Mikel Unzueta Portilla eta Juan Carlos Lopez Quintana, ADES Espeleologia Elkarteko kideekin batera Armintxe kobazuloan eginiko lehen ikustaldietan. |
ETA-ren
disolbatze prozesuan bagenekien lehendik “sukaldeko lanak” izan duen
garrantzia, baina oraintsu hasi gara negoziatzaileen paperari buruzko detaile
zehatzagoak jasotzen. Miresgarriak benetan, gauza guztiek okerrera egiten
dutenean ere zubiak mantentzeko lanean aritzen direnak. Detaile hauen artean
gauza xelebreak ere jakin ditugu, adibidez gatazkak konpontzerakoan faktore
pertsonalak izaten duen garrantzia.
Faktore pertsonal
horrek, bistan da, alde onerako zein txarrerako eraman dezake balantzaren
pisua; baita makropolitikan ere, askotan dramatikoki. Ez naiz ni esfera
horretan mugitzen, baina agian jakingo duzue kobazuloen munduan ibiltzen
naizela; eta azkenaldian, espeleologook Bizkaian aurkitu ditugun labar-arte
kontuetan -edo hobeto esanda, haien gestioari buruzko gatazkan- faktore
pertsonalaren eragina neure begiekin ikusi ahal izan dut. Detaile teknikoagoak
mila bider aipatu ditugu jada (sare sozialetan Armintxe eta Atxurra traolak
bilatzea baino ez duzue), baina faktore pertsonal honi buruz ez dugu orain arte
ezer esan. Eta merezi duela uste dut.
Kokatze aldera,
esan dezagun ADES Espeleologia Elkartekook Armintxeko grabatuak 2016ko
maiatzean aurkitu genituela, geure ekimen hutsez eta Bizkaiko Foru Aldundiko
plangintzetatik kanpo. Lehen babes neurriak ere geuk ezarri genituen, eta
arkeologo bat eta Aldundiko Ondare Saila abisatu genituen; hurrengo hileak haiekin
elkarlanean aritu ginen, kobazuloa aztertzen eta esploratzen. Baina irailean, lana
oraindik amaitu barik genuela, sarrera eragotzi ziguten. Harrezkero Armintxe
aurkitu genuen espeleologoak, teorikoki lan taldearen partaide izan arren,
ikerketatik kanpo egon gara. Bertan lanean ari den Aldundiko taldeak ez du
gurekin kontatzen, gure elkarrizketa saiakerei ez die erantzuten eta egiten ari
diren lanen berririk ez digu ematen.
Ez dirudi gauza
handia, lehenengo begi bistan: administrazioaren ohizko isiltasuna, jende
normalaren informazio eskarien aurrean. Baina, kontuan hartzen badugu
Armintxeko grabatuak hondatze arrisku larrian daudela, eta haiek mehatxatzen
dituzten uholdeen arazoari irtenbidea emateko, osatu gabe dagoen esplorazio
espeleologikoa egitea ezinbestekoa dela, agian ulertezinagoa da. Zergatik
atzeratzen ari da hainbeste lanoi ekiteko momentua? Bi urte pasa dira jada,
bere euri denboraldiekin. Zer ari dira, erruleta errusiarrean jokatu nahian?
Zein da zuhurtzia falta handi honen arrazoia?
ADES-ekook
Bizkaiko Foru Aldundiko taldearekin harremanik ez dugu beraz; joan den bi
urtean bakoitza gure aldetik gabiltza, muino berean ikerketak eginez, elkarri
hitz egin gabe. Denbora horretan pentsatzeko aukera izan dugu, noski. Eta nik
hasieran erdi-brometan esaten nuen gauza batek indarra hartu du; izan ere, ezin
genuen sinetsi horrelako inuxentekeri batek auzia horrela korapilatu
zezakeenik. Baina beste arrazoirik ezean, eta Juan Carlos Lopez Quintana
(Armintxeko proiektuaren arkeologo arduraduna), pixka bat ezagututa, arazoaren
oinarria horixe dela ondorioztatzen hasi gara: faktore ezin pertsonalagoa,
alegia.
Kontua hauxe da:
2016ko uda amaiera inguruan, ikerketa prozedimentuari buruzko bilera tekniko
bat egin genuen Lopez Quintanarekin eta bere ugazaba, Mikel Unzueta Portilla Aldundiko Ondare Kulturalen teknikoarekin.
Besteak beste, “Tana”k azaldu zigun
aurrerantzean esplorazio lan guztia berak lagunduta egin beharko genuela.
Detaileetan sartu gabe, laburbilduz esan dezagun ez genuela baldintza hori
onartu: teknikoki ezinezkoa izateaz gain, etikoki onartezina zitzaigun eta
kobazuloetan lan egiteko moduari buruzko ezjakintasun handia erakusten zuen.
Beraz bilera amaitutzat emanaz mahaitik jaiki ginen, proiektutik alde egiteko
prest... eta orduan gertatu zen.
Zer gertatu zen?
Unzueta segituan konturatu zela espeleologorik gabe ezingo zutela Armintxeko
ikerketarekin jarraitu. Beraz, hitza hartu eta esaldi hau bota zuen: “Itxaron.
Eser zaitezte berriz. Tana, itzul iezaiezu giltza”.
Ez dirudi gauza
larria, ezta? Bada, kontua da esaldi sinple honekin, Unzuetak Tana “destruitu”
zuela, gaur egun gazteek esaten duten bezala. Bistan da lan prozedura berria
Unzueta ugazabarena zela, eta Tana morroiaren funtzioa “lan zikina” egitea izan
zela (gure haserrea piztuz). Baina horren ostean Unzuetak Tanaren argumentazioa
ukatu zuen, azken hau umiliatuz.
Batek pentsatu
dezake gauza garrantzitsuak (Europako aztarnategi arkeologiko
garrantzitsuenetako bat urpean suntsitzea edo salbatzea, adibidez), ezin
dituztela horrelako faktore pertsonalek erabaki. Baina ETA-ren disoluziora
itzuliz, begibistakoa da horrela izaten dela. Irakurri al duzue jeltzaleek etakideei
taxirako dirua eskatu zieteneko anekdota, “bueltatzeko konpromezuarekin”? Mundiala
da. Eta gauza jakina da Jesus Egigurenen eta Josu Urrutikoetxearen arteko
zorioneko kimikak, gatazkaren konponketan aurreratzen asko lagundu zuela. Lehen
aipatu dugun bilera horretan, Tana ez zen ausartu ugazabari kargu hartzen (bera
kakatan uztearengatik), zaila izaten baita ogia ematen dizun eskuari kosk
egitea. Beraz, prozesu psikologiko ezagunari jarraituz, errazena egin zuen:
amorrua katearen maila ahulenera proiektatu, espeleologoengana alegia, eta... bere
burua irteerarik gabeko kale batean sartu.
Bai; urte biko
distantziarekin begiratuta, bilera horretan gertatutakoak Armintxen gertatu
diren gauza asko azaltzen ditu: irailean lanekin jarraitzea eragotzi
zigutenekoa; gerora Tanak egin digun ezikusiarena (“mespretxurik handiena,
apreziorik eza”)... eta, azken finean, logikarik gabeko egora hau sine die mantentzea.
Zenbat denbora
pasatu beharko du “gure” Egiguren eta Josu Ternera rupestreak agertu arte? Ezin
jakin. Esandakoak esanda, badakit ni neu nekez bueltatuko naizela Armintxera (Tana
eta Unzueta beraien karguetan dirauten artean, behintzat). Baina halere mezu
hau bidali nahi diet: kobetan egin behar den lan multidisziplinarra (benetakoa)
zer den ikasi dezatela; utz diezaietela espeleologoei haien lana egiten; eta ez
dezatela gehiago erruleta errusiarrean jokatu. Armintxeko grabatuak daude
jokoan: mundu guztian famatu diren horiek, zein kobako beheko mailetan dauden
(eta argitaratu ez diren) beste asko.
OIER GOROSABEL LARRAÑAGA
Info7 irratiko Talaiatik saiorako, 2018ko loraillan 21a,
Gaiari buruz gehiago jakiteko:
Gaiari buruz gehiago jakiteko:
- Armintxeko arazo hidro-arkeologikoaren aurkezpena : http://actualid-ades.blogspot.com/2017/03/armintxe-argazki-berriak-eta-mapa.html
- Arazoaren azalpen sakonagoa, eta haren konponketa eragozten ari den korapilo diplomatikoa : http://actualid-ades.blogspot.com/2017/06/armintxe-korapilo-arkeologikoa.html
- Korapilo diplomatiko horren detaile esanguratsu bat : http://saguzarrak.blogspot.com/2018/05/faktore-pertsonala-armintxen.html
- Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa erratikoa: http://saguzarrak.blogspot.com/2018/03/aldundia-planifikazioa-ala-inprobisazioa.html
- Espeleologoon “profesionaltasunari” buruz http://saguzarrak.blogspot.com/2018/01/profesionales.html
- Espeleologoon papera labar-arte santutegi sakonetan. http://actualid-ades.blogspot.com/2017/05/armintxe-lurpeko-iraultza-isila.html
- Video de la surgencia de las Escuelas Públicas de Lekeitio, que se activa cuando el nivel de agua de Armintxe sobrepasa los 17 metros. http://saguzarrak.blogspot.com/2018/07/armintxeko-limnigrafo-publikoa-2018-vii.html
- El Correo. La acumulación de agua y basura amenaza las pinturas rupestres de Lekeiti
- Armintxeko aurkezpen publikoari erantzuna: https://saguzarrak.blogspot.com/2018/11/replica-la-comparecencia-sobre-armintxe.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario