Herrixan bonbaketian
75 urteurrenan harira, Gernikazarra elkartiak erakusketia antolatu dau
Gernikako Kultur Etxian. Bestiak beste ADES eta AGIRI elkartiak alkarrekin
egindako instalaziñua dakazue bertan Maiatzan 25a arte, eta hau da bertan
irakorri zeinkien testua.
Argazkiak.org | Errefujio antiaereua © cc-by-sa: txikillana
Gizakiok haitzuloekin harreman estua dugu. Xelebrea da: beldur iturria eta jeinu gaiztoen bizileku den lurpeko eremu bera, arrisku larrien aurrean babesteko abaro bihurtu da behin eta berriro gure espeziearen ibilbidean zehar. Espeleologia ikerketetan sarri aurkitzen ditugu horren lekukotasun eta aztarnak.
Antoliña, Santimamiñe eta Atxetako kobetan aurki ditzakegun
arrasto zaharrenak Paleolito eta Mesolito artekoak dira. Kontuan hartu gizakiok
20.000 urtez jarraian bizi izan garela haitzuloetan, eta bizi bakarrik ez: aro
horretakoak dira ere Santimamiñeko labar-irudiak, duela 13.000 urteko santutegi
garrantzitsua. Orain dela 6000 urte, berriz, kobak bizileku iraunkor legez
erabiltzeari laga genion. Ordutik hona lantzean behingo babes gisa erabili izan
ditugu: Neolito aroan abeltzainen aterpea izan ziren, esate baterako; edo Brontze
eta Kobre aroetan hildakoak lurperatzeko lekua, Ginerradi, Sagastigorri,
Santimamiñe eta Kobaederra II harpeetan ikus dezakegunez. Denbora guzti honetan,
gainera, kobak lehenengo aukeretako bat izan dira giza taldeen arteko liskarretan
babesteko: Erromatar Inperioaren gainbeheran adibidez (IV-V gizaldia),
segurtasunez bizitzerik ez zegoenean. Pirata eta gaizkileengandik defendatu
nahian kobetara itzuli ziren arbaso hauen arrastoak aurki ditzakegu Ginerradi,
Santimamiñe edo Ereñuko Ariztiko kobetan.
Babesteko premia hori gure historia osoan gertatu da, beraz:
eta azken kapitulua orain dela oso gutxi bizi izan genuen. Gerra Zibileko
bonbardaketen eta tropen basakerien aurrean, askori piztu zitzaion aintzinako
arbasoen sena eta haitzuloetara ihes egin zuten. Alaitz Montorre (Ibarrangelu),
Atxaga (Foru), Santimamiñe (Kortezubi), Apraiz (Busturia)... gure aterpe izan
ziren ostera ere 1937ko udaberri izugarri hartan. Azken 30.000 urtean behin eta
berriro izan diren legez...
ADES-AGIRI
No hay comentarios:
Publicar un comentario