.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2012/12/09

Nire termoerregulazio entrenamendua

Oier Gorosabel taldekidian blogian, espeleologixiak sistema immunitario eta termoerreguladorian dakan eragiñaz:

http://fisiolantaldea.blogspot.com.es/2012/12/nire-termoerregulazio-entrenamendua_8.html

Gauza jakina da aholku onek ez dutela asko balio eredu txarrekin lagunduta doazenean. Hori dela eta, pazienteei ematen dizkiedan aholkuak nire buruan praktikan jartzen saiatzen naiz. Hotz eta beroaren adaptazioaren gaia asko eta askotan aipatzen dut eguneroko lanean, baina ez da berdina horren onurak azaltzea eta adibide zehatzekin frogatzea. Azalpen fisiologikoak ez ditut errepikatuko noski, hementxe bertan emanda baititut lehenago ere (ikus “Hozkirrien termodinamika”). Gaurkoan, atrebentzia handia ez bada, neure entrenamendu termiko-immunologikoa kontatu nahiko nizueke.


Badakit Lekeitioko eskolan askok harriduraz begiratzen gaituztela lau urteko semeari eta bioi, eguraldi hotzarekin ere kamiseta hutsean joaten garenean, gutxitan gaixotuta gainera. Honekin argi ikusten denez, eguraldi hotzean arropa gutxirekin ibiltzeak, berez, ez du gaixotasun arriskua gehitzen. Aitzitik, gorputzaren termoerregulazio ahalmena indartzean, sistema immunologikoa sendotzen ari gara. Semeak ez du batere meriturik, umeak sendo jaiotzen baitira –nagusiok gara alferrik galtzen ditugunak–; baina nire kasua desberdina da: ni ere oso hozkirria bainintzen lehen, oinak hoztuz gero, biharamunean katarro segurukoa.

Zuetako askok legez, nik ere ezin nuen arroparekin asmatu udazkenean eta udaberrian: goizeko beroki guztiak sobran izaten nituen eguerdiko eguzki galdatan... Esan behar da ez nuela oso bizimodu osasuntsua egiten: lan estatikoa (beti tente), kirolik ia batere ez (aspertu egiten nau), estresa franko... Eta esandakoa, beti katarroa kendu ezinda; hori zen niretako normaltasuna.

Halako batean, espeleologia aurkitu nuen, nire azken urteetako pasio handia bilakatu dena. Lurpeko eremuaren esplorazioan eta ikerketan murgildu ahal izateko, zortzi-hamar orduko jardunaldiak egiten hasi nintzen larunbatero: %100eko hezetasuneko giroan, jarduera fisiko nekagarriko aldiak (bero itzela buzo iragazgaitzekin) eta geldiune luzeak (hotza hezurretaraino) etengabe txandakatuta, kobazuloetako erreketan eta ur-jauzietan sartuta... Nire buruan ez zegoen kirola egitea edo termoerregulazio ahalmena entrenatzea, baina hau oharkabean etorri zen: zientzia honetan jarraitu ahal izateko, nire gorputzaren fisiologia oharkabean eraldatu behar izan bainuen. Maila askotan igarri dut aldaketa: indar fisikoaren kudeaketan, janariaren digestio-erritmoan, edariaren premian... eta jakina, baita gaur interesatzen zaigun arloan ere: gorputza beti 37 gradu zentigradutan mantentzeko abilezian.

Gaur egun, entrenamendu honen ondorioz, nire gorputzak hotzaren aurrean beroa sortzen ikasi du, eta urte osoan gutxi gorabehera arropa berarekin ibiltzen naiz. Edozeinek egin dezake gauza bera. Ez dago denendako balio duen formularik, jakina: «hozkirritasun» arazoak gradu desberdinak izan ditzake; gorputzak ez du berdin erantzungo aurretik beroak edo hotzak badago; 10 minutuko edo 10 orduko hotzaldia jasatearen artean ere aldea dago... Pertsona bakoitzak bere plana garatu beharko du, eta osagile baten aholkua ere ez da txarto etorriko (bestelako osasun arazoak daude); nik espeleologiarekin egin dudana, gainera, bakoitzak bere eskura dituen baliabideekin egin dezake: sauna, etxeko beroa eta kaleko hotzaren arteko kontrastea, eguraldi hotzari lan gogorrarekin aurre egitea... Ikus dezakezuen moduan, kontua gorputzari hotza eta beroa pasaraztea da. Zera baino sinpleagoa.

No hay comentarios:

Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats