.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2014/09/14

Galarrako koba, 1899ko kronika.

Aurreko baten, Leon Kapelastegik 1884an Galarrako kobara egindako bisitaren kronika ekarri genuen hona. Oraingoan, 15 urte geroago egindako beste erreportai hau aurkezten dizuegu.  Ramon Soraluzek sinatzen du 1899ko urtarrileko fetxarekin, 1898ko abenduan egindako txangoa kontatuz.

Leku bera izan arren, bizipenak zeharo desberdinak dira: horra haitzuloen mila alderdi eta ñabarduren adibide argia. Esploratzaileek gauza desberdinak aurkitzen bait dituzte bakoitzaren sentsibilitatearen eta prestakuntzaren arabera; horregatik, espeleologian haitzulo bat ez da sekula guztiz esploratutzat ematen.

Galarrari buruzko hainbat azalpen eman genituen 1884ko artikuloaren iruzkinetan, eta haiek irakurtzeko bertara jo dezakezue. (1)  Han esandakoei gauza bat gehituko diegu bakarrik: Besaide eta AMET Espeleologia Taldeek KARAITZA-n (Euskal Espeleologoen Elkargoaren aldizkarian) argitaratu duten artikuloaren erreferentzia. Bertan azken aurkikuntzak azaltzen dituzte datu berri ugari emanaz, espeleologia zein arkeologia arloetan. (2)


Karaitza 21ko artikuloaren zati bat.
1899ko artikulu honetara itzuliz, Soraluzek eta bere lagunek nolabaiteko ezagutza geologikoa erakusten dute Galarraren egiturari buruzko azalpenak ematean. 16garren pajinan egindako komentarioak, adibidez, orduko geomorfologia teorien berri ematen digu (haitzuloak lau fasetan sortzen zirela, estalaktitak arima gogor baten inguruan sortzen zirela...) gaur egun gaindituak daudenak. Klimatikari buruzko oharrak ere badaude. Dirudienez, orduko ustea zen koben tenperatura urtaroarekin aldatzen zela. Hori dela eta, kobetara neguan sartzea gomendatzen zen, “barrua beroago zegoenean” (haize korrontearen kondairak ere izango zuen eraginik). (3) Artikulu honetan haitzuloen tenperatura beti berdina dela azaltzen da.

Hortik aurrera, koba barruko txangoan zehar izandako bizipenak aipatzen ditu, batez ere galerien eta espeleotemen forma berezien deskribapenak (Galarra ezagutzen dutenek ezagutzeko modukoak). Jendeak egindako triskantzak ere aipatzen ditu. Argazkiak ere atera zituzten magnesioaren argitara; benetan polita litzateke plaka hoiek aurkitzea...

(1) CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia. Eta gure iruzkinekin, hemen http://saguzarrak.blogspot.com.es/2013/12/galarra-arrasate-1884ko-kronika-bat.html

(2) ARRIOLABENGOA, M. ERAÑA, C. EXPOSITO, JM. ZABALETA, P. UGARTE, S. DORADO, J. ORMAETXEA, I. OLALDE, A. PEREDA, L. AZKOAGA, X. RICHARD, L. UGARTE, I. ABARRATEGI, B. BARRENETXEA, M. LOPEZ, R. ETXAGIBEL, A. EZKIBEL, I. ERAÑA, R. ESPERASATE, J. BEREZIBAR, A. El coto minero de Arrasate. Cueva de Galarra o Cueva de San Valerio. Karaitza 21:10-21. Oñati. http://tinyurl.com/Karaitza21

(3) GOROSABEL, Oier. 2013. Izerdia eta haize korrontearen siniskera. Gara, 2013-I-4. http://fisiolantaldea.blogspot.com.es/2013/01/haize-korrontearen-eta-izerdiaren.html 

PDF-ari lotura zuzena hemen.

2014/09/07

Duela 100.000.000 urteko Bizkaia

Ramon Adan de Yarza (1848-1917)
Artikulu honek Bizkaiko egitura geologikoa aurkezten digu. Makina bat bidar entzun izan dugu gure lurraldea ur azpian egon zela aintzinan; naturzaleok behin eta berriro baieztatzen dugu hori, mendietako fosil itsastarrak ikusita. Bada, testu honekin orain dela 100.000.000 urteko kataklismoen arora bidaiatuko dugu hori ulertzeko, luxuzko gidari baten eskutik.

Ramon Adan de Yarzari Natur Zientzietako interesa familiatik zetorkion; Meatze Injeniari ikasketak egin zituen Madrilen, eta horixe izan zen bere lanbide nagusia. Halere, afizioz, ikerkuntza geologikoan ere aritu zen probetxu handiarekin: gaurko aditu askoren esanetan, Adan de Yarza dugu euskal geologorik garrantzitsuena. (1) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen azterketa geologikoak berak egindakoak dira. Nazioarteko mailan ere, petrografo nagusienetakoa izan zen eta arlo honetako bere ikerketek, besteak beste, nekazaritza lurren aprobetxamendu hobea ahalbidetu zuten Gipuzkoan. (2)

XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza haitzuloen esplorazioan ere jardun zuen, batez ere Lea-Artibai inguruan (Bilbon jaioa bazen ere, familia Lekeitiokoa zuen). Hain zuzen ere, bera izan zen Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aintzindaria Perea y Zuricalday, Mazarredo eta Uhagon bezelako lagunekin batera. Hala ere, urte asko pasatu beharko ziren talde txiki honek hasitako bideari inork segida eman arte; kontuan hartu dezagun, artean, haitzuloen esplorazioa (baita kirola ere, eta Natur Zientziak oro har) klase altuei mugatutako eremua baino ez zela. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zen klase ertainaren indartzea eta, horrekin batera, espeleologiaren loraldia.

Artikulu honetan, beraz, Ramon Adan de Yarzak bere lan ospetsuenaren (3) ildo nagusiak laburbiltzen ditu Euskal-Erria aldizkarirako (hau da, geologian aditua ez den irakurleendako). Oso didaktikoa da, Aro Geologikoen izen arraroak ezagutzen hasteko adibidez. (4) Hain zuzen ere, horixe izan zen autorearen beste ezaugarri garrantzitsu bat: bere ikerketa sakonen emaitzak “kaleko” hizkeran dibulgatzeko zuen dohai aparta. Orain irakurriko duzuen testua da horren froga.

*******

 (1) ASTIBIA, Humberto. MURELAGA, Xabier. NUÑEZ-BETELU, Koldo. Ramón Adán de Yarza. Elhuyar aldizkaria 1996/06/01. http://zientzia.net/artikuluak/ramon-adan-de-yarza/
 (2) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ramón Adán de Yarza y de La Torre Lequerica. http://www.euskomedia.org/aunamendi/6473
 (3) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
 (4) Gaur eguneko denominazioa pixka bat aldatu da. Hemen kontsulta dezakezue: http://eu.wikipedia.org/wiki/Kretazeoa

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.

2014/08/29

Bizkaiko kobak 1897an, Lea-Artibai-Urdaibaikoei aipu berezia eginaz

Gabriel Puig y Larraz (1851-1917) meatze injeniari madrildarrak  “Cavernas y simas de España” idazlana argitaratu zuen 1896an. (1)  Bertan estatu osoko haitzuloen bilduma egiten saiatu zen, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Gaur aurkezten dugun testua lan horretatik hartua da, jatorria aipatzen ez bada ere: Bizkaiari dagokion atalaren kopia ia literala da.

Koben deskribapenen jatorria anitza da; esandako moduan Puigena bilduma bat da, eta bistan da haitzulo gehienak ez zituela berak bisitatu. “Cavernas y simas...” orijinalera jota, artikulu honetako erreferentzia asko bibliografiatik aterata daudela ikus dezakegu; beste batzutan, berriz, informazioa esploratzaileek zuzenean emandakoa da. Haien izenak ikusita, XIX gizaldi amaieran Bizkaian espeleologian aritzen zen lagun talde txikia irudikatu dezakegu: Ladislao Perea y Zuricalday eta Ramon Adan de Yarza geologoak, Serafin Uhagon eta Carlos Mazarredo bioespeleologoak... seguraski ez ziren askoz ere gehiago izango.

Aipu asko erreferentzia hutsak dira, barrutik ongi esploratu gabeko haitzuloenak alegia; leize guztietan, esate baterako “muy profundas”, “dimensiones desconocidas” eta horrelako adjektiboekin amaitzen da deskribapena, halabeharrez. Izan ere, sasoiko espeleologo gehienek ez zuten oraindik putzu sakonak jeisteko modurik edo, hobeto esanda, behin jeitsita handik ateratzeko; Euskal Herrian, teknika honek bost urte eskas zituen, Edouard A. Martelek Zuberoan estrainekotz erabili zuenetik. (2)

ADES Espeleologia Taldearen esplorazio eremua


Gure ardura Urdaibai eta Lea-Artibaiko esplorazio eremua izanda, zerrenda honetako hainbat datu osatu eta zehazteko moduan gaude; goazen, bada, “gure” kobei buruzko aipuak banan-banan komentatzera. Esan behar da kasu batzutan gaitza egin zaigula zein kobari buruz ari den jakitzea: 117 urte eta gero, karsta askoz hobeto ezagutzen badugu ere, toponimoetako batzu zabalegiak dira eta orduko lekukoei jada ezin diegu argibiderik eskatu:

Urdaibai


Eskualde honetan, badirudi Puigek ez zuela informatzaile zuzenik izan. Horrela, datu gehienak liburuetatik hartuak daude:

•    Cueva Axola: Madozi hartutako datua. (3)  Artikuluan Kortezubin kokatzen bada ere, gure ustez Elesuko kobari buruz ari da (Ereño). (4) Deskribapena begiratuta hala ematen du, eta Axola izeneko parajetik hurbil dago.
•    Cuevas de Ereñozar: datua Delmasi hartutakoa da. (5) Itxura guztien arabera, Santimamiñe eta Sagastigorri dira. (6) Urteetan, haitzulo hauek estalaktita eta estalagmita “kantera” gisa erabili izan ziren, Urdaibaiko jauregi eta txaletetan apaingarri gisa saltzeko (hain zuzen ere, 1916an pinturak aurkitu zituzten gazteek lan horretan ziharduten).
•    Cuevas de Ereño: Colletten txostenetik hartutako datua. (7)  Gure ustez Ereñoko Arizti eta Aldekoerrota kobei buruz dihardu, herrian aspalditik oso ezagunak. (8) 
•    Ondaro: Madozi eta Pradori (9) hartutako datua. Hemen zalantzarik ez dago, Puigek jasotakoa gaur eguneko toponimiarekin bat dator-eta. Hori bai, aipatu dezagun (misterioa pizka bat zapuztuz) guk bai esploratu dugula barruraino: 420 metro ditu. (10)
•    Cuevas de Artenechea: “gure” Aurtenetxeako koba eta leizea izango direla uste dugu. (11) Datu soltea da, eta Puigek ez du jatorririk aipatzen.
•    Cuevas de Navarniz: iturri desberdinak aipatzen ditu (Diccionario Geográfico Histórico, Madoz, Iturriza, Trueba, Vilanova y Rada). Gure ustez Zazpilezetako  (12) koba eta leizea dira, baita Goikoatxe (13) ere. Beharbada Ondaroren erreferenziaren reiterazioa ere izan daiteke (badakigu armak aurkitu zirela bertan).

Lea-Artibai


Eskualde honetan, berriz, datu gehienak Ramon Adan de Yarzak emanak dira. Izan ere, familia Lekeitiokoa izanik sarri egoten zen bertan, ikerketa espeleologikoan arituz:

•    Cueva de las Errecas: Adan de Yarzak bere koinatu Jose Maria Solanorekin esploratua. (14) Gaur egunean Atxurra bezala ezagutzen dugun haitzuloa da. (15)
•    Cueva de Urguichi: hau ere Adan de Yarzak emandako datua da. (16) Urgitxiko kobaren erreferentzia hau ere argia da, udalerriaren errorea kenduta (berez Gizaburuagan dago). Gaur egun haitzuloaren sarrera urpean dago, presa batek estalita. (17)
•    Cuevas del Lea: datua Madozena da eta Gizaburuagan kokatzen ditu, baina hau urterik urte transmititu den errorea dirudi ( GEV-eko kideak ere koba hauen bila aritu ziren 1963an, eta ez zituzten aurkitu). (18) Gure ustez Abitaga baserriaren eta Trakamalleko parajearen inguruan dauden haitzulo natural eta artifizialei buruzko erreferentzia orokorra izan daiteke (Amorotoko lurretan). (19)
•    Cueva de las Lamiñas: erreferentzia Adan de Yarzarena da. (20) Gizaburuagan dagoela ontzat ematera, Oibarko Lamiñaziloa (21) dela pentsa dezakegu; ostera, aurreko koban bezala udalerria erratua badago, Amorotoko Lamiñen Koba (22) ere izan daiteke (nahiz eta ezin den esan ez batak ez besteak “entrada sumamente estrecha” dutenik).
•    Cueva de Igoz: datua Madozengandik hartua da. Gure ustez, Igotz baserriaren inguruan dauden Kobaue (23) zein Gabaro (24) izan daitezke, Markina-Xemeinen.
•    Cuevas del monte Calvario: Adan de Yarzaren datua. (25) Jakina, Lumentxa mendiko Garratxako kobari buruz ari da (Lekeitio).(26)
•    Cuevas de Santa Catalina: datu hau ere Adan de Yarzak emana da. (27) Antzoriz lurmuturrean dauden kobak dira,  Santa Katalina ermitaren azpikaldeko itsaslabarretan (Lekeitio). (28)


Hauxe da, bada, ADES taldean esateko duguna. Bizkaiko beste taldeetako lagunek “haien” eremuetako erreferentziak komentatzeko gogorik balute... aurrera!

Jarraian irakur dezakezue Euskal-Erria aldizkariko artikulua (gogoratu Puigen beste idazlan honen laburpena dela: http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922 ).


********

(1) PUIG Y LARRAZ, G. 1896. Cavernas y simas de España. Descripciones recogidas, coordinadas y anotadas por Gabriel Puig y Larraz. Boletín de la Comisión del Mapa Geológico de España. XX. Tomo I. Segunda serie (1894). Madrid. http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/24922
(2) ARSIP. 2012. L’histoire des explorations depuis le début du XXème siècle. http://s391384129.onlinehome.fr/arsip/index.php/histoire/25-historique-1892-2000
(3) MADOZ, Pascual. 1850. Diccionario Geográfico-Estadístico-Histórico de España y sus posesiones de ultramar. (16 tomo, 1845 eta 1850 artean argitaratuak). Estab. de P. Madoz y L. Sagasti. Madrid.
(4) ADES. 2010. Leizeen eta koben katalogoa. Urdaibai. Catálogo de cuevas y simas. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz. p.344.
(5) DELMAS, JE. 1864. Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(6) ADES. 2010. Op. Cit. p.395,397-398.
(7) COLLETTE, C.1848. Reconocimiento geológico del Señorío de Vizcaya. Bilbo.
(8) ADES. 2010. Op. Cit. p.288, 310.
(9) PRADO, Casiano. 1864. Descripción física y geológica de la Provincia de Madrid. Apéndice B. Noticia sobre las cavernas y simas principales de España. Madrid.
(10) ADES. 2010. Op. Cit. p.391-393.
(11) Ibid. p.330-331.
(12) ibid. p.401-407.
(13) ibid. p.291-292.
(14) ANONIMOA. La gruta de Achurra o de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 268. Donostia. http://actualid-ades.blogspot.com.es/2013/10/atxurrako-kobian-aurkikuntzia.html
(15) GOROSABEL, Oier. ARANZABAL, Gotzon. 2011. Mereludi, lurpeko mundurako atia. “Hondarroa” urtekaria 2011:28-40. Ondarroa. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2012/05/mereludiko-karsta-hondarroa-2011.html
(16) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
(17) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/Urgitxi
(18) NOLTE, E. 1968. Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya. Recopiladas por E. Nolte y Aramburu. p.43. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.
(19) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/abitaga
(20) Puigek hau dio zehazki: Adán de Yarza. Diario de campo, 1893. Seguraski argitara gabeko oharrak dira.
(21) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/oibar
(22) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/lami%C3%B1ak
(23) NOLTE, E. 1968. Op. Cit. p.36.
(24) ADES esplorazio kronikak. http://actualid-ades.blogspot.com.es/search/label/gabaro
(25) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Op. Cit.
(26) GARATE, Diego. RIOS-GARAIZAR, Joseba. RUIZ, Aitor. 2013. El arte parietal paleolítico de la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia). Kobie Serie Paleoantropología 32:5-28. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.  http://www.bizkaia.net/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/Kobie32_Capitulo00.pdf
(27) Puigen oharrean “datos ineditos” dio.
(28) BERGANZA, Eduardo. RUIZ IDARRAGA, Rosa. 2002. Un colgante decorado Magdaleniense del yacimiento de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia). Munibe (Antropologia – Arkeologia) 54:67-77. Donostia. http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/2002067077AA.pdf

PDF-ari lotura zuzena HEMEN.
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats