.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2014/10/16

Gonzalo Reparaz Aitzbitarten.

Gonzalo Reparaz Rodríguez-Báez (1860-1939). Argazkia: Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo-Americana.

Gonzalo de Reparaz y Rodríguez-Báez kazetaria, geografoa eta diplomatikoa izan zen, besteak beste. Bizitzan ibilbide oso luze eta interesgarria izan zuen, zertzelada nagusiak hauek izan zirelarik: (1, 2, 3, 4)     
  • Portugalen jaio zen 1860an, jatorri euskalduneko familian: haren aita, Antonio Reparaz Cruz, Oportoko Operako Orkestra zuzendaria izan zen. Bertan egin zituen ikasketak, eta hantxe hasi zen kazetaritzaz eta geografiaz interesa erakusten, batez ere Afrika eta Ameriketara begira. Anarkismoarekin lehen kontaktua ere hemen izan zuen, Elisee Reclus geografoaren lanen bitartez hain zuzen ere.
  • 1881ean Madrilera mugitu zen, nahiz eta estatuko leku desberdinetan ere ibili izan zen, batez ere kazetari beharretan: Donostian, esate baterako, La Union Liberal egunkaria zuzendu zuen 1889-90 artean. Sasoi honetan bere jarrera afrikanista eta regenerazionista indartu zen, eta Afrikako kolonien garapena aldarrikatzen zuen, metropoliaren ustialeku hutsak baino gehiago izan behar zirela defendatuz.
  • 1900 urtean Parisera pasatu zen Carmen Ruiz emaztearekin batera, hango Espainiako Enbaxadorearen aholkulari gisa lanean hasteko. Sasoi honetan Donostian denboraldi luzeak egin zituen, eta ordukoak dira bere Aitzbitarteko esplorazio espeleologikoak.
  • 1908an senar-emazteak Tangerrera mugitu ziren haien seme Gonzalorekin, Espainiako Gobernuak Reparaz bertako Komisionatua izendatu baitzuten. Sasoi honetan Marokoren azterketa geografiko eta historiko sakona egin zuen, baita ustiaketa agrikola handiak abiatu ere emaztearen laguntzaz. Era berean, Administrazioaren ustelkeria eta inkonpetentzia salatu zituen bertako garapenaren oztopo modura, Ejerzitoaren eta Erregearen haserrea eraginez.
  • Hau dela eta, 1911an bere kargutik egotzi zuten. Gainera ABC egunkarian protesta artikulu bat idatzi zuen, eta honek ondorio larriak ekarri zizkion: heriotzera kondenatu zuten, edo bestela Marokotik desterrura, bere ondasun guztiak bahituta.
  • 1913an, egoera ekonomiko txarrean, Ameriketara abiatu ziren: hurrengo urteak Brasil eta Argentina artean emango zituzten Marokorekin garraio enpresak sustatu nahian, baina ez zuten lortu eta gainera iruzurren biktima izan ziren. 1914an Sâo Paulon zeuden, Gonzalo irakasle modura lanean eta Carmen ospitale bateko administrazioan. Iº Mundu Gerran Reparaz alemanen alde irten zuen eta honek arazoak ekarri zizkion, Brasilen kontrako jarrera baitzen nagusi; hau dela eta Argentinara mugitu ziren. Han alemanen aldeko kazetagintzan sutsuki aritu zen. Baina hauek 1918an gerra galtzearekin batera, estuasun ekonomikoak larritu zitzaizkien.
  • 1919an Suitzara joan ziren, jesuiten babespean. Handik Espainiako kazetekin eta erakundeekin harremanetan hasi zen, eta 1921an Bartzelonara joan ziren. Annualeko Desastrearen ostean Monarkia laster erortzeko esperantza zuten, baina ez zen horrela gertatu. Sasoi horretan Reparaz kazetari bezela aritu zen batez ere.
    Argazkia: Demetrio Larrañaga Arana.
  • Primo de Riveraren diktaduran (1923-1930) Reparazek oposizio antimonarkiko oso aktiboa egin zuen, batez ere idazle modura. Errejimenari egindako kritika geografia ikuspegitik egin zuen batez ere, Reclus eta Kropotkin anarkisten teorien bidetik.
  • 1931ko Errepublikarekin bizitza politikoan sartu zen, hasieran eskubiko errepublikarrekin bat eginez. 1933an Gobernuko kargu baterako izendatu zuten, Ipar Afrikako arazoetan aditu bezela. Madrilera mugitu zen orduan. Urte hauetan Madrileko Ateneo Científico, Literario y Artístico-rekin harremana estutu zen, batez ere Islamari eta Koloniei buruzko arloak landuz. Halere, Gobernuak ez zituen bere proposamenak entzungo, besteak beste Ejerzitoa Marokotik ateratzearena (Reparazek, profetikoki, hango ustelkeriak Espainiari kalte baino ez ziola egingo iragarri zuen).
  • 1936ko estatu kolpearekin batera, Reparaz Ruiz familiaren bizimodua hankaz gora geratu zen: Gonzalok ohizko kazeta kolaborazioak galdu zituen, gaisorik zuen emaztea ezin zainduta. 76 urte zituelarik, Madrilgo anarkisten babesa lortu zuen eta CNT aldizkarian lanean hasi zen; 1937an Bartzelonara mugitu ziren, eta han ere Solidaridad Obrera kazeta libertarioan kolaboratzen jarraitu zuen. Haren azken alea erbesterako bidean prestatuko zuen eta handik gutxira hilko zen, Mexicora ailegatu berri.
  • Errepublikako Gobernuarekin izandako harremana gorabeheratsua izan zen. Horren adierazgarri dira 1937an kartzelaratu zutela (estalinismoa salatzeagatik), eta 1938an, berriz, ordezkari gisa bidali zutela Amsterdameko Geografia Kongresura.

Esandako moduan, Parisen lan diplomatikoetan ari zela, Gonzalo Reparazek denboraldi luzeak egin zituen Donostian. Haietako baten Aitzbitarteko kobak (Errenteria) esploratzeko aukera izan zuen Pedro Manuel Soraluze lagunarekin batera, eta gaur aurkezten dugun kronika espeleologiko hau argitaratu zuen Euskal-Erria aldizkarian.

Landarbaso mendiko Aitzbitarteko haitzuloak lehendik ere ezagunak ziren: 1785an Errenteriako Udalak Madrileko Historiako Erret Akademiari haien berri emana zion, eta txosten hori dugu haiei buruzko deskribapen zaharrena. (5) 1892an, berriz, Modesto del Valle Iznagak indusketak egin zituen, baina prozedura ez zen egokiena izan eta materialetako asko galdu ziren (tartean Reparazek artikuluan aipatutakoak, Euskal-Batzarre (6) elkartean zeudenak).
Pedro Manuel Soraluze. Argazkia: Euskomedia.

Honen ostean, Pedro Manuel Soraluzeren (7) txanda etorri zen. 1896 eta 1901 artean hainbat calicata txiki egin zituen aztarnategian. 1902an, Donostiako Udal Museo sortu berriaren (gaur eguneko San Telmo) arduradun izendatua izan zen. Orduan, Gonzalo Reparaz lagunarekin batera, Aitzbitarteko haitzuloak hobeto esploratzea erabaki zuen.

Artikuluan irakur dezakegunez, abuztuko lehenengo espedizioak ustegabeko hasiera izan zuen, Soraluze eta Reparaz mendian galdu egin baitziren. Zorionez, Igara jaunak aurkitu zituen (Añarbeko uren zaindariak) eta hirurok batera ailegatu ziren haitzuloetara. Reparazek Aitzbitarteko parajearen kokapen geografiko eta geologikoa egiten du testuan, horren ostean bi koba handienei egindako bisiten berri emanaz. Lehenengo egun honetan sarrerako gela handietan ibili ziren batez ere; goiko koban pizka bat gehiago barneratu ziren, baina galeriaren solairuko arrakala handi bat pasatu ezinda atzera egin zuten, hurrengoan baliabide gehiagorekin itzultzeko asmoz.

Handik bueltan, esploratzaileak Emilio Rotondo Nicolau  jaunarekin bildu ziren, eta Aitzbitarteko aztarnategiaren  azterketa jarraitzea adostu zuten. Ez hori bakarrik: Reparazek 26 haitzulotako zerrenda bat egina zuen, eta haien esplorazio planifikatu bat egiteko proposamena zekarren. Esplorazio espeleologiko (sic) hau abiatzeak, ordea, haien ahalmenak gainditzen zituen; hori zela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Errenteriako Udalari laguntza eskatzea pentsatu zuen. Erantzuna baiezkoa izan zen, eta haien esku peoiak, tresnak eta zamariak jarri zituzten.

Horrela, 1892ko irailerako bigarren espedizioa prestatu zuten: hiru espeleologo (Rotondo, Soraluze eta Reparaz), lau peoi eta “satelite” bi (Menen erudito orientalista eta Ortiz de Urbina margolaria). Denbora gehiena indusketa arkeologikoetan eman bazuten ere, goiko koba hobeto esploratu zuten oholezko zubi bat ipiniaz.

Bisita hauen ostean, Reparaz eta bere lagunak Aitzbitarteko haitzuloen potentzial handiaz jabetu ziren. Batez ere Pedro Manuel Soraluzeren ekimenez, inguruko arkeologo eta paleontologoekin harremanak abiatu zituzten. Horrela, denborarekin Europako espezialista garrantzitsuenak etorri ziren Aitzbitartera (9), gaur arte etenik izan ez duen den ikerketa lerroari hasiera emanaz. (10)

Txostenaren azken zatian ondorioak aipatzen dira: aztarna paleontologiko, antropologiko eta industria higikorraren aipu orokorrak eta haiei buruzko juzkuak (asko gaindituak gaur egun). Gero, Reparaz lurpeko ikerketek Espainian duten ospe txarrari buruz kexu da, Gipuzkoaren salbuespenarekin: hemen berriro aipatzen du esplorazio espeleologikoa modu antolatuan egiteko proiektua, (11) Euskal Herrian mota horretako lehenengo egitasmoa seguraski.

Txostena glamourrarekin amaitze aldera, Borboitarren afizio espeleologikoaren beste adibide bat aipatzen digu: (12) San Telmoko museora bisitan, Espainiako Alfonso XIII-ak Aitzbitarteko kobak ezagutzeko interesa erakutsi zuen. Itxuraz Reparazek ez zuen arazorik nahi, eta badirudi errege gazteari (16 urte) ideia burutik kentzea lortu zuela, goiko kobara igotzeko erlaitz arriskutsuaren aitzakian. 1903ko abuztuan bisitatuko zituen azkenean; (13) erret-deskalabrorik ez gertatzeko neurri apropos guztiekin seguraski. Egoera xelebrea inondik ere, kontuan hartzen badugu urte batzu geroago Reparazek eta Alfonso XIII-ak izango zituzten desadostasun politiko gogorrak.

  (1) SORIANO JIMENEZ, Ignacio C. 1999. El archivo de Gonzalo de Reparaz. Doc.Anàl.Geogr.34:211-27. http://ddd.uab.cat/pub/dag/02121573n34/02121573n34p211.pdf
  (2) ANTA UGARTE, Javier. 2006. Gonzalo de Reparaz (1860-1939): Del africanismo regeneracionista al iberismo revolucionario. Universitat de Barcelona. http://www.ub.edu/dphc/antaugarte.htm
  (3) GUTIERREZ ALVAREZ, Pepe. 2006. Reparaz, Gonzalo de Reparaz, librepensador africanista. Kaos en la Red. http://old.kaosenlared.net/noticia/reparaz-gonzalo-reparaz-librepensador-africanista
  (4) Auñamendi Entziklopedia. Gonzalo de Reparaz Ruiz (izena semearenarekin nahastua dago) http://www.euskomedia.org/aunamendi/125586
  (5) GAMON, Miguel Manuel. GAMON, Juan Ignacio. 1785. Las cuevas de Aitzbitarte en Rentería. Año 1785. Informe enviado á la Real Academia de la Historia por conducto de la Diputación Foral de Guipúzcoa. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:537-539. Donostia 1892. Hemen irakur dezakezue gure iruzkinekin: http://saguzarrak.blogspot.com.es/2014/02/aitzbitarte-1785ko-deskribapena.html
  (6) Euskal Batzarre kultur elkartea Donostian sortu zen XIX gizaldian, Del Valle Lersundi familiaren etxean egiten zen tertulia batean. Haien aktibitateen berri Euskal-Erria aldizkarian eman ohi zuten, besteak beste.  Ref: ALDARONDO, Ricardo. 2005. Aycart retrata la cultura donostiarra de la primera mitad del siglo XX a través de la segunda época (1899-1944) de la Real Sociedad Bascongada (RSBAP). El Diario Vasco, 2005-IV-3. http://ttiki.com/76115
  (7) Ramon Soraluzeren anaia. Aurreko baten honi buruzko zenbait datu biografiko eman genituen hemen http://eibar.org/blogak/orakulua/gipuzkoako-ijitoak-1899an
  (8) Donostian etxea zuen paleontologo madrildarra. LARGO, Gontzal. 2007. La ermita románica del señor Rotondo. El Diario Vasco. 2007-XII-30. http://www.diariovasco.com/20071230/san-sebastian/ermita-romanica-senor-rotondo-20071230.html
  (9) Reparazen txosten hau eta Aitzbitarteko ikerketak testuinguruan kokatzeko, erreferentziazkoa da Jose Miguel Barandiaranek 1961ean egindako bilana. Indusketen datu gehienak bertatik atera ditugu: BARANDIARAN, José Miguel. 1961. Excavaciones en Aitzbitarte IV. Trabajos de 1960. Munibe 13(3-4):183-285. Donostia. http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/1961183285.pdf
  (10) Arkeobasque. 2013. Nueva cueva con arte rupestre paleolítico en Gipuzkoa: Aitzbitarte IV. http://tinyurl.com/Arkeobasque2013Aitzbitarte
  (11) Asmo hutsean geratu zen halere; Gipuzkoako esplorazio sistematikoa ez baitzen 1945 arte efektiboki hasi, Jesus Elosegiren ekimenez. Ref: SC Aranzadi. 1949. Catálogo espeleológico de Guipúzcoa. Munibe 1(1):20. Donostia. http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/1949019021.pdf
  (12) Alfonso XIII-aren amona Isabel II-aren kobazaletasunari buruz hemen aritu ginen: http://saguzarrak.blogspot.com.es/2013/12/galarra-arrasate-1884ko-kronika-bat.html
  (13) BARANDIARAN 1961 op. cit.

PDF-ari lotura zuzena hemen.

    

2014/10/05

Radiografía del espeleosocorro


Miembros del Espeleosocorro Vasco y Cántabro antes de emprender viaje a Perú.


Una vez que lo más importante (extraer al herido) ya está resuelto, y decenas de espeleosocorristas están volviendo a casa sin ayuda alguna del Gobierno, el mundo permanece asombrado ante el despliegue de los voluntarios que han rescatado al madrileño Cecilio LópezTercero, accidentado mientras trabajaba en la cueva Inti Machay en Perú.

Al no existir actualmente estructuras de espeleosocorro en el país andino, fue necesaria la solicitud de ayuda internacional para acometer la operación. Coordinados por la Federación Madrileña de Espeleología, acudieron a las sucesivas convocatorias cuatro grupos de espeleosocorristas voluntarios hasta completar el número de efectivos necesario. Hay que decir que había otros tantos en estado de prealerta, listos para ser movilizados si hubiera sido preciso.

Dadas las especiales características del medio subterráneo, un rescate en el mismo requiere de una alta especialización, de forma que únicamente espeleólogos previamente experimentados, y posteriormente entrenados para el salvamento, son capaces de extraer a un herido. Existen unidades profesionales de salvamento (Ejército, Bomberos, Policía...) que cuentan con espeleosocorristas en sus filas, pero su número de efectivos únicamente les permite resolver sin ayuda los accidentes que se produzcan cerca de la entrada de una cueva. Extraer a un herido desde ubicaciones más profundas (como era el caso de Cecilio López) requiere de mucha más gente, dado que es corriente que duren varios días de trabajo ininterrumpido a relevos. Por ello, en tales ocasiones es imprescindible recurrir a espeleólogos voluntarios bregados en el rescate.

Y todo ello a cambio de prácticamente “nada”: poder contar con la ayuda del resto en caso de accidente.

Sirva este escrito de homenaje a estos rescatadores antes de que cuelguen sus buzos embarrados y desaparezcan de las portadas para retornar a su vida diaria camuflados como médicos, albañiles, abogados, electricistas, sacerdotes, agricultores...

2014/09/14

Galarrako koba, 1899ko kronika.

Aurreko baten, Leon Kapelastegik 1884an Galarrako kobara egindako bisitaren kronika ekarri genuen hona. Oraingoan, 15 urte geroago egindako beste erreportai hau aurkezten dizuegu.  Ramon Soraluzek sinatzen du 1899ko urtarrileko fetxarekin, 1898ko abenduan egindako txangoa kontatuz.

Leku bera izan arren, bizipenak zeharo desberdinak dira: horra haitzuloen mila alderdi eta ñabarduren adibide argia. Esploratzaileek gauza desberdinak aurkitzen bait dituzte bakoitzaren sentsibilitatearen eta prestakuntzaren arabera; horregatik, espeleologian haitzulo bat ez da sekula guztiz esploratutzat ematen.

Galarrari buruzko hainbat azalpen eman genituen 1884ko artikuloaren iruzkinetan, eta haiek irakurtzeko bertara jo dezakezue. (1)  Han esandakoei gauza bat gehituko diegu bakarrik: Besaide eta AMET Espeleologia Taldeek KARAITZA-n (Euskal Espeleologoen Elkargoaren aldizkarian) argitaratu duten artikuloaren erreferentzia. Bertan azken aurkikuntzak azaltzen dituzte datu berri ugari emanaz, espeleologia zein arkeologia arloetan. (2)


Karaitza 21ko artikuloaren zati bat.
1899ko artikulu honetara itzuliz, Soraluzek eta bere lagunek nolabaiteko ezagutza geologikoa erakusten dute Galarraren egiturari buruzko azalpenak ematean. 16garren pajinan egindako komentarioak, adibidez, orduko geomorfologia teorien berri ematen digu (haitzuloak lau fasetan sortzen zirela, estalaktitak arima gogor baten inguruan sortzen zirela...) gaur egun gaindituak daudenak. Klimatikari buruzko oharrak ere badaude. Dirudienez, orduko ustea zen koben tenperatura urtaroarekin aldatzen zela. Hori dela eta, kobetara neguan sartzea gomendatzen zen, “barrua beroago zegoenean” (haize korrontearen kondairak ere izango zuen eraginik). (3) Artikulu honetan haitzuloen tenperatura beti berdina dela azaltzen da.

Hortik aurrera, koba barruko txangoan zehar izandako bizipenak aipatzen ditu, batez ere galerien eta espeleotemen forma berezien deskribapenak (Galarra ezagutzen dutenek ezagutzeko modukoak). Jendeak egindako triskantzak ere aipatzen ditu. Argazkiak ere atera zituzten magnesioaren argitara; benetan polita litzateke plaka hoiek aurkitzea...

(1) CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia. Eta gure iruzkinekin, hemen http://saguzarrak.blogspot.com.es/2013/12/galarra-arrasate-1884ko-kronika-bat.html

(2) ARRIOLABENGOA, M. ERAÑA, C. EXPOSITO, JM. ZABALETA, P. UGARTE, S. DORADO, J. ORMAETXEA, I. OLALDE, A. PEREDA, L. AZKOAGA, X. RICHARD, L. UGARTE, I. ABARRATEGI, B. BARRENETXEA, M. LOPEZ, R. ETXAGIBEL, A. EZKIBEL, I. ERAÑA, R. ESPERASATE, J. BEREZIBAR, A. El coto minero de Arrasate. Cueva de Galarra o Cueva de San Valerio. Karaitza 21:10-21. Oñati. http://tinyurl.com/Karaitza21

(3) GOROSABEL, Oier. 2013. Izerdia eta haize korrontearen siniskera. Gara, 2013-I-4. http://fisiolantaldea.blogspot.com.es/2013/01/haize-korrontearen-eta-izerdiaren.html 

PDF-ari lotura zuzena hemen.

2014/09/07

Duela 100.000.000 urteko Bizkaia

Ramon Adan de Yarza (1848-1917)
Artikulu honek Bizkaiko egitura geologikoa aurkezten digu. Makina bat bidar entzun izan dugu gure lurraldea ur azpian egon zela aintzinan; naturzaleok behin eta berriro baieztatzen dugu hori, mendietako fosil itsastarrak ikusita. Bada, testu honekin orain dela 100.000.000 urteko kataklismoen arora bidaiatuko dugu hori ulertzeko, luxuzko gidari baten eskutik.

Ramon Adan de Yarzari Natur Zientzietako interesa familiatik zetorkion; Meatze Injeniari ikasketak egin zituen Madrilen, eta horixe izan zen bere lanbide nagusia. Halere, afizioz, ikerkuntza geologikoan ere aritu zen probetxu handiarekin: gaurko aditu askoren esanetan, Adan de Yarza dugu euskal geologorik garrantzitsuena. (1) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen azterketa geologikoak berak egindakoak dira. Nazioarteko mailan ere, petrografo nagusienetakoa izan zen eta arlo honetako bere ikerketek, besteak beste, nekazaritza lurren aprobetxamendu hobea ahalbidetu zuten Gipuzkoan. (2)

XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza haitzuloen esplorazioan ere jardun zuen, batez ere Lea-Artibai inguruan (Bilbon jaioa bazen ere, familia Lekeitiokoa zuen). Hain zuzen ere, bera izan zen Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aintzindaria Perea y Zuricalday, Mazarredo eta Uhagon bezelako lagunekin batera. Hala ere, urte asko pasatu beharko ziren talde txiki honek hasitako bideari inork segida eman arte; kontuan hartu dezagun, artean, haitzuloen esplorazioa (baita kirola ere, eta Natur Zientziak oro har) klase altuei mugatutako eremua baino ez zela. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zen klase ertainaren indartzea eta, horrekin batera, espeleologiaren loraldia.

Artikulu honetan, beraz, Ramon Adan de Yarzak bere lan ospetsuenaren (3) ildo nagusiak laburbiltzen ditu Euskal-Erria aldizkarirako (hau da, geologian aditua ez den irakurleendako). Oso didaktikoa da, Aro Geologikoen izen arraroak ezagutzen hasteko adibidez. (4) Hain zuzen ere, horixe izan zen autorearen beste ezaugarri garrantzitsu bat: bere ikerketa sakonen emaitzak “kaleko” hizkeran dibulgatzeko zuen dohai aparta. Orain irakurriko duzuen testua da horren froga.

*******

 (1) ASTIBIA, Humberto. MURELAGA, Xabier. NUÑEZ-BETELU, Koldo. Ramón Adán de Yarza. Elhuyar aldizkaria 1996/06/01. http://zientzia.net/artikuluak/ramon-adan-de-yarza/
 (2) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ramón Adán de Yarza y de La Torre Lequerica. http://www.euskomedia.org/aunamendi/6473
 (3) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
 (4) Gaur eguneko denominazioa pixka bat aldatu da. Hemen kontsulta dezakezue: http://eu.wikipedia.org/wiki/Kretazeoa

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.

2014/08/29

Bizkaiko kobak 1897an, Lea-Artibai-Urdaibaikoei aipu berezia eginaz

Gabriel Puig y Larraz (1851-1917) meatze injeniari madrildarrak  “Cavernas y simas de España” idazlana argitaratu zuen 1896an. (1)  Bertan estatu osoko haitzuloen bilduma egiten saiatu zen, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Gaur aurkezten dugun testua lan horretatik hartua da, jatorria aipatzen ez bada ere: Bizkaiari dagokion atalaren kopia ia literala da.

Koben deskribapenen jatorria anitza da; esandako moduan Puigena bilduma bat da, eta bistan da haitzulo gehienak ez zituela berak bisitatu. “Cavernas y simas...” orijinalera jota, artikulu honetako erreferentzia asko bibliografiatik aterata daudela ikus dezakegu; beste batzutan, berriz, informazioa esploratzaileek zuzenean emandakoa da. Haien izenak ikusita, XIX gizaldi amaieran Bizkaian espeleologian aritzen zen lagun talde txikia irudikatu dezakegu: Ladislao Perea y Zuricalday eta Ramon Adan de Yarza geologoak, Serafin Uhagon eta Carlos Mazarredo bioespeleologoak... seguraski ez ziren askoz ere gehiago izango.

Aipu asko erreferentzia hutsak dira, barrutik ongi esploratu gabeko haitzuloenak alegia; leize guztietan, esate baterako “muy profundas”, “dimensiones desconocidas” eta horrelako adjektiboekin amaitzen da deskribapena, halabeharrez. Izan ere, sasoiko espeleologo gehienek ez zuten oraindik putzu sakonak jeisteko modurik edo, hobeto esanda, behin jeitsita handik ateratzeko; Euskal Herrian, teknika honek bost urte eskas zituen, Edouard A. Martelek Zuberoan estrainekotz erabili zuenetik. (2)

ADES Espeleologia Taldearen esplorazio eremua


Gure ardura Urdaibai eta Lea-Artibaiko esplorazio eremua izanda, zerrenda honetako hainbat datu osatu eta zehazteko moduan gaude; goazen, bada, “gure” kobei buruzko aipuak banan-banan komentatzera. Esan behar da kasu batzutan gaitza egin zaigula zein kobari buruz ari den jakitzea: 117 urte eta gero, karsta askoz hobeto ezagutzen badugu ere, toponimoetako batzu zabalegiak dira eta orduko lekukoei jada ezin diegu argibiderik eskatu:

Urdaibai


Eskualde honetan, badirudi Puigek ez zuela informatzaile zuzenik izan. Horrela, datu gehienak liburuetatik hartuak daude:

•    Cueva Axola: Madozi hartutako datua. (3)  Artikuluan Kortezubin kokatzen bada ere, gure ustez Elesuko kobari buruz ari da (Ereño). (4) Deskribapena begiratuta hala ematen du, eta Axola izeneko parajetik hurbil dago.
•    Cuevas de Ereñozar: datua Delmasi hartutakoa da. (5) Itxura guztien arabera, Santimamiñe eta Sagastigorri dira. (6) Urteetan, haitzulo hauek estalaktita eta estalagmita “kantera” gisa erabili izan ziren, Urdaibaiko jauregi eta txaletetan apaingarri gisa saltzeko (hain zuzen ere, 1916an pinturak aurkitu zituzten gazteek lan horretan ziharduten).
•    Cuevas de Ereño: Colletten txostenetik hartutako datua. (7)  Gure ustez Ereñoko Arizti eta Aldekoerrota kobei buruz dihardu, herrian aspalditik oso ezagunak. (8) 
•    Ondaro: Madozi eta Pradori (9) hartutako datua. Hemen zalantzarik ez dago, Puigek jasotakoa gaur eguneko toponimiarekin bat dator-eta. Hori bai, aipatu dezagun (misterioa pizka bat zapuztuz) guk bai esploratu dugula barruraino: 420 metro ditu. (10)
•    Cuevas de Artenechea: “gure” Aurtenetxeako koba eta leizea izango direla uste dugu. (11) Datu soltea da, eta Puigek ez du jatorririk aipatzen.
•    Cuevas de Navarniz: iturri desberdinak aipatzen ditu (Diccionario Geográfico Histórico, Madoz, Iturriza, Trueba, Vilanova y Rada). Gure ustez Zazpilezetako  (12) koba eta leizea dira, baita Goikoatxe (13) ere. Beharbada Ondaroren erreferenziaren reiterazioa ere izan daiteke (badakigu armak aurkitu zirela bertan).

Lea-Artibai


Eskualde honetan, berriz, datu gehienak Ramon Adan de Yarzak emanak dira. Izan ere, familia Lekeitiokoa izanik sarri egoten zen bertan, ikerketa espeleologikoan arituz:

•    Cueva de las Errecas: Adan de Yarzak bere koinatu Jose Maria Solanorekin esploratua. (14) Gaur egunean Atxurra bezala ezagutzen dugun haitzuloa da. (15)
•    Cueva de Urguichi: hau ere Adan de Yarzak emandako datua da. (16) Urgitxiko kobaren erreferentzia hau ere argia da, udalerriaren errorea kenduta (berez Gizaburuagan dago). Gaur egun haitzuloaren sarrera urpean dago, presa batek estalita. (17)
•    Cuevas del Lea: datua Madozena da eta Gizaburuagan kokatzen ditu, baina hau urterik urte transmititu den errorea dirudi ( GEV-eko kideak ere koba hauen bila aritu ziren 1963an, eta ez zituzten aurkitu). (18) Gure ustez Abitaga baserriaren eta Trakamalleko parajearen inguruan dauden haitzulo natural eta artifizialei buruzko erreferentzia orokorra izan daiteke (Amorotoko lurretan). (19)
•    Cueva de las Lamiñas: erreferentzia Adan de Yarzarena da. (20) Gizaburuagan dagoela ontzat ematera, Oibarko Lamiñaziloa (21) dela pentsa dezakegu; ostera, aurreko koban bezala udalerria erratua badago, Amorotoko Lamiñen Koba (22) ere izan daiteke (nahiz eta ezin den esan ez batak ez besteak “entrada sumamente estrecha” dutenik).
•    Cueva de Igoz: datua Madozengandik hartua da. Gure ustez, Igotz baserriaren inguruan dauden Kobaue (23) zein Gabaro (24) izan daitezke, Markina-Xemeinen.
•    Cuevas del monte Calvario: Adan de Yarzaren datua. (25) Jakina, Lumentxa mendiko Garratxako kobari buruz ari da (Lekeitio).(26)
•    Cuevas de Santa Catalina: datu hau ere Adan de Yarzak emana da. (27) Antzoriz lurmuturrean dauden kobak dira,  Santa Katalina ermitaren azpikaldeko itsaslabarretan (Lekeitio). (28)


Hauxe da, bada, ADES taldean esateko duguna. Bizkaiko beste taldeetako lagunek “haien” eremuetako erreferentziak komentatzeko gogorik balute... aurrera!

Jarraian irakur dezakezue Euskal-Erria aldizkariko artikulua (gogoratu Puigen beste idazlan honen laburpena dela: http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922 ).


********

(1) PUIG Y LARRAZ, G. 1896. Cavernas y simas de España. Descripciones recogidas, coordinadas y anotadas por Gabriel Puig y Larraz. Boletín de la Comisión del Mapa Geológico de España. XX. Tomo I. Segunda serie (1894). Madrid. http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922
(2) ARSIP. 2012. L’histoire des explorations depuis le début du XXème siècle. http://s391384129.onlinehome.fr/arsip/index.php/histoire/25-historique-1892-2000
(3) MADOZ, Pascual. 1850. Diccionario Geográfico-Estadístico-Histórico de España y sus posesiones de ultramar. (16 tomo, 1845 eta 1850 artean argitaratuak). Estab. de P. Madoz y L. Sagasti. Madrid.
(4) ADES. 2010. Leizeen eta koben katalogoa. Urdaibai. Catálogo de cuevas y simas. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz. p.344.
(5) DELMAS, JE. 1864. Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(6) ADES. 2010. Op. Cit. p.395,397-398.
(7) COLLETTE, C.1848. Reconocimiento geológico del Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(8) ADES. 2010. Op. Cit. p.288, 310.
(9) PRADO, Casiano. 1864. Descripción física y geológica de la Provincia de Madrid. Apéndice B. Noticia sobre las cavernas y simas principales de España. Madrid.
(10) ADES. 2010. Op. Cit. p.391-393.
(11) Ibid. p.330-331.
(12) ibid. p.401-407.
(13) ibid. p.291-292.
(14) ANONIMOA. La gruta de Achurra o de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 268. Donostia. http://actualid-ades.blogspot.com.es/2013/10/atxurrako-kobian-aurkikuntzia.html
(15) GOROSABEL, Oier. ARANZABAL, Gotzon. 2011. Mereludi, lurpeko mundurako atia. “Hondarroa” urtekaria 2011:28-40. Ondarroa. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2012/05/mereludiko-karsta-hondarroa-2011.html
(16) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
(17) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/Urgitxi
(18) NOLTE, E. 1968. Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya. Recopiladas por E. Nolte y Aramburu. p.43. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.
(19) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/abitaga
(20) Puigek hau dio zehazki: Adán de Yarza. Diario de campo, 1893. Seguraski argitara gabeko oharrak dira.
(21) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/oibar
(22) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/lami%C3%B1ak
(23) NOLTE, E. 1968. Op. Cit. p.36.
(24) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/gabaro
(25) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Op. Cit.
(26) GARATE, Diego. RIOS-GARAIZAR, Joseba. RUIZ, Aitor. 2013. El arte parietal paleolítico de la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia). Kobie Serie Paleoantropología 32:5-28. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.  http://www.bizkaia.net/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/Kobie32_Capitulo00.pdf
(27) Puigen oharrean “datos ineditos” dio.
(28) BERGANZA, Eduardo. RUIZ IDARRAGA, Rosa. 2002. Un colgante decorado Magdaleniense del yacimiento de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Munibe (Antropologia – Arkeologia) 54:67-77. Donostia. http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/2002067077AA.pdf

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.

2014/08/12

San Adrianen ermitan indusketak (1894) eta hidrogeologia-fikzio saioa.



Leizarrateko tunelaren ikuspegia XX mende hasieran, San Adrian ermitarekin eta bentaren arrastoekin.  CC-BY-SA: Indalecio Ojanguren

1894 urtean, Leizarrateko tunel famatuko benta eta ermita zeharo utziak eta hondatuak aurkitzen ziren. Zegamarrek San Adrian ermita konpontzeko erabakia hartu zuten, eta lanak hastean, zoru azpian aintzinako hilobien arrastoak aurkitu zituzten. Gipuzkoako Monumentuen Komisioaren enkarguz, herriko parrokiaren arduradunak gaur aurkezten dugun txostena idatzi zuen. 
Alfonso Maria Zabala Euskal-Erria aldizkariaren kolaboratzailea izan zen; batez ere literatura arloa landu zuen, gehienetan hizlauz baina baita bertsoetan ere (1). Bistan da beste arloekiko ere interesa eta sentsibilitatea bazuela, txosten hau berari enkargatu izanak erakusten duenez. Ogibidez abadea izan zen, eta pentsakeraz integrista. Gerora Euskal Esnalea elkarteko zuzendaritzan ere izango zen (2).
Txosten honetan material arkeologikoei buruzko datuak ematen dira batez ere: hilobiak, Iruetxea auzoko bidean jasotako hilarria (egun ermitaren atari gainean dagoena) eta erretaula atzean agertutako inskripzioa. Hala ere, Zabalak ezin dio tentaldiari eutsi eta, nahiz eta bere espezialitatea ez izan (horrela aitortzen du berak), gaztetandik interesatu izan zaion gai bati heltzen dio: espeleologia. Horrela, kobaren sabaian erreka-harri borobilak itsatsita egoteari azalpen hidrogeologiko eta sedimentologiko bat ematen saiatzen da. Azalpen hau gaur egun gaindituta badago ere, interesgarria da hona ekartzea; izan ere, espeleologia zientifikoaren hasieran indarrean zeuden teoriak zer nolakoak ziren jakiteko balio digu.

Detaile moduan, aipa dezagun artikuluaren amaieran datozen 1894 aurreko argazkietan, aintzinako bentaren hormak eta leihoak zutik ikus ditzakegula oraindik.


            (1) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Alfonso María Zabala Echeverria.
(2)   Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal Esnalea. http://www.euskomedia.org/aunamendi/43170

2014/08/10

Gesaltzako Lizunaren esplorazioa (Euskal Batzarre elkartea, 1893).



Gesaltzako Lizuna 1956 urtean. Argazkia: Juan San Martin.
Donostiako bidaiari batzuek Oñatira 1893an egindako txangoaren kronika dugu hau; Euskal Batzarre (1) kultur elkarteko hamabi lagun izan ziren, Rogelio Gordón jaunaren ardurapean. Bidaiak hiru egun iraun zituen; benetako abentura, orduko errepideekin! Atera kontuak: Arantzazurako bidearen zenbait puntutan, touristen zalgurdiak idi pare baten laguntza behar izan zuen aldapa igotzeko. Eta behin Arantzazura ailegatuta, badirudi lehenengo lana Aitzgorrira igotzeko gidariak eta porteadoreak aurkitzea izaten zela –Himalayan bezela-.

Artikuluaren lehenengo zatian gure bidaiariek Oñatiko herriko monumentu, jauregi eta elizak deskribatzen dituzte, beharbada herriko historia luzearekin liluratuta (kontuan hartu dezagun, artean, Donostia berri-berria zela, 80 urte lehenagoko sutearen ostean berreraikia). Halere, badirudi pizka bat enpatxatu zirela ere, 89 orrialdeko komentarioak erakusten duenez. Artikuluaren bigarren zatian natura dugu nagusi: Aizkorrira doaz Urbian zehar, eta paisaia zabalek eta haize bizigarriak hartzen dute protagonismoa; azken egunean, gainera, zenbait haitzuloren misterioak esploratzeko aukera dute.

Interes espeleologikoa azken zati honetan dago batez ere. Artikuluan zehar hainbat kobazulo aipatzen dira: Sandaili, Lapurzulo, Katabera (2), Aitzkirri (3), baina Gesaltzara egindako osterak maila berezia hartzen du kronikan.

Kontakizuna Gesaltzako Lizunari buruzko kondairak aipatuz hasten da: handik sugarrak eta aieneak ateratzen direla... sartzen dena ez dela berriro irtetzen... denak bizi-bizirik daudenak inguruko baserritarren artean (haien gidarien artean, alegia). Jaturaben errota dago oraindik, geroko instalakuntza hidroelektrikoen aurrekaria. Euskal Batzarrekoak laster konturatzen dira handik irtetzen den erreka Gesaltzan galtzen den bera izan behar dela, eta hain zuzen ere haien asmoa hori egitea da: leku batetik sartzea eta bestetik irtetzea. Ez dabiltza oker, noski: trabesia posible da (60 urte geroago Aranzadiko kideek egingo dute), baina orduko baliabideekin ezinezkoa zaie putzu bertikal sakonetan behera jarraitzea.

Gesaltzatik sartuta, beraz, sarrerako galeria nagusiaren inguruan ibili ziren. Kobazuloa ezagutzen duenak erraz identifikatuko ditu deskribatutako hainbat leku: Oilatokia, Bihotza eta Politta putzuak... Gainera, badirudi azken sektore hau esploratu zuten lehenengoetarikoak izan zirela: zoruko sedimentuak behintzat zapaldu gabe aurkitu zituzten. Beraz, Euskal Batzarre elkartea har dezakegu Gesaltzako lehen esploratzailetzat; haiek idatzitako hau da, behintzat, ezagutzen den lehenengo kronika.

Ez zen gutxi izan egindakoa, kontuan hartuta argia egiteko kandelak erabili zituztela, eta 25 metrotako kalamu-soka bakarra zutela! Jarraian irakur dezakezue abentura osoa (hemen PDF dokumentura lotura zuzena)

Oharrak:

                (1) Euskal Batzarre kultur elkartea Donostian sortu zen XIX gizaldian, Del Valle Lersundi familiaren etxean egiten zen tertulia baten. Haien aktibitateen berri Euskal-Erria aldizkarian eman ohi zuten, besteak beste.  Ref:
·         ALDARONDO, Ricardo. 2005. Aycart retrata la cultura donostiarra de la primera mitad del siglo XX a través de la segunda época (1899-1944) de la Real Sociedad Bascongada (RSBAP). El Diario Vasco, 2005-IV-3. http://ttiki.com/76115
·         Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal-Erria.  
    
                 (2) Kataberako parajea Aloña inguruko karst gune garrantzitsuena da. Bertan, 1872tik 1935ra arte, Real Compañía Asturiana de Minas enpresak blenda, galena eta kalamina meatzeak ustiatu zituen. 1957an, Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologo oñatiarrek 220 metrotako leizea aurkitu zuten han. Ref:
·         Hiru.com. Ondare kulturala. Kataberako meatzea. http://ttiki.com/76314
·         Aloña Mendi Espeleologia Taldea. Lan eremua.
·         Aranzadi Z.E. Memoria 1957. Munibe 9(4):277. Donostia.
 
                 (3) Artikuluan, Euskal Batzarreko kideak koba honen egoerarengatik kexu agertzen dira. Izan ere, Aitzkirri oso famatua bihurtu zen 1871ean, Espainiako lehenengo Ursus spelaeus aztarnak bertan aurkitu zirenean. Hori dela eta, espoliatzaileek eta kontrolik gabeko indusketek asko hondatu zuten. Ref:
·         Vilanova y Piera J. Lo prehistórico en España. Anales de la Soc. Esp. Hist. Nat. Tomo primero, p.197-198, 1872. http://ttiki.com/76316
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats