2014/08/12

San Adrianen ermitan indusketak (1894) eta hidrogeologia-fikzio saioa.



Leizarrateko tunelaren ikuspegia XX mende hasieran, San Adrian ermitarekin eta bentaren arrastoekin.  CC-BY-SA: Indalecio Ojanguren

1894 urtean, Leizarrateko tunel famatuko benta eta ermita zeharo utziak eta hondatuak aurkitzen ziren. Zegamarrek San Adrian ermita konpontzeko erabakia hartu zuten, eta lanak hastean, zoru azpian aintzinako hilobien arrastoak aurkitu zituzten. Gipuzkoako Monumentuen Komisioaren enkarguz, herriko parrokiaren arduradunak gaur aurkezten dugun txostena idatzi zuen. 
Alfonso Maria Zabala Euskal-Erria aldizkariaren kolaboratzailea izan zen; batez ere literatura arloa landu zuen, gehienetan hizlauz baina baita bertsoetan ere (1). Bistan da beste arloekiko ere interesa eta sentsibilitatea bazuela, txosten hau berari enkargatu izanak erakusten duenez. Ogibidez abadea izan zen, eta pentsakeraz integrista. Gerora Euskal Esnalea elkarteko zuzendaritzan ere izango zen (2).
Txosten honetan material arkeologikoei buruzko datuak ematen dira batez ere: hilobiak, Iruetxea auzoko bidean jasotako hilarria (egun ermitaren atari gainean dagoena) eta erretaula atzean agertutako inskripzioa. Hala ere, Zabalak ezin dio tentaldiari eutsi eta, nahiz eta bere espezialitatea ez izan (horrela aitortzen du berak), gaztetandik interesatu izan zaion gai bati heltzen dio: espeleologia. Horrela, kobaren sabaian erreka-harri borobilak itsatsita egoteari azalpen hidrogeologiko eta sedimentologiko bat ematen saiatzen da. Azalpen hau gaur egun gaindituta badago ere, interesgarria da hona ekartzea; izan ere, espeleologia zientifikoaren hasieran indarrean zeuden teoriak zer nolakoak ziren jakiteko balio digu.

Detaile moduan, aipa dezagun artikuluaren amaieran datozen 1894 aurreko argazkietan, aintzinako bentaren hormak eta leihoak zutik ikus ditzakegula oraindik.


            (1) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Alfonso María Zabala Echeverria.
(2)   Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskal Esnalea. http://www.euskomedia.org/aunamendi/43170

No hay comentarios:

Publicar un comentario