.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2015/11/23

Telesforo Aranzadi Zulobin/Lapurzulon

Gaurkoan kondairak, etnografiak eta zientziak elkar ukitzen duten puntua ezagutuko dugu, Telesforo Aranzadik Orozko inguruan egindako esplorazio espeleologiko bati esker. Izan ere, bergarar handiaren kontakizunak hiru plano hauek uztartzen ditu: aintzinan lapur famatu baten ezkutaleku izan omen zen kondairarena; herriko jendeak azken karlistada inguruan egindako esplorazioarena, ustezko altxorraren bila, beldurraren eraginez modu zalapartatsuan amaitu zena; eta azkenik, artikuluaren egileak beste lagun batzuekin eginiko espedizioarena, superstizioaren iluntasuna zientziaren begiekin argitu zuena.

Artikuluan irakur dezakegunez, Muñoz herriko medikuak entzun zien pasadizua Orozkoko gazteei. Hezur kontuekin interesatua, espedizioa antolatzea pentsatu zuen. Horretarako, bertan izandako gazteengandik zehatz eta mehatz jaso zuen hango ibilbidearen berri. Material egokia prestatu, eta espedizioa antolatu zuen lagun talde zabala bilduta: Orozkoko gazteak, Muñoz, Areilza doktorea, Aranzadi eta beste lagun bi.

Kronika zaharretako erreferentzia askorekin gertatzen zaigun legez, hemen ere zalantzak sortu zaizkigu esploratutako haitzuloa identifikatzeko. Izan ere, “Lapurzulo” koba askok konpartitzen duten izen generikoa da (eskualde horretan bertan bat baino gehiago daude). Halere, artikuluko deskribapenari erreparatuz, inguru horretako esplorazioen ardura duen GAES taldeko lagunek zalantza gutxi izan dute kobazuloa identifikatzerakoan: argi dago gaur egunean “Zulobin” izenez ezagutzen dugun bera dela. (1)

1905ko espedizioko kideak Zaloatik igo ziren, Arrabatik zehar Egiriñaoraino. Hemen artzainekin pasatu zuten gaua, txabola bitan. Biharamunean, errekan behera jarraitu zuten, kobara ailegatu arte. Espedizioa ez zen nolanahikoa izan; irakurriko duzuenez, munto handiko esplorazio espeleologikoa antolatu zuten: putzuen instalazioa (habeak, txirrikak...), sokak, suhiltzaile-gerrikoak, azauak, farolak, aizkorak, pikatxoiak, aitzurrak, banastak... Hezurdura batzu ere aurkitu zituzten (Ursus arctos itxuraz), eta barruan pasabide eta katazuloetatik zehar ordu batzu eman zituzten. Bere umore ukitu karakteristikoarekin (2) “Teles” Aranzadik lurpeko esplorazioa kontatzen digu, eta hunkigarria da gure aintzindariak bibote, lastozko kapelu eta franelazko arropekin imajinatzea, gaur egunean esploratzen aritzen garen galerietan zehar.

Telesforo Aranzadi Unamuno (1860-1945) euskal kulturako erraldoietako bat izan zen. Bere biografia ere neurri berekoa denez, artikulua testuinguruan jartzeko balioko dizkiguten zenbait datu baino ez ditugu aipatuko:
  • 1882an Farmazian eta 1889an Natur Zientzietan doktoratu bazen ere, ordurako Antropologian zaletzen hasia zen (hain zuzen ere, bere etorkizunean garrantzi handiena hartuko zuen arloa).
  • 1889an Bartzelonan finkatu zen, Farmazia Fakultateko Botanika Katedra eskuratu ondoren; hura izango zen bere bizileku nagusia 1945an hil arte.
  • 1905 urtean Antropologiako ikerketa eremu praktikora eramaten hasi zen: koba eta monumento megalitikoak in situ aztertzen hasi zen, eta ordukoxea da Zulobingo Lapurzuloari buruzko kronika hau. Artean 45 urte zituen.
  • 1917an, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia Katedra eskuratu zuen. Urte berean, Aralarreko trikuharrien ikerketa sistematikoa abiatu zuen bera baino 30 urte gazteago ziren bi lagunekin: Enrique Eguren eta Jose Miguel Barandiaran. Lantalde honen emaitzek sona handia lortuko zuten Europako etnologoen artean, eta kolaborazioa 20 urtez luzatuko zen.
  • 1936ko udan, 76 urte zituela, Telesforo Aranzadi Urtiagako haitzuloko aztarnategia (Itziar) industen ari zen Jose Miguel Barandiaranekin batera. Estatu kolpea zela eta, Gipuzkoatik ihes egin behar izan zuten. Aranzadik, Frantziatik zehar, Bartzelonara itzultzea lortu zuen; horrekin batera hasi zitzaizkion osasun arazoak, eta bizitza akademikoa eta ikerkuntza utzita, han geratu zen hil arte.
Jarraian duzue 1905an Zulobin / Lapurzuloan eginiko esplorazioaren kronika. Goza dezazuela!

Jatorrizko dokumentua:
Testuan aipatutako erreferentziak:
  1. Iñaki Latasa kom. pers. LATASA, Iñaki. SOTA, Oscar. 1999. El karst de Obarreta-Austingarmin en el este del Gorbeia vizcaíno. Karaitza 8:3-15. Ed. Euskal Espeleologoen Elkargoa, Donostia.
  2. Zientzialariaren alde pertsonala hobeto ezagutzeko artikulo polita: DE HOYOS SANCHO, Nieves. 1962. Unas cartas de Teles. Munibe 14(1-2):32-55. Donostia.
PDF-ari lotura zuzena hemen.

No hay comentarios:

Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats