” urtekaria 2011:28-40. Ondarroa. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2012/05/mereludiko-karsta-hondarroa-2011.html
(16) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
(17) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/Urgitxi
(18) NOLTE, E. 1968. Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya. Recopiladas por E. Nolte y Aramburu. p.43. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.
(19) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/abitaga
(20) Puigek hau dio zehazki: Adán de Yarza. Diario de campo, 1893. Seguraski argitara gabeko oharrak dira.
(21) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/oibar
(22) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/lami%C3%B1ak
(23) NOLTE, E. 1968. Op. Cit. p.36.
(24) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/gabaro
(25) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Op. Cit.
(26) GARATE, Diego. RIOS-GARAIZAR, Joseba. RUIZ, Aitor. 2013. El arte parietal paleolítico de la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia). Kobie Serie Paleoantropología 32:5-28. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.  http://www.bizkaia.net/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/Kobie32_Capitulo00.pdf
(27) Puigen oharrean “datos ineditos” dio.
(28) BERGANZA, Eduardo. RUIZ IDARRAGA, Rosa. 2002. Un colgante decorado Magdaleniense del yacimiento de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Munibe (Antropologia – Arkeologia) 54:67-77. Donostia. http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/2002067077AA.pdf

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.

2014/08/12

San Adrianen ermitan indusketak (1894) eta hidrogeologia-fikzio saioa.



Leizarrateko tunelaren ikuspegia XX mende hasieran, San Adrian ermitarekin eta bentaren arrastoekin.  CC-BY-SA: Indalecio Ojanguren

1894 urtean, Leizarrateko tunel famatuko benta eta ermita zeharo utziak eta hondatuak aurkitzen ziren. Zegamarrek San Adrian ermita konpontzeko erabakia hartu zuten, eta lanak hastean, zoru azpian aintzinako hilobien arrastoak aurkitu zituzten. Gipuzkoako Monumentuen Komisioaren enkarguz, herriko parrokiaren arduradunak gaur aurkezten dugun txostena idatzi zuen. 
Alfonso Maria Zabala Euskal-Erria aldizkariaren kolaboratzailea izan zen; batez ere literatura arloa landu zuen, gehienetan hizlauz baina baita bertsoetan ere (1). Bistan da beste arloekiko ere interesa eta sentsibilitatea bazuela, txosten hau berari enkargatu izanak erakusten duenez. Ogibidez abadea izan zen, eta pentsakeraz integrista. Gerora Euskal Esnalea elkarteko zuzendaritzan ere izango zen (2).
Txosten honetan material arkeologikoei buruzko datuak ematen dira batez ere: hilobiak, Iruetxea auzoko bidean jasotako hilarria (egun ermitaren atari gainean dagoena) eta erretaula atzean agertutako inskripzioa. Hala ere, Zabalak ezin dio tentaldiari eutsi eta, nahiz eta bere espezialitatea ez izan (horrela aitortzen du berak), gaztetandik interesatu izan zaion gai bati heltzen dio: espeleologia. Horrela, kobaren sabaian erreka-harri borobilak itsatsita egoteari azalpen hidrogeologiko eta sedimentologiko bat ematen saiatzen da. Azalpen hau gaur egun gaindituta badago ere, interesgarria da hona ekartzea; izan ere, espeleologia zientifikoaren hasieran indarrean zeuden teoriak zer nolakoak ziren jakiteko balio digu.

Detaile moduan, aipa dezagun artikuluaren amaieran datozen 1894 aurreko argazkietan, aintzinako bentaren hormak eta leihoak zutik ikus ditzakegula oraindik.


            (1) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Alfonso María Zabala Echeverria.
(2)   Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal Esnalea. http://www.euskomedia.org/aunamendi/43170

2014/08/10

Gesaltzako Lizunaren esplorazioa (Euskal Batzarre elkartea, 1893).



Gesaltzako Lizuna 1956 urtean. Argazkia: Juan San Martin.
Donostiako bidaiari batzuek Oñatira 1893an egindako txangoaren kronika dugu hau; Euskal Batzarre (1) kultur elkarteko hamabi lagun izan ziren, Rogelio Gordón jaunaren ardurapean. Bidaiak hiru egun iraun zituen; benetako abentura, orduko errepideekin! Atera kontuak: Arantzazurako bidearen zenbait puntutan, touristen zalgurdiak idi pare baten laguntza behar izan zuen aldapa igotzeko. Eta behin Arantzazura ailegatuta, badirudi lehenengo lana Aitzgorrira igotzeko gidariak eta porteadoreak aurkitzea izaten zela –Himalayan bezela-.

Artikuluaren lehenengo zatian gure bidaiariek Oñatiko herriko monumentu, jauregi eta elizak deskribatzen dituzte, beharbada herriko historia luzearekin liluratuta (kontuan hartu dezagun, artean, Donostia berri-berria zela, 80 urte lehenagoko sutearen ostean berreraikia). Halere, badirudi pizka bat enpatxatu zirela ere, 89 orrialdeko komentarioak erakusten duenez. Artikuluaren bigarren zatian natura dugu nagusi: Aizkorrira doaz Urbian zehar, eta paisaia zabalek eta haize bizigarriak hartzen dute protagonismoa; azken egunean, gainera, zenbait haitzuloren misterioak esploratzeko aukera dute.

Interes espeleologikoa azken zati honetan dago batez ere. Artikuluan zehar hainbat kobazulo aipatzen dira: Sandaili, Lapurzulo, Katabera (2), Aitzkirri (3), baina Gesaltzara egindako osterak maila berezia hartzen du kronikan.

Kontakizuna Gesaltzako Lizunari buruzko kondairak aipatuz hasten da: handik sugarrak eta aieneak ateratzen direla... sartzen dena ez dela berriro irtetzen... denak bizi-bizirik daudenak inguruko baserritarren artean (haien gidarien artean, alegia). Jaturaben errota dago oraindik, geroko instalakuntza hidroelektrikoen aurrekaria. Euskal Batzarrekoak laster konturatzen dira handik irtetzen den erreka Gesaltzan galtzen den bera izan behar dela, eta hain zuzen ere haien asmoa hori egitea da: leku batetik sartzea eta bestetik irtetzea. Ez dabiltza oker, noski: trabesia posible da (60 urte geroago Aranzadiko kideek egingo dute), baina orduko baliabideekin ezinezkoa zaie putzu bertikal sakonetan behera jarraitzea.

Gesaltzatik sartuta, beraz, sarrerako galeria nagusiaren inguruan ibili ziren. Kobazuloa ezagutzen duenak erraz identifikatuko ditu deskribatutako hainbat leku: Oilatokia, Bihotza eta Politta putzuak... Gainera, badirudi azken sektore hau esploratu zuten lehenengoetarikoak izan zirela: zoruko sedimentuak behintzat zapaldu gabe aurkitu zituzten. Beraz, Euskal Batzarre elkartea har dezakegu Gesaltzako lehen esploratzailetzat; haiek idatzitako hau da, behintzat, ezagutzen den lehenengo kronika.

Ez zen gutxi izan egindakoa, kontuan hartuta argia egiteko kandelak erabili zituztela, eta 25 metrotako kalamu-soka bakarra zutela! Jarraian irakur dezakezue abentura osoa (hemen PDF dokumentura lotura zuzena)

Oharrak:

                (1) Euskal Batzarre kultur elkartea Donostian sortu zen XIX gizaldian, Del Valle Lersundi familiaren etxean egiten zen tertulia baten. Haien aktibitateen berri Euskal-Erria aldizkarian eman ohi zuten, besteak beste.  Ref:
·         ALDARONDO, Ricardo. 2005. Aycart retrata la cultura donostiarra de la primera mitad del siglo XX a través de la segunda época (1899-1944) de la Real Sociedad Bascongada (RSBAP). El Diario Vasco, 2005-IV-3. http://ttiki.com/76115
·         Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal-Erria.  
    
                 (2) Kataberako parajea Aloña inguruko karst gune garrantzitsuena da. Bertan, 1872tik 1935ra arte, Real Compañía Asturiana de Minas enpresak blenda, galena eta kalamina meatzeak ustiatu zituen. 1957an, Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologo oñatiarrek 220 metrotako leizea aurkitu zuten han. Ref:
·         Hiru.com. Ondare kulturala. Kataberako meatzea. http://ttiki.com/76314
·         Aloña Mendi Espeleologia Taldea. Lan eremua.
·         Aranzadi Z.E. Memoria 1957. Munibe 9(4):277. Donostia.
 
                 (3) Artikuluan, Euskal Batzarreko kideak koba honen egoerarengatik kexu agertzen dira. Izan ere, Aitzkirri oso famatua bihurtu zen 1871ean, Espainiako lehenengo Ursus spelaeus aztarnak bertan aurkitu zirenean. Hori dela eta, espoliatzaileek eta kontrolik gabeko indusketek asko hondatu zuten. Ref:
·         Vilanova y Piera J. Lo prehistórico en España. Anales de la Soc. Esp. Hist. Nat. Tomo primero, p.197-198, 1872. http://ttiki.com/76316
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats