Pablo Alzola Minondo. Irudia: BFA |
Funtsean, idazlan honek Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunen kezka piztu nahi du. Horretarako, inguruko probintzietan egiten ari diren indusketen berri ematen du, Bizkaiak haien aldean daraman atzerapena azpimarratuz; kultura mailako atzerapen hau, gainera, probintziako zerbitzu publikoen eta industriaren martxa onarekin alderatzen du (gogora dezagun Pablo Alzola autoritate handia zela arlo hauetan). Idazleak, gainera, Bizkaiko haitzuloetan aztarnategi ugari aurkituko direla aurreikusten du, ordurako inguruko probintzia guztietan ezagutzen baitziren horrelakoak: Santanderren (Altamira, Covalanas, Ojebar, Valle...), Gipuzkoan (Aitzkirri, Aitzbitarte, Sandaili), Araban (San Bartolome, Egilaz, Agurain, Eskalmendi, Kuartango, Mairuelegorreta), Errioxan (Sierra Cebollera, Peña de la Miel, Cueva Lobrega...), Nafarroan (Los Arcos, Aralar), Burgosen (Parapa, Santibañez, Ciadoncha...), Lapurdin (Baiona), Bigorran (Betharram). Egia da artean aurkikuntza solte batzu ezagutzen zirela Bizkaian: Atxurra, Dima, Forua..., baina denak kasualitatez topatutakoak ziren, prospekzioetan barik; izan ere, Alzolak proposatzen duen esplorazio sistematiko zabal hori (Baltzola, Santa Lucia, Mairuelegorreta, Aitzkirri, Atxurra, Galdames, Karrantza...) ez zen sekulan egin. Halere, bistan da berak markatutako norabidea aintzat hartu zela hurrengo urteetan; adibidez, 1916ean haur batzuek Santimamiñen egingo zuten aurkikuntzan.
Alzolak, berez, Bizkaiko Monumentuen Komisiorako prestatu zuen plana; interesgarria iritzita, komisioak bere hiruhileko buletinean sartu zuen. Euskal Erria aldizkariak, berriz, testuaren zatirik handiena erreproduzitu zuen; baina komisioaren buletinean agertutako zenbait atal falta dira:
- Espainiako Felipe II, Carlos III eta Maria Cristinaren erregetzetan eginiko saiakera museistikoak.
- Arkeologia gaiei buruzko azken legeen azterketa, Espainiakoak eta Frantziakoak alderatuz.
- Lanak antolatzeko logistika eta aurrekontu premiak (kuriositate modura, Bizkaiko koba guztiak esploratu ahal izateko diru kopurua 4000 pezetatan aurreikusten du).
- Atzerriko erakunde zientifikoek laguntza emateko agertuko luketen prestutasuna (batez ere Monakoko Erresumak), hemengoen sentimendu abertzaleak akulatu nahian seguraski.
Jatorrizko dokumentuak:
- Bertsio hau: ALZOLA MINONDO, Pablo. 1912. La exploración de las cavernas en Vizcaya. Euskal-Erria Revista Vascongada LXVI:212-215,272-277,317-321,353-357. Donostia.
- Jatorrizko bertsioa: ALZOLA, Pablo. 1911. A la Comisión de Monumentos de Vizcaya. Plan para organizar la exploración de las cavernas en esta provincia. P.10-34. In: AUTORE ASKO. 1911. Boletín de la Comisión de Monumentos de Vizcaya. 3º hiruhilekoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. 34 pp.
- Laburtua, batez ere injeniaritzari buruz: Auñamendi Entziklopedia
- Zabalagoa, liburu honen introdukzioan: ALZOLA MINONDO, Pablo. 1910. El régimen económico-administrativo antiguo y moderno de Vizcaya y Guipúzcoa / Introducción de Susana Serrano Abad y Rafael López Atxurra. Foru Ogasunaren Klasikoak 7. Bizkaiko Foru Aldundia. Ogasun eta Finantza Saila. Historia Garaikidearen Departamentua EHU. Bilbo, 2008.