Euskal-Erria aldizkari
donostiarrak 38 urte iraun zituen (1880-1918). Tarte horretan, euskal intelligentsiaren topaleku bilakatu zela
esan dezakegu: izan ere, bere orrialdeetan, euskal kultura munduko VIP gehienak
aurki ditzakegu une batean edo bestean, zerbait esateko zuten beste idazle
“kaletarrago” askoren artean. Aldizkaria material askoren bilduma da: mami
askoko artikuluak, zein arinkeriak (donostiar topikoarekin bat eginez).
Artikulu sail honi amaiera ematen dion ale honetan, adibide biak batu ditugu:
batetik, F. Aretxabala izeneko jaunak sinatutako espeleo-olerki kitsch xamarra;
bestetik, berriz, Jose Miguel Barandiaran arkeologoak 1917-18 ikasturteari
hasiera emateko aurkeztutako hitzaldi famatua.
Aretxabalaren
testuak ez du azalpen handirik behar: espeleotemen edertasunari kantatzen dio,
eta horrekin dena esanda dago.
Barandiaran
gaztearen hitzaldia, berriz, interesgarriagoa da: Euskal Herrian ordura arte
ezagutzen ziren aurkikuntza prehistorikoen sintesia egiten baitigu. Dena hasi
berri zen: sasoi hartan maisu handiek (oso modu prekarioan hasitakoak eta
oraindik bizi zirenak) eginiko lan guztiak 20 orrialdetan bil zitezkeen.
Ikusiko duzuenez,
kobazuloetan agertutako aztarnategi garrantzitsuenak 388-390 pajinetan aipatzen
ditu, egindako lan arkeologikoen laburpena eginaz: Aitzbitarte, Atxurra (Armiña
izenarekin; hauxe da Barandiaranek izen hau erabiltzen duen lehenengo aldia[1]),
Baltzola eta Santimamiñe (“Cueva de Basondo” izenarekin, aurkitu berria, eta artean
aztertu gabea). Hortik aurrera, Euskal Herrian ezagutzen dena azaltzen du,
estazio megalitikoei garrantzi berezia emanaz.
[1] GOROSABEL,
Oier. 2016. Una cavidad con dos nombres.
Buscando un consenso toponímico sobre Atxurra y Armiña. ADES Albisteen
Bloga. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2016/03/una-cavidad-con-dos-nombres-buscando-un.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario