.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2018/07/11

Lurrazpiko Lekitto

2018ko ekaiñian Lekittoko Kurik aldizkarixan 3. zenbakixan argitaratutako artikulua. Gaztelerazko itzulpena hamen.
*** 

Sarreria

Azken urtietako aurkikuntzak dirazela eta, espeleologia modan jarri dala dirudi. Gure eskualdia, ganera, labar-artian zentro neuralgikua bihurtu da eta, horren barruan, Lekittok aparteko garrantzija dauko. Horregaittik, uste dogu interesgarrija izan leikiala herri barruko lurpeko ondaria aurkeztia.

Laburpen hau, bistan da, ez da behin betikua: espeleologian sekula ezin da zulo bat guztiz esploratutzat hartu, eta lurpeko mundua ikuspegi askotatik aztertu leike: arkeologia, geologia, biologia, hidrologia, kimika... Horretara, artikulu honegaz, gure herriko “beheko solairu” lilluragarrija hobeto ezagutzen jarraituteko gonbidapena egin nahi dotsuegu.

Bide batez, artikulu honetan mundu maillako primizia bi topako dozuez: bata, Atxurrako labar-artian aurkikuntzari buruzko detalle garrantzitsua; eta bestia, Ramon Adan de Yarzaren benetako arpegija. Bijak on arte iñun be publika ez dirazen datuak diraz.

Kabaua II ubegija, estolderija sare zaharran urteeretako bat. Egilea: ADES

Lekittoko egittura berezija

Gure herrija geologikoki kokatzeko, jakin daigun Bizkaiko iparraldeko Antiklinorijuan ipar-ekialdian dagola, Nabarniz-Aulestiako egitturiari dagokijon eremuan. Pitzadurak eta tolesdurak ugarijak diraz, eta urak bertatik sartuta haitzuluak sortzen dittuz, Behe Kretazeoko fazie urgondarretako materialetan, arrezifien inguruetan sortutako kareharrijan. Izan be, gaur lihorrian dagon kareharri hori antxiñan, itsas hondoko hondarra zan; horren seiñale garbijena bertan topaten doguzen itsas animalijen fosillak diraz.

Kareharrizko moltzuan ganian egonda, gure herrittarrak betidanik izan dabe lurpeko munduagaz hartuemona (nork ez dau kuebaren bat ezagutzen Lekitton?). Hau ez da beti onerako izan, lurpeko eremuak errez hondatzen eta kutsatzen dirazelako. Lekitto “karst urbanua” da (etxiak kueben ganian eginda dagoz), eta ingurune karstikua be intentsiboki erabilli izan da gizaldi eta gizaldijetan: harrobijak, deforestaziñoia, nekazaritza, eraikuntzia, estolderija, hondakiñen isurketia... Batzuetan arreta ezangaitttik eta bestetan ezjakinttasunangatik, horrek arazuak ekarri izan dittuz: kutsaduria, uholdiak, ur erreserbak agortzia, haitzuluen hidrologia eta formia aldatzia, animali espezieak desagertzia, aztarnategi arkeologikuak hondatzia... Lekitton ondorijuotako gehijenak begibistakuak diraz, bereziki urari bidiak oztopatu izanan eragiñez. Baiña allega da geure lurpeko ondare aberatsa babesteko ordua; eta horretarako lehelengo pausua, haxe ondo ezagutzia da.
Manuel Martínez de la Escalera. Iturria: Archivo del Museo Nacional de Ciencias Naturales.

Lehelengo exploraziñoiak

Lekittoko kobazuluei buruzko lehelengo datu zientifikua Manuel Martínez de la Escalera biologuak emon euskun 1892jan: Quaestus espezieko intsektu txiki batzuk jaso zittuan Garratxako kueban, Lumentxa mendijan (Martínez de la Escalera, 1899). Sasoi horretan beste ikerlari garrantzitsu bat be ibilli zan herrijan: Ramon Adan de Yarza, espainiar estatuko geologorik garrantzitsuenetakua. Kontuan hartuta bere familijan etxe ingurua (Zubieta) kobazuloz beteta dagola, pentsa geinke gaztetandik bertan sartuta ibilliko zala; halan be, ez eban horri buruzko ezer publika.

Ramon Adan de Yarza, gaztetan. Iturria: Llasera Adan de Yarza artxiboa

Ramon Adan de Yarza

Ramon Adan de Yarzari (1848-1917) natur zientzietako interesa familiatik jatorkon; Meatze Injeniari ikasketak egin ebazan Madrilen, eta horixe izan zan bere lanbide nagusija. Halan be, afiziñoz, ikerkuntza geologikuan be probetxu handijagaz ibilli zan: gaurko aditu askoren esanetan, bera dogu euskal geologorik garrantzitsuena (Astibia et al, 1996). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen azterketa geologikuak berak egindakuak diraz, Espainiako Mapa Geologikuan Komisiñoian enkarguz. Nazioarteko maillan be, bere garaiko petrografo nagusijenetakoa izan zan eta arlo honetako bere ikerketak, bestiak beste, nekazaritza lurren aprobetxamendu hobia ahalbidetu eben Gipuzkoan.

XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza izan zan Bizkaiko espeleologia zientifikuan aintzindarija Perea y Zurikaldai, Mazarredo eta Uhagon lagunegaz batera. Halan be, urte asko pasatu biharko zirian talde txiki honek hasittako bidiari iñork jarraipena emon arte; kontuan hartu daigun, artian, haitzuluen esploraziñoia (baitta kirola be, eta Zientzia oro har) klase altuei mugatutako eremua zala. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zan klase ertaiñan indartzia eta, horrekin batera, espeleologian loraldija.

Bere lan geologikuan osagarri legez, badakigu Ramon Adan de Yarza haitzuluen esploraziñoian jardun ebala, batez be Lea-Artibai inguruan; hain zuzen be, bera izan zan 1882jan Atxurrako kobazuluan lehenengo datu zientifikuak jaso ebazana, Jose Maria Solano Eulate koiñatuagaz batera (Adan de Yarza, 1892).

Oharra: artikulu hau da, guk dakigula, Ramon Adan de Yarzaren benetako arpegija argitaratzen daben lehelengokua. Izan be leku askotan, Ramonena dalakuan, bere anajia Marioren argazkija topaten dogu. Errore hau, itxuraz, bere biografo batek egin eban estrainekotz (Gomez Tejedor, 1998) eta harrezkero argitalpenez argitalpen errepikatu izan da.  


Euskal Herriko mapa geologikua. Egilea: Ramon Adan de Yarza

1920. hamarkadan, barriz, Joxemiel Barandiaranen taldia etorri zan; 1918tik aurrera ebizen Santimamiñe industen, eta tarteka inguruko herrijetako haitzuluak be begiratzen zittuezen; halaxen agertu zan Lekitton, eta bertan Garratxako aztarnategija topa eban 1921 urtian. 1926jan, Santimamiñeko biharrak amaittu eta bertako indusketia hasi eben berak eta Telesforo Aranzadik; 1929ja arte egon zirian bertan (Barandiaran, 2005).
Garratxa I kuebia, Lumentxa mendijan. 1927ko indusketetan, ezkerretik eskumara: Telesforo Aranzadi, behargin lekeitiar bi eta Joxemiel Barandiaran. Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartia
1936ko gerraostiak etenaldi luzia ekarri eban. 50. hamarkadan, Antonio Ferrer espeleologo bilbotarrak Grupo Espeleologico Vizcaino (GEV) bultzatu eban, Bizkaiko Foru Aldundijan babesaz. Eurak izan zirian Lekitto inguruko kobazuluen ikerketiari berrekin eutsenak, 60. hamarkadan: herri barruan Zubiburua, Eluntzeta eta Audijo esplora zittuezen, eta Gardata, Zatika, Otoio eta Algorta inguruetako hainbeste lezetan be ibilli zirian (Ispaster eta Mendexako lurretan). Joxemiel Barandiaran 1963an bueltako zan Lekittora, Garratxan jentia indusketa furtibuan ebillelako; aztarnategia guztiz hondatu baino lehen, pare bat urtez jardun eban bertan. Sasoi horretan Armintxe inguruetan be ibilli zan: Garabilla eta Larrotegi II kuebak ikusi zittuan, bigarrenian aztarnategija topata. Antzoriz lurmuturrian be, kuebia lokaliza eban Santa Catalina ermitta azpijan; eta hamen be aztarnategija identifika eban (Marcos, 1982).

70. hamarkadan ezer gitxi dago aittatzeko: Bilboko espeleologia talde pare bat etorri zirian (TBM eta SC Beti Goruntz), Zatika inguruko lezak eta Santa Catalinako aztarnategija ikustera (Fernandez, 1977). Hain zuzen be, 80. hamarkadan, azken kueba honen indusketa arkeologikua hasi zan Eduardo Berganzaren zuzendaritzapian; honen emaitza nagusijak ointsu hasi dira argitaratzen, eta aurreko KURIK-en dakazue horren barri.

Antxiñako saneamenduan obrak IS-035 kueban. Egilea: ADES

Ura, lurra eta hirigintza

Batzuetan emoten dau espeleologian garrantzija daukon gauza bakarra arkeologia dala; baiña Lekitton 80. hamarkadan izandako hirigintza arazuak ondo erakusten dabe ezetz: lurpeko munduak badittuz aintzat hartu biharreko beste arlo batzuk.

Gure herrijan saneamendu arazuak aspaldittik etozen. Estolda saria 1888kua zan (Pascual Abaroana), zati haundi baten herriko kuebak aprobetxata; bere sasoian adelanto demasa izan bazan be (inguruko herrijetan ez eguan estoldarik), ija 100 urte eta gero, zaharkituta eta hondatuta eguan: buxadurak, apurtutako hodijak, ur zikiñen igesak, marien eragiña... Honi aurre egin ahal izateko arazo handija eguan: lurpeko hoditerijan plano zehatzak falta zirian, edozein konponketa egitteko biharrezkuak. Estolda sarian esploraziñoia enpresa desbardiñei enkarga jakon, eta bederatzi urtez luzatu zan harik eta baleko emaitzak lortu arte; espeleologuondako hónek txostenok oso baliotsuak diraz, lurpeko galerija zaharren barri emoten doskuelako. Herriko estolderija barrizteko obra handija 90. hamarkadan egin zan. 

Beste arazo hidrologiko larrija uholdiena da. Lekittoko historijan, behin baiño gehijagotan, obregaz urari drainatze bidiak oztopatu izan jakoz, eta honen adibide nabarmenena Larrotegi auzo inguruko uholdiak diraz. 1986jan haranan azterketa hidrologikua egin nahi izan eben arazuari aurre egitteko; gure aurreko GEV-ekuei be aholkua eskatu eutsien (Alvarez, 1986), baiña azkenian ez zan konponbiderik topa. Ganera, igaztik hona, arkeologia kontuegaz konplika jaku...

1988ko azterketa geoteknikuan irudija. Egilea: AYALA et al. 1988. Estudio de riesgos geológicos asociados al karst de Lequeitio (Vizcaya). Instituto Tecnológico Geominero de España.


Uranaz gain, Lekitton eraikuntzian arazua dogu: millaka toneladatako etxia zuloz betetako lurran ganian egitten dogunian, ohizkua da eraikiñian arrakalak, hezetasuna, eraikiñan ezegonkortasuna... agertzia; hori gauza larrijaguak ez dirazenian. Urte askuan, herriko obretan agertu dirazen kobazuluak tapa egin izan dira; gaur egunian be, lurpeko ondariari lehen baiño garrantzi gehijago emoten jakon arren, ondiño ohizkua da hondeamakiñak topatako lezak ezer esan barik apurtzia; halan galdu genduan Zatika azpijan barianteko obretan agertutako kuebetako bat, eta halaxen gertatu zan Armintxegaz bebai. Bistan danez hau legian kontrakua da, baiña ez hori bakarrik: segurtasun arazo larrija be bada. Horretaz jabetuta, 80. hamarkadan Udalak kontratisten artian inkesta bat egin eban, euren bizitza profesionalian topatako kobazuluen barri jasoteko; batzuk erantzun eben, eta informaziñoia Artxibuan dago. Ganera, “Instituto Geológico Geominero de España”ri herriko lurren azterketia enkargatu jakon; geologo eta espeleologo talde batek egin eban, meatze-injeniari baten zuzendaritzapian. Bestiak beste, jakiña, herriko kuebak be aztertu zittuezen; eta 1988ko txosten geotekniko hauxe dogu, gaur arte, Lekittoko kobazuluei buruz iñoiz egin dan katalogo espeleologiko osotuena (Ayala et al, 1988).

ADES Espeleologia Elkartiari dagokijonez: taldia 1982jan sortu bazan be, hasierako urtietan ez giñian Lekitto barruko zuluetan ibilli; orduko kide gehijenak Gernika ingurukuak zirian eta esploraziño gehijenak han burutzen genduzen. Lekittogaz harreman zuzena eukon lehenengo esploraziñoia 2000 ingurukua da eta, bide batez esanda, ur-hornikuntzan kontura herrijari susto ederra emon geuntson. Kontua da Lekitton erabilli dan uren jatorri printzipala, juan dan 500 urtian, Trakamailleko kuebia izan dala, Amoroton (Ocamica, 1965). 2000 urte inguruan, Abittara eta Trakamailleko kueben esploraziñoian buru-belarri ibilli giñian; bijak sistema bakarra ziriala frogatu genduan, eta baitta bertako urak Ispasterko Elizalde auzotik etozela be. Beste modu batera esanda: Ispasterko ur zikiñak eta Trakamailleko itturrikuak, bat zirian. Zorijonez, Lurrak urak garbitzeko ahalmen handija dauko, eta ez zan sekula ezer larririk gertatu; baiña segurtasun kontuengaittik, Lekittoko herrijak Trakamailleko urak hartziari itzi eutson aldi baterako, harik eta Ispasterko ur araztegija martxan hasi zan arte. Gaur egunian, arazo hau konponduta dago.

XXI gizaldija eta labar-arte kontuak

Lea-Artibaiko taldekidiak sartziagaz batera, ADES-en Lekitto inguruko esploraziñoiei arreta gehijago emon geuntsen: ezagunak zirian kuebak hobeto ikertu, “galduta” eguazenak lokaliza, barrijak topa... Bihar horretan garrantzi handiko aurkikuntzak egin doguz, oin dala 20.000 urte berton bizi izandako animalijen hazurrak adibidez. Zorijonez, ekonomikoki ez dabe piperrik be balijo (hau espoliologuentzako mezua da); baiña aztarnategijok jagoten badoguz, etorkizuneko paleontologuak gure herrijari buruzko informaziño baliotsua atarako dabe bertatik.

IS-085 kuebia, herriko kaskuan. "Ursus spelaeus" hartzan hazurrak. Egilea: ADES

Azken urtietan, halan be, zarata gehijen atara dabenak aurkikuntza arkeologikuak izan diraz. Izan be, horren kontura Lea-Artibai eskualdia mundu maillako erreferentzia gunia bihurtu jaku, teoria arkeologikoren bat be hankaz gora jarritta (“El Vacío Vasco” famatua).  Honen eragille nagusija espezialisten belaunaldi barrija izan da, labar-artia beste ikuspegi batekin aztertzen hasi dana; gure zonan, horren meritua Diego Garate eta Joseba Rios-Garaizar arkeologuen taldiak dauko. Hamarkada honen hasieran, talde hau Euskal Herriko hainbat aztarnategi berrikusten hasi zan, eta pinttura eta grabauak topaten hasi zirian oin arte oharkabian pasatako lekuetan; esate baterako, eurak topa zittuezen 2012jan Garratxako pintturak. Zenbat bidar sartu ete gara zulo horretan, espeleologo eta arkeologuak bebai, ezer be ikusi barik?? Jakiña: danok ahozabalik geratu giñian. ADES-en be, ordutik aurrera haitzuluetako paretei beste era baten begiratzen hasi giñian; halaxen topa genduan gure lehelengo zaldija 2014ian, Morgotako lezan (Kortezubi).

Honek argi erakutsi eban kobazuluetako aztarnategijak ikuspegi barri honegaz errebisa biharra eguala; izan be, ordura arte arkeologuak baekijen zer topa bihar zan, baina ez zirian kobazuluetan asko sartzen; espeleologuak, barriz, aldrebes: kobazuluak barruraiño esploraten genduzan, baina ez genkijan zer topa bihar zan. Egoera xelebre honegaz jabetuta, Bizkaiko Foru Aldundijak ekimen txalogarri bat bultzatu eban, arkeologuen eta espeleologuen arteko harremana estutzeko: 2015eko otsaillian, Euskal Espeleologoen Elkargoagaz batera “Espeleologia eta Kultur Ondarea” izeneko lehenengo jardunaldija antolatu eban Bilbon; bertan, arkeologuak labar-artia ezagutzen erakutsi euskuen Euskal Herri osoko espeleologuoi.

Jardunaldi hau historikotzat hartu geinke, beronek ekarri dabelako azken urtietako aurkikuntza zaparradia. Hain zuzen be, bost hille geruago, espeleologo eta arkeologuen arteko elkarlan honen adibide ona gure eskualdian bertan ikusi genduan, Atxurrako kueban (Berriatua). Bertako labar-grabatuen aurkikuntzian historija oso ezaguna da; ez, ostera, oin kontako dogun detallia, KURIK-entzat primizian. Kontua da arkeologuak bi indusketa kanpaina egin zittuezela Atxurrako goiko sarreran, 2014 eta 2015ian; ADES-ekuok eurei laguntzen izan giñian, seguridadeko sokak eta anklajiak instalaten. Indusketa egunak aprobetxata, noski, arkeologuak goiko galerijako hormak be miatu zittuezen; baiña esan euskuenez, ezer ez eben topa. Halan be, eurekin berba eginda, konturatu giñian lehelengo metruak baiño ez zittuezela begiratu. Hau da: ez eben ezagutzen barruko galerijetara sartzeko pasabidia. Horretara, 2015ko iraillan 25ian, ADES-eko espeleologo batek (Iñaki Intxaurbek) Diego Garate arkeologua galeria estu horretatik aurrera gidatu eban; hortik aurrera egindako aurkikuntzen historija oso ezaguna da. Anekdota honek ederto erakusten dosku arkeologo eta espeleologuen elkarlana alde bijen mesederako dala.


Honen ostian, guk betiko martxan jarraittu genduan: astero bi-hiru espediziño, urte osuan, gehijenetan errutinazko biharretan: leza txikiñak esplora, txarakan gora eta behera billa ibilli, Lea-Artibaiko katalogo espeleologikua osotu.... Errutinazko bihar batzuk, baiña, atzian sorpresia izaten dabe; eta horixe gertatu jakun Lekitton, Armintxegaz.

Armintxeko aurkikuntzia ez zan bat-bateko gauzia izan. Lehelengo pistia 2008jan topa genduan, Lekittoko Udal Artxibuan, urei buruzko 1796ko txosten batian: leza bat aittatzen zan, 20 metroko sakoneran ura eukona, Arbiatxen (Arbintze, Armintxe, Arbiatx, Arbeatx... itxuraz toponimo bakarran aldaera desbardiñak baiño ez diraz). Bestalde, jentiak kontata bagenkijan Letraukua inguruan kobazulo asko eguazena, eta batek leza handija eukala barruan, ausartenak sokaz jaisten ebena; GEV-ekuak be jaso eben erreferentzija hori, baiña lezia lokaliza barik. Auzotarren esanetan, urte gitxi zirian koba-leza hori desagertu zala: Larrotegi auzotik Letraukuara igoteko oiñezko bidia egittian estali ei eben. 2013an, lekukuetako batek (Santi Bideganetak) kobazulua eguan toki zehatza seinala euskun. Eta bai: bertan lurrez tapatako galerija baten arrastua topa genduan. Halan be, ez geuntson kasu handirik egin: halako dozenaka zulo esploratzeko zain dakaguzen legez, zerrendan apunta genduan.
Baiña lehen esan dogu urte gitxittan gauzak asko aldatu dirazela: Lea ibarrian topatako labar-arte aztarnategijak Lekitto garrantzi handiko lekua bihurtu eben, eta beraz gure katalogoko “IS-100 Armintxe II” erreferentzia ez oso interesgarri horrek garrantzija hartu eban. 2016ko maiatzan 1erako planea genduan bertara sartzia. Zeozer agertu zeikiala susmatzen genduanez, egun horretan Juan Carlos Lopez Quintana arkeologua gonbidatu genduan. Bihar gogorra aurreikusi gendualako, jente asko bildu giñian: kuebia zabaldu, esplora eta atzera zarratu biharra eguan, dana egun bakarrian (bide horretatik ume asko pasaten da, eta ezin zan zulua zabalik itzi). Egun horretakuak ondo erakusten dau edozein aurkikuntza espeleologiko talde lanan ondorijua izaten dala: lehenengo, batzuek lurra, harrijak eta hormigoi zatijak atara zittuezen; beste batzuek, esploraten hasi zirian; hurrenguak, topografiaten; bestiak, galerijen argazkijak ataraten; beste batzuek lagin biologikuak hartzen; bestiak, hormak miatzen...
Marrazkija: Markues
Grabauak topa genduzanian poza, urdurittasuna eta kezkia nahastu jakuzen. Segiduan konturatu giñian arte lanetako batzuk ezohizkuak ziriala, eta, paradoxikoki, handik aringa-aringan urteteko gogua sentiduten genduan, ha toki majikua ez hondatuteko. Kanpora urten giñian, eta arkeologua bertara ekarri genduan: grabauak benetakuak zirudijela baieztatu euskun. Argazki batzuek hartu, eta esploraziñoia bertan behera itzi genduan. Ekaiñian, Udalak atia instala eta gero, lehelengo biharra espezialista bat grabauetaraino ekartia izan zan (Cesar Gonzalez Sainz, Kantabriako arkeologo ospetsua). Gero esploraziñoiagaz jarraittu genduan, baiña babes-protokolo zorrotzez eta, jakiña, Panelan Gelara sartu barik.

Esploraziñoian datu asko jaso bagenduzen be, hórren artian nabarmenena hauxe da: Panel Nagusi famatuaz gain, Armintxen askoz be labar-grabau gehijago dagozela; urari ipiñittako oztopo artifizialen eragiñez kuebia urez betetzen dala, eta honek apurka-apurka grabauok hondatzen diharduela. Arazo honen zehaztasunak oin dala gitxi argitaratu doguz Karaitza aldizkarijan, beraz, artikulu hau ez luzatzeko bertan irakorri zeinkie; interneten errez topakozue (Gorosabel eta Urrutia, 2017). Esploraziño espeleologikuan seigarrengo astian, 2016ko iraillian, aztarnategiko Zuzendaritza Arkeologikuak biharrak eteteko agindu euskun. Harrezkero eta gaur arte (artikulu hau 2018ko otsaillian idazten gabiz), ez dabe ADES Espeleologia Elkartiagaz ezertarako konta.

IS-100 Armintxe II, Hondo Bako Galerian. Ernai dagon behorran grabaua, uholdiak hondatuta. Egilea: ADES

Etorkizuna

Gorabehera desatseginotaz aparte, guk biharrian segitzen dogu. Armintxe inguruari, bistan da, harreta berezija eskintzen gabiz (IS-100 kuebako uren arazuari urtenbidia emon ahal izateko ez da bakarrik barruko esploraziñoia amaittu bihar; ganera, muino osuan eta beste kobazuluen hidrologia ulertzia ezinbestekua da). Halan be, gure ardurapeko eremua Urdaibai, Lea eta Artibai ibar osuak dirazen legez, bertako karsta ikertzen eta babesten jarraittuko dogu bere arlo guztietan: biologia, arkeologia, hidrologia, kimika, geologia... Izan be, ikuspegi integral horixe da espeleologuon ezaugarri baliotsuena, espezialista monodisziplinarrei falta jakena. Horregaittik, euregaz eta erakundiegaz batera, danok lan talde bakarran parte izan biharko giñake. Nazioarteko komunidade zientifikuak aspaldittik argi dauko hori; ia noiz hasten garian hamentxe aplikaten.

IS-100 Armintxe II, Erreka Buxatuaren Galeria. Topografia lanak; fondoko espeleologua grabauen sektorera doian katazuluan sartzen dago. Egilea: ADES

Azken ohar bi

  • Momentu honetan, ADES Espeleologia Elkartiak 111 kueba daukoz katalogata Lekitto inguruan; hórretatik 30 inguru, herri kasko barruan dagoz. Kontuan hartu, halan be, eraikin azpijetan gehijago be egon leikiazela, ezagutzen ez doguzenak. Segurtasun arrazoiengaittik kobazuluen kokapen zehatza ezin dogu argitaratu; baiña gure katalogoko datuak ikerlari eta erakundientzat eskuragarri dagoz.
  • Espeleologuok ezingo genduke gure biharra egin herrittarren laguntza barik, lurra onduen ezagutzen daben jentia bertoko auzotar eta basarrittarrak dirazelako. Eziñezkua da informatzaille guztiak aittatzia; baiña danon ordezkari modura gogoratu daiguzan Eustasio Arritola (Lekeitio, 1925-26), Norberto Urresti (Oleta, 1925), Pascual Algorta (Mendexa, 1926), Antonio Atxabal (Zatika, 1963) eta Uriarte jauna (Gardata, 1963); eta gaur egunetik hurrago, Txomin Okamika “Eluntzeta”, Pedro Arrizubieta, Jose Ramon Mentxaka, Bene Plaza eta Anton “Pitxon”. Hamen ikusi dozuen informaziñoian zati haundi bat eurei eta beste herrittar askori esker jasotakua da; horretara, lehengo eta gaurko espeleologo guztien izenian, eskerrikasko. 

Txomin "Eluntzeta", Pedro Arrizubieta eta bere lagunak. Egilea: ADES

Anton "Pitxon" eta Bene Plaza. Egilea: ADES
Jose Ramon Mentxaka. Egilea: ADES

Bibliografia

Testuan aittatutako erreferentziak:


No hay comentarios:

Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats