.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2014/09/14

Galarrako koba, 1899ko kronika.

Aurreko baten, Leon Kapelastegik 1884an Galarrako kobara egindako bisitaren kronika ekarri genuen hona. Oraingoan, 15 urte geroago egindako beste erreportai hau aurkezten dizuegu.  Ramon Soraluzek sinatzen du 1899ko urtarrileko fetxarekin, 1898ko abenduan egindako txangoa kontatuz.

Leku bera izan arren, bizipenak zeharo desberdinak dira: horra haitzuloen mila alderdi eta ñabarduren adibide argia. Esploratzaileek gauza desberdinak aurkitzen bait dituzte bakoitzaren sentsibilitatearen eta prestakuntzaren arabera; horregatik, espeleologian haitzulo bat ez da sekula guztiz esploratutzat ematen.

Galarrari buruzko hainbat azalpen eman genituen 1884ko artikuloaren iruzkinetan, eta haiek irakurtzeko bertara jo dezakezue. (1)  Han esandakoei gauza bat gehituko diegu bakarrik: Besaide eta AMET Espeleologia Taldeek KARAITZA-n (Euskal Espeleologoen Elkargoaren aldizkarian) argitaratu duten artikuloaren erreferentzia. Bertan azken aurkikuntzak azaltzen dituzte datu berri ugari emanaz, espeleologia zein arkeologia arloetan. (2)


Karaitza 21ko artikuloaren zati bat.
1899ko artikulu honetara itzuliz, Soraluzek eta bere lagunek nolabaiteko ezagutza geologikoa erakusten dute Galarraren egiturari buruzko azalpenak ematean. 16garren pajinan egindako komentarioak, adibidez, orduko geomorfologia teorien berri ematen digu (haitzuloak lau fasetan sortzen zirela, estalaktitak arima gogor baten inguruan sortzen zirela...) gaur egun gaindituak daudenak. Klimatikari buruzko oharrak ere badaude. Dirudienez, orduko ustea zen koben tenperatura urtaroarekin aldatzen zela. Hori dela eta, kobetara neguan sartzea gomendatzen zen, “barrua beroago zegoenean” (haize korrontearen kondairak ere izango zuen eraginik). (3) Artikulu honetan haitzuloen tenperatura beti berdina dela azaltzen da.

Hortik aurrera, koba barruko txangoan zehar izandako bizipenak aipatzen ditu, batez ere galerien eta espeleotemen forma berezien deskribapenak (Galarra ezagutzen dutenek ezagutzeko modukoak). Jendeak egindako triskantzak ere aipatzen ditu. Argazkiak ere atera zituzten magnesioaren argitara; benetan polita litzateke plaka hoiek aurkitzea...

(1) CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia. Eta gure iruzkinekin, hemen http://saguzarrak.blogspot.com.es/2013/12/galarra-arrasate-1884ko-kronika-bat.html

(2) ARRIOLABENGOA, M. ERAÑA, C. EXPOSITO, JM. ZABALETA, P. UGARTE, S. DORADO, J. ORMAETXEA, I. OLALDE, A. PEREDA, L. AZKOAGA, X. RICHARD, L. UGARTE, I. ABARRATEGI, B. BARRENETXEA, M. LOPEZ, R. ETXAGIBEL, A. EZKIBEL, I. ERAÑA, R. ESPERASATE, J. BEREZIBAR, A. El coto minero de Arrasate. Cueva de Galarra o Cueva de San Valerio. Karaitza 21:10-21. Oñati. http://tinyurl.com/Karaitza21

(3) GOROSABEL, Oier. 2013. Izerdia eta haize korrontearen siniskera. Gara, 2013-I-4. http://fisiolantaldea.blogspot.com.es/2013/01/haize-korrontearen-eta-izerdiaren.html 

PDF-ari lotura zuzena hemen.

2014/09/07

Duela 100.000.000 urteko Bizkaia

Ramon Adan de Yarza (1848-1917)
Artikulu honek Bizkaiko egitura geologikoa aurkezten digu. Makina bat bidar entzun izan dugu gure lurraldea ur azpian egon zela aintzinan; naturzaleok behin eta berriro baieztatzen dugu hori, mendietako fosil itsastarrak ikusita. Bada, testu honekin orain dela 100.000.000 urteko kataklismoen arora bidaiatuko dugu hori ulertzeko, luxuzko gidari baten eskutik.

Ramon Adan de Yarzari Natur Zientzietako interesa familiatik zetorkion; Meatze Injeniari ikasketak egin zituen Madrilen, eta horixe izan zen bere lanbide nagusia. Halere, afizioz, ikerkuntza geologikoan ere aritu zen probetxu handiarekin: gaurko aditu askoren esanetan, Adan de Yarza dugu euskal geologorik garrantzitsuena. (1) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen azterketa geologikoak berak egindakoak dira. Nazioarteko mailan ere, petrografo nagusienetakoa izan zen eta arlo honetako bere ikerketek, besteak beste, nekazaritza lurren aprobetxamendu hobea ahalbidetu zuten Gipuzkoan. (2)

XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza haitzuloen esplorazioan ere jardun zuen, batez ere Lea-Artibai inguruan (Bilbon jaioa bazen ere, familia Lekeitiokoa zuen). Hain zuzen ere, bera izan zen Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aintzindaria Perea y Zuricalday, Mazarredo eta Uhagon bezelako lagunekin batera. Hala ere, urte asko pasatu beharko ziren talde txiki honek hasitako bideari inork segida eman arte; kontuan hartu dezagun, artean, haitzuloen esplorazioa (baita kirola ere, eta Natur Zientziak oro har) klase altuei mugatutako eremua baino ez zela. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zen klase ertainaren indartzea eta, horrekin batera, espeleologiaren loraldia.

Artikulu honetan, beraz, Ramon Adan de Yarzak bere lan ospetsuenaren (3) ildo nagusiak laburbiltzen ditu Euskal-Erria aldizkarirako (hau da, geologian aditua ez den irakurleendako). Oso didaktikoa da, Aro Geologikoen izen arraroak ezagutzen hasteko adibidez. (4) Hain zuzen ere, horixe izan zen autorearen beste ezaugarri garrantzitsu bat: bere ikerketa sakonen emaitzak “kaleko” hizkeran dibulgatzeko zuen dohai aparta. Orain irakurriko duzuen testua da horren froga.

*******

 (1) ASTIBIA, Humberto. MURELAGA, Xabier. NUÑEZ-BETELU, Koldo. Ramón Adán de Yarza. Elhuyar aldizkaria 1996/06/01. http://zientzia.net/artikuluak/ramon-adan-de-yarza/
 (2) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ramón Adán de Yarza y de La Torre Lequerica. http://www.euskomedia.org/aunamendi/6473
 (3) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
 (4) Gaur eguneko denominazioa pixka bat aldatu da. Hemen kontsulta dezakezue: http://eu.wikipedia.org/wiki/Kretazeoa

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats