Ramon Adan de Yarza (1848-1917) |
Ramon Adan de Yarzari Natur Zientzietako interesa familiatik zetorkion; Meatze Injeniari ikasketak egin zituen Madrilen, eta horixe izan zen bere lanbide nagusia. Halere, afizioz, ikerkuntza geologikoan ere aritu zen probetxu handiarekin: gaurko aditu askoren esanetan, Adan de Yarza dugu euskal geologorik garrantzitsuena. (1) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen azterketa geologikoak berak egindakoak dira. Nazioarteko mailan ere, petrografo nagusienetakoa izan zen eta arlo honetako bere ikerketek, besteak beste, nekazaritza lurren aprobetxamendu hobea ahalbidetu zuten Gipuzkoan. (2)
XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza haitzuloen esplorazioan ere jardun zuen, batez ere Lea-Artibai inguruan (Bilbon jaioa bazen ere, familia Lekeitiokoa zuen). Hain zuzen ere, bera izan zen Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aintzindaria Perea y Zuricalday, Mazarredo eta Uhagon bezelako lagunekin batera. Hala ere, urte asko pasatu beharko ziren talde txiki honek hasitako bideari inork segida eman arte; kontuan hartu dezagun, artean, haitzuloen esplorazioa (baita kirola ere, eta Natur Zientziak oro har) klase altuei mugatutako eremua baino ez zela. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zen klase ertainaren indartzea eta, horrekin batera, espeleologiaren loraldia.
Artikulu honetan, beraz, Ramon Adan de Yarzak bere lan ospetsuenaren (3) ildo nagusiak laburbiltzen ditu Euskal-Erria aldizkarirako (hau da, geologian aditua ez den irakurleendako). Oso didaktikoa da, Aro Geologikoen izen arraroak ezagutzen hasteko adibidez. (4) Hain zuzen ere, horixe izan zen autorearen beste ezaugarri garrantzitsu bat: bere ikerketa sakonen emaitzak “kaleko” hizkeran dibulgatzeko zuen dohai aparta. Orain irakurriko duzuen testua da horren froga.
*******
(1) ASTIBIA, Humberto. MURELAGA, Xabier. NUÑEZ-BETELU, Koldo. Ramón Adán de Yarza. Elhuyar aldizkaria 1996/06/01. http://zientzia.net/artikuluak/ramon-adan-de-yarza/
(2) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Ramón Adán de Yarza y de La Torre Lequerica. http://www.euskomedia.org/aunamendi/6473
(3) ADAN DE YARZA, Ramon. 1892. Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Memorias de la Comisión del Mapa Geológico de España. Madrid.
(4) Gaur eguneko denominazioa pixka bat aldatu da. Hemen kontsulta dezakezue: http://eu.wikipedia.org/wiki/Kretazeoa
PDF-ari lotura zuzena HEMEN.
No hay comentarios:
Publicar un comentario