Euskal speleo
historian, Xiberuak kapitulo nagusiña osatzen dau. Bertan hasi ziran
esploraziño modernuak (Martel 1908), eta II Mundu Gerra ostian Max Cosynsek
gidatutako taldiak Europako lurpeko sistema garrantzitsuenetako bat “pintxau”
zeban, espeleologian Urrezko Aroari hasiera emonaz.
Halan be,
paradoxikoki, Xiberuako esploraziñuetan oso xiberotar gitxirek hartu dabe
parte. Badira izen solte batzu, bai: Michel Bouillon ozaztarra, Henri Cazenave
santagraztarra, kanpoko lanetan jardundako Bouchet familiakuak... baiña nere
ikerketetan ikusten nabillenez, danen artian paper garrantzitsuena Dominika
Prebendek jokatu zeban, Salaberria etxekuak (Santa Graziko eliza onduan).
Oin dala gitxi
GSHP-ko lagunak Madeleine Cabidoche bioespeleologoan omenez egindako billeria
bultzatu zeben, eta bertara gonbidatu ninduen. Han konfirmau nittuan Salaberri
buruzko nere ustiak. Oso deigarrixa egin jatan bere Auch eta Bigorrako lagun
(eta ikasle) izandakuak detsen erreberentzia. Dominika mutilzaharra izanda,
ondorengorik ez eta bera hil ostian Salaberren gauza asko Madeleinek etxian
hartu zittuan (Arrakoeix, Kalla auzuan). Hantxe ikusi nittuan bere kaskua,
liburuak –nobelak, nafarroako katalogo espeleologikuak, pastoralak...-,
makillak, kuadruak –, bere buruan marrazkixa, basurde baten argazki
dedikaua-... Ulertu nebanangaittik, beste relikia batzu Dominika eta bere
arrebia hil artian etxetik desagertu ziran (hartz hanka bati buruz luze jardun
zeben, ulertu neban apurrangaittik basozainekin arazuak ekarri zetsazena...).
Baiña gauza
guztien gaiñetik, bat azpimarratuko neuke: Arrakoetxian bildutako espeleologo
guztiak, Salaberri buruz berbetan, erakusten zeben erreberentzia. Momentu baten,
danak jangelan sartuta genguazela (30 bat lagun), mezetan genguazela begittandu
jatan: batek ha gogoratzen zebanian, beste guztiok isilik eta entzutzen. Bistan
da errespetu izugarrixa zetsela.
Hau hobeto
ulertzeko, gauza bat argittu biharko dot: Salaberren bizitza espeleologikua oso
luzia izan da, beraz belaunaldi askokin kontaktua izan dau. 1952 inguruan izan
zeban lehelengo kontaktua, Lepineux lezia (San Martin Harrikua) esplorau zaneko
espediziñuetan mandazain modura kontratau zebenian; gero, Michel eta Madeleine Cabidocheri
laguntzen hasi zan, eta hauen eskutik jaitsi zan estraiñekotz 1965an leza
batera; harrezkero, paper garrantzitsua jokatu zeban Basabürüan egindako
esploraziñuetan, inguruak oso ondo ezagutzen zittualako (artzaina zan, eta bera
eta bere lagunen olhak kanpaleku
estrategikuak izan ziran); Hegoaldeko esploraziñoren baten be parte hartu
zeban, CD Eibarko Jose Telleriak kontau zestanez...; lurpetik erretiratzeko
ordua etorri jakonian be, La Vernako tuneleko atezaina izaten jarraittu zeban
hil arte; horretara, San Martin Harrira mundu osotik etorrittako espeleologo
guzti-guztiak Salaberriatik pasau bihar izaten ziran, Dominikan liburu
haundixian izena apuntatzeko eta berakin barriketan jarduteko...
Dominikak
arrebia bazekan, kanpuan bizi zana; ha igaz hil zanian, etxia partitzeko eta
saltzeko momentua etorri zan. Madeleine-eta laguntzen ibilli ei ziran, eta
etxia ondiok Dominikan aittittan izenian (¡!) zeguala ikusi zeben. Bere
jabetzak dispertsau badira be danak Santa Graztarrak erosi dittuez, antza;
Arrakoetxeko espeleologuak otoitz moduko inbentarixo hau egin zeben: etxia
Ambrosi eta Mayayou Bürgübürün semiana dala oiñ... kortia ez dakitt norek hartu
dabela... goiko sorua beste etxe horretakuak erosi dabela... Hardoi izeneko batek
be ez dakitt zer erosi dabela... Errepasua amaittu zebenian, danak isilik
geratu ziran eta andrazko batek zera esan zeban ondorixo moduan: “Behintzat: dana Santa Grazin geratu da (turistak
edo kanpotarrak eskuratu biharrian, esan gura zeban); hori da, zalantza barik Dominikak nahiko zeukiana”.
Lurrari estu
lotutako gizona izan zan, itxuria, Salaber, eta gero eta gehixago interesatzen
jata. Zentzu horretan, Txomin Peillen lagunak idatzittako liburu
hau irakortzeko dakat ondiok: bertan Dominika eta bere aitta Pierren lekukotasuna
jasotzen ei da, ehiztarixak eta hartzak izandako harreman atabikua aztertuz...
Dominika, Pierre Prebende eta Marianne Elixalt gurasuak Salaberrian, 1981ian. |
No hay comentarios:
Publicar un comentario