Gesaltzako Lizuna 1956 urtean. Argazkia: Juan San Martin. |
Donostiako bidaiari batzuek Oñatira 1893an egindako txangoaren
kronika dugu hau; Euskal Batzarre (1) kultur elkarteko hamabi lagun izan ziren,
Rogelio Gordón jaunaren ardurapean. Bidaiak hiru egun iraun zituen; benetako
abentura, orduko errepideekin! Atera kontuak: Arantzazurako bidearen zenbait
puntutan, touristen zalgurdiak idi
pare baten laguntza behar izan zuen aldapa igotzeko. Eta behin Arantzazura
ailegatuta, badirudi lehenengo lana Aitzgorrira igotzeko gidariak eta
porteadoreak aurkitzea izaten zela –Himalayan bezela-.
Artikuluaren lehenengo zatian gure bidaiariek Oñatiko herriko
monumentu, jauregi eta elizak deskribatzen dituzte, beharbada herriko historia
luzearekin liluratuta (kontuan hartu dezagun, artean, Donostia berri-berria
zela, 80 urte lehenagoko sutearen ostean berreraikia). Halere, badirudi pizka
bat enpatxatu zirela ere, 89 orrialdeko komentarioak erakusten duenez. Artikuluaren
bigarren zatian natura dugu nagusi: Aizkorrira doaz Urbian zehar, eta paisaia
zabalek eta haize bizigarriak hartzen dute protagonismoa; azken egunean,
gainera, zenbait haitzuloren misterioak esploratzeko aukera dute.
Interes espeleologikoa azken zati honetan dago batez ere.
Artikuluan zehar hainbat kobazulo aipatzen dira: Sandaili, Lapurzulo, Katabera
(2), Aitzkirri (3), baina Gesaltzara egindako osterak maila berezia hartzen du kronikan.
Kontakizuna Gesaltzako Lizunari buruzko kondairak aipatuz
hasten da: handik sugarrak eta aieneak ateratzen direla... sartzen dena ez dela
berriro irtetzen... denak bizi-bizirik daudenak inguruko baserritarren artean
(haien gidarien artean, alegia). Jaturaben errota dago oraindik, geroko
instalakuntza hidroelektrikoen aurrekaria. Euskal Batzarrekoak laster konturatzen
dira handik irtetzen den erreka Gesaltzan galtzen den bera izan behar dela, eta
hain zuzen ere haien asmoa hori egitea da: leku batetik sartzea eta bestetik
irtetzea. Ez dabiltza oker, noski: trabesia posible da (60 urte geroago Aranzadiko
kideek egingo dute), baina orduko baliabideekin ezinezkoa zaie putzu bertikal
sakonetan behera jarraitzea.
Gesaltzatik sartuta, beraz, sarrerako galeria nagusiaren
inguruan ibili ziren. Kobazuloa ezagutzen duenak erraz identifikatuko ditu
deskribatutako hainbat leku: Oilatokia, Bihotza eta Politta putzuak... Gainera,
badirudi azken sektore hau esploratu zuten lehenengoetarikoak izan zirela:
zoruko sedimentuak behintzat zapaldu gabe aurkitu zituzten. Beraz, Euskal
Batzarre elkartea har dezakegu Gesaltzako lehen esploratzailetzat; haiek
idatzitako hau da, behintzat, ezagutzen den lehenengo kronika.
Ez zen gutxi izan egindakoa, kontuan hartuta argia egiteko
kandelak erabili zituztela, eta 25 metrotako kalamu-soka bakarra zutela! Jarraian
irakur dezakezue abentura osoa (hemen PDF dokumentura lotura zuzena)
Oharrak:
(1) Euskal Batzarre kultur elkartea
Donostian sortu zen XIX gizaldian, Del Valle Lersundi familiaren etxean egiten
zen tertulia baten. Haien aktibitateen berri Euskal-Erria aldizkarian eman ohi
zuten, besteak beste. Ref:
·
ALDARONDO, Ricardo. 2005. Aycart retrata la cultura donostiarra de la
primera mitad del siglo XX a través de la segunda época (1899-1944) de la Real
Sociedad Bascongada (RSBAP). El Diario Vasco, 2005-IV-3. http://ttiki.com/76115
·
Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal-Erria.
(2) Kataberako parajea Aloña inguruko
karst gune garrantzitsuena da. Bertan, 1872tik 1935ra arte, Real Compañía
Asturiana de Minas enpresak blenda, galena eta kalamina meatzeak ustiatu
zituen. 1957an, Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologo oñatiarrek 220
metrotako leizea aurkitu zuten han. Ref:
·
Aloña Mendi Espeleologia Taldea. Lan eremua.
·
Aranzadi Z.E. Memoria 1957. Munibe 9(4):277. Donostia.
(3) Artikuluan, Euskal Batzarreko kideak koba
honen egoerarengatik kexu agertzen dira. Izan ere, Aitzkirri oso famatua
bihurtu zen 1871ean, Espainiako lehenengo Ursus spelaeus aztarnak bertan
aurkitu zirenean. Hori dela eta, espoliatzaileek eta kontrolik gabeko
indusketek asko hondatu zuten. Ref:
·
Vilanova y Piera J. Lo prehistórico en España. Anales de la
Soc. Esp. Hist. Nat. Tomo primero, p.197-198, 1872. http://ttiki.com/76316
No hay comentarios:
Publicar un comentario