2020/12/06

Georges Laplace: espeleologia hastapenak eta ibilbide arkeologiko errimea

Oharrak:
 
Aipuak egiteko erreferentzia:
  • GOROSABEL LARRAÑAGA, Oier. 2020. Georges Laplace: espeleologia hastapenak eta ibilbide arkeologiko errimea. Online argitaratua, ADES Espeleologia Elkartearen webgunean, 2020ko abenduaren 6ean.

Laburpena

Artikulu honetan Georges Laplace arkeologo paubetarraren bizitza azaltzen da. Euskal Herriarekin eta espeleologiarekin izandako harremanetatik abiatuta, zientzialari outsider honen jarduna jarraituko dugu. Laplacek autoritate argumentua, hierarkia eta bere burua etengabe kolokan jarri zituen, Europako paleolito-aditu nagusietakoa bihurtu arte.

Laplace, 1940ko hamarkada amaieran. Iturria: MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Sarrera

Georges Laplace (Paue 1918-2004) XX. mendeko arkeologo garrantzitsuenetakoa izan zen. Gizon diskretua, hierarkia ofizialaren zalea ez zen izan eta bere ikerketa ildoa modu independientean eraman zuen, herri giroan, metropolietatik urrun. Ama jostuna eta aita trenbideko langilea zituen, ateoak eta ezkertiarrak. Gazte zelarik eskaut talde laikoetan gogotsu aritu zen, tartean Euskal Herrian eginiko kanpalekuetan. Oinarri hauek bizitza osoko ibilbidearen ildoa markatu zioten.

Laplacek bere burua biarnes, iberiar-akitaniar, agot eta euskalduntzat zuen (COLMONT, 2019). Izan ere, bere ibilbide profesional, zientifiko eta pertsonalaren zati handi bat gure inguruan eman zuen: beti Biarnon bizi izan zen, lehenik Juransonen eta 1963tik aurrera Coarrasan (Zuberoatik kilometro gutxira); eta euskal ikerlariekin harreman handia mantendu zuen. 1946an lehenengotz ezkondu zen, Marie-Henriette Jauretxe gaztelera irakaslearekin; lehen idazlanak, hain zuzen ere, Laplace-Jauretche abizenekin sinatuko zituen. Arkeologia ogibide bihurtu baino lehen Eskiulako maisua izan zen. 1948rako Jose Miguel Barandiaranen Ikuska (Institut Basque de Recherches) elkarteko kidea zen, eta elkarte honetan Espeleologia Sailaren ardura eraman zuen Jesus Elosegi Irazustarekin batera; gainera Ikuskak erbestean (Baionan) eginiko lehen kongresuetan parte hartu zuen. Sasoi beretsuan "Société Internationale d'Études Basques Gernika"ren kidea ere izan zen. 1963an Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea bihurtu zen. Euskal Herriarekiko atxekimendu maila adierazten duen azken anekdota bat 1974 urteko gutun batean aurki dezakegu, non frantsesezko aldarri sutsu bat "Gora askatasuna!" euskarazko hitzekin amaitzen duen (Louis Davidi gutuna; aipu osoa aurreratxoago irakurriko dugu).

1950. hamarkadan Laplacek metodologia arkeologikoa sakonki berritu zuen, estrukturalismoan oinarrituta. Materialismo dialektikoa arkeologiara aplikatuz, indusketa sistema berria (koordenatu kartesiarrekin) eta aztarna arkeologikoen analisi metodoa (Tipologia Analitiko Estrukturala) garatu zituen, biak ala biak gaur egunean indarrean dirautenak.

Eskaut taldea euskal kostaldean, 1937. Laplace erdikoa da. Iturria: MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Gerla eta militantzia urteak

1938an maisu titulua atera zuen; bere lehen destinoa Eskiula izan zen, 20 urte zituela. 1939an mobilizatua izan zen, baina kontzientzia eragozlea zenez, Mont Ventoux-eko Meteorologia Zerbitzura bideratu zuten; han mendiko aktibitateetan trebatu zen. 1939-40 artean alemanen kontrako kanpainan parte hartu zuen eta, desmobilizatu ostean, maisutzara itzuli zen: lehenik Dieulefiten, gero Eskiulan eta ostean Muneiñen. Baina Vichyko errejimenaren aurka zegoenez, naziek ezarritako Derrigorrezko Lan Zerbitzuari uko egin zion eta honek lanean arazoak ekarri zizkion. 1941-42 artean kartzelaratua izan zen.  

Uriageko elitezko koadro eskola militarrean sartu zen; baina hau ere Vichyko errejimenaren kontra ari zenez, 1942an itxi zuten. Eskolako arduradunak Erresistentzian sartu ziren, eta baita Laplace ere; eskaut denboran eginiko kontaktuak oso baliagarriak egin zitzaizkion. 1943an équipe volante direlakoak sortu ziren, makiei trebakuntza militarra eta babesa emateko; Laplace formatzaileetako bat izan zen. Hortaz gain, corps francs-en buruzagia zen, frankotiratzaileen eta frantziar partisanoen kargu. 1945era arte Erresistentziarekin lotutako misioetan aritu zen, Lemoine eta Pèlerin ezizenekin. Frantziaren askapena eta Alemaniarekiko gerra amaitzean, Armada erregularrean sartu zen teniente modura (Ehiztari Alpinoen 25. dibisioa), 1947an lizentziatu arte. Orduan erreserbara pasatu zen, eta honi esker ikasketekin jarraitzeko erraztasunak lortu zituen (azterketa bereziak adibidez).

Beauvallon eskolan (Dieulefit), ikasleekin jolasten nazien okupazio garaian. Baloiarekin, Laplace. Iturria: MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Lehen indusketak, eta metodo kartesiarra

Arkeologia kanpo-lanen lehen aipua 1947ko irailekoa da: Mont-Maurineko harrobiko indusketetan parte hartu zuen, Louis Méroc-en zuzendaritzapean. Azken hau, ogibidez abokatua, Laplaceren irakaslea zen Tolosako Unibertsitatean, eta hiri horretako "Société Meridionale de Spéléologie et de Préhistoire" (SMSP) elkartearen sortzaileetako bat. Hile berean, Laplacek Olha II izeneko aterpean (Kanbo) aztarnategia aurkitu zuen, Olha I aztarnategi famatuaren gain aldean (1913-1919 artean Emmanuel Passemardek ikertutakoa).

1947ko urrian Laplace Ossau bailaran prospekzioan aritu zen Jose Miguel Barandiaranekin; Gorostiarriko mairubaratza elkarrekin industu zuten. Aurrerantzean harremana mantenduko zuten, haien ideologia desberdinak oztopo ez zirelarik (“Laplace’ren etxean bazkaldu det. Bazkalondoan juan zaigu Oskoz gazte erbestetu bat, naparra bera (Olague’koa): komunista emen da, Laplace bezela”, BARANDIARAN, 2019); hain zuzen ere, biak SMSP elkartearen "Pyrénées Occidentales" saileko (SMSPPO) kideak izan ziren.

1948an, erreserbako teniente bezala, Laplace 18. Paraxutista Batailoiaren éclaireur sailaren komandante izendatua izan zen; honi esker, bere agindupeko soldaduekin Ossau bailaran prospekzio arkeologiko intentsiboan aritu zen. Urte honetan, indusketetan aztarnak geografikoki kokatzeko koordenada kartesiarren metodoa garatzen hasi zen, Méroc irakasleak 1930ko hamarkadan hasitako sistemaren gainean. Hain zuzen ere, kuadrikulak lehenago ere erabiliak izan ziren (aintzindarietako bat JM Barandiaran bera izan zelarik) baina intuitiboki, ez sistematikoki. Laplacek 1948ko ekainean erabili zuen sistema hau estrainekotz, Tute de Carrelore kobazuloan (Lurbe); aztarnategi horren informazioarekin bere lehen idazlana argitaratuko zuen (LAPLACE-JAURETCHE, 1949a). 1949an, baita ere, Olhako aterpeko (Kanbo) lanak hasi zituen; urte horretan zundaketak (Muster Aroko tresna eta hezurrak aurkituz), eta indusketak 1953tik 1961 arte.

Poeymaoü aztarnategia (Arudi), 1950. hamarkadan. Laplace goian, ezkerrean dago. Argazkian, baita ere: Georges Laplace (aita), Henriette Jauretxe, François Bordes, Denise Sonneville-Bordes besteak beste. Iturria: MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Espeleologoekin harremanak

Ikusi denez, Laplaceren ibilbide arkeologikoa espeleologia taldeen baitan hasi zen; karstaren beste zientzien ikerlariekin batera, alegia. Izan ere, artean, paleolitoa haitzuloekin ezinbestean lotutako ikergaia zen. Halere, Laplacek laster bere espezialitatean sakondu zuen, eta espeleologoekin harremana mantendu arren, haien jardueratik gero eta distantzia handiagoa hartu zuen. Trantsizio horretan, 1950 urtea mugarri izan zen.

1950eko udaberrian, Etxeberriko karbe ezagunean (Gamere-Zihiga) Bouillon, Capdevielle, Dupuis eta Rekalt ikertzaile zuberotarrek eremu ezagunaren azpian galeria berriak aurkitu zituzten. Hurrengo egunetan galeria berri hauek ikustera etorri ziren Maule, Oloroe eta Paubeko espeleologoak (tartean Pierre Boucher mauletarra, eta Laplace bera); esplorazio lan honetan aurkitu zuten bertako labar-artea.

Udan, San Marti Harriko Espeleologia Taldeko kideak Larrako bortüetan urtero egiten zuten esplorazio kanpainara etorri ziren. Ligin Etxeberriko aurkikuntzaren berri izan zutenean, kobazuloa bisitatzea erabaki zuten eta hara sartu ziren... Laplacerekin hitz egin barik, eta hark ezarritako itxitura hautsiz. Atera zirenean, kanpoan zain zuten Laplace. Entzun beharrekoak entzun eta gero, haren haserrea pixka bat gozatu zen; izan ere, esploratzaile furtiboek labar-arte gehiago aurkitu zuten beraien espedizio honetan. Dena den, handik egun gutxira berriro liskarra izan zuten: Laplace San Marti Harrira igo zen, espeleologoei bisita egiteko, eta Georges Lepineuxek bere materiala artzain-olha baten ondoko aintzinako aska batean utzia zuela aurkitu zuen; esploratzaile zaildu eta mediatikoak ere, beraz, Laplaceren beste errieta sutsu bat hartu zuen. Hasiera txar hau ez zen oztopo izan, halere, harremana mantentzeko: hain zuzen ere, handik bi urtera espeleologoek larrialdia izan zuten, eta Laplace bere espeleologia taldekide zaharrekin bertaratu zen, haiei laguntza emateko.

Istripua 1952ko abuztuaren 13an gertatu zen: barruko esplorazioetan 5 egun igaro ostean, Marcel Loubens okzitandarra San Marti Harriko leizetik ateratzen ari zen. Haren 275 metroak gainditzeko (artean munduko leizerik sakonena zen), taldekideak gindaxaz tiratutako kable bat erabiltzen zuten. Ustekabean, Loubens zeraman kablearen muturra askatu zen, eta espeleologoa 15 metrotako altueratik erori zen. Bizkarra eta burhezurra hautsi zituen, eta bere agonia ia bi egunez luzatuko zen.

Loubens oraindik bizirik zela, espeleologoek bera ateratzeko operazio arriskutsua abiatu zuten. Erronka handia zen, artean espeleolaguntza teknikak garatu barik baitzeuden; baina zauritua salbatzeko aukera bakarra zen. Ohatila ezin zen bakarrik atera, leizearen bihurguneetan trabatzen zelako; horregatik, Lyoneko espeleologo gazteak, aluminiozko zurubien teknika berria erabiliz, txoko hauetaraino jeisten hasi ziren. Ohatilaren pausuari eskuz laguntzeko, 80 metrotako sakonerako plataforman kablea libratuko zuten bolondresak eskatu zituzten; eta Pierre Boucher, Michel Bouillon eta Georges Laplace beteranoak jeitsi ziren lan hori betetzera. Zauritua hil zenean, baina, operazio guztia eten zen eta Loubens leizean bertan lurperatzea erabaki zen. Orduan leize barruan zeudenak ateratzeko lanak hasi ziren: zeregin neketsua, eta arazo teknikoz betea. Esate baterako, Haroun Tazieff kablean zintzilik zela gindaxaren motorra hondatu zen, eta hura erreparatzeko kablea eskuz jaso behar izan zuten; une larri horretako argazkietan ikus daitekeenez, Laplace ere soketatik tiraka aritu zen..

San Marti Harriko leizeko istripua, 1952. Laplace argazkiaren erdian, txapelarekin, gorantz begira. Bere inguruan, besteak beste: Delteil, Treuthard, Occhialini, Casteret. Iturria: Paris-Match / Sautereau artxiboak.


Tipologia analitiko eta estrukturala: metodoaren garapena

Labur esanda, Tipologia Analitiko eta Estrukturala harrizko tresnen sailkapena da, bere ezaugarrien analisi hierarkizatuaren arabera multzoak osatuz; multzo hauen barruan, azpitaldeak ezarriz tresna tipoen arabera; eta tresna mota bakoitzari egitura kode alfanumeriko bat emanez. Esan bezala, Laplaceren ikerketa eremu nagusia paleolitoko aztarnategiak izan ziren. Lan hauetan zehar ezarri zituen etorkizunean berebiziko garrantzia hartuko zuen analisi metodo honen oinarriak.

Bistan denez, Etxeberriko aurkikuntzaren ostean, aztarnategi honek bere indarren zati handi bat hartu zuen. 1952 arte bere ikerketa nagusiak hementxe burutuko zituen: beste esploratzaileek aurkitutako hainbat material aztertu zituen, eta labar-artea sakon estudiatu zuen, bertan egunak eta gauak pasatuz. Hurrengo urteetan, Boucherrekin batera, koban sartzen ziren bisitari furtiboen kontrako borroka luzean aritu zen; itxitura 10 bider konpondu behar izan zuten; 1967an, oraindik, Laplacek Etxeberriko karbeko pinturen higadurari buruzko txostena egin zuen,  Atharratzeko komisaldegian salaketa jarriz. Jendarmeak auzoan galdeketa egin zuten, Pierre Boucherrek lagunduta, baina ezin izan zuten ezer argitu, jende gehiegi baitzen karbea bisitatzen zuena. Horren eraginez, Etxeberriko arte lan gehienek degradazio handia jasan zuten.

1950era itzuliz, urte hartan Mauleko Espeleologia Taldeko kide batzuk (Boucher, Bouillon eta Araneder anaiak) Sasiziloaga izeneko haitzuloan, Ozaze-Züharako lurretan, labar-artea aurkitu zuten. Laplace izan zen artelanak aztertu zituen lehena. Gainera urte berean, Arbailetako beste zenbait kobazulotako aztarnategietaz arduratu zen: Gatzarria (Ozaze-Zühara) eta Harregi karbea (Altzürükü). Basabürüan ere Üztarbe (Larrañe) aztertu zuen, eta beste arkeologoekin batera (Duperier, Barandiaran eta Oskoz) inguruko Ilbarritz, Mouligna, Xaxiño eta Bidarte aztarnategiak ikuskatu zituen. Izan ere, Georges Laplacek harreman estua egin zuen Joxemiel Barandiaranekin: askotan joaten zitzaion Sarako etxera, emaztearekin eta hainbat lagun eramanez (François Bordes, Denise de Sonneville-Bordes, Gabrielle Fabre...). Ordurako elkarrekiko konfidantza handia zuten, politika arazoak ere aipatzeko adinakoa ( “Laplace-Jauretxe eta bere emaztea etorri zitzaieak. Biak komunisten alderdiari utzi diotela esan zeaia; bañan komunista direla. Alderditik atera direla, alderdiko lagunek ongi joka ez direlako; beren iritzia eta beren buruzagiak jainko bezala dauzkatelako; eta bere sinismenen alde gezurra eta gaiztakeria ontzat dabiltzkielako. Etxeberriko karbiari buruz egin duen lana gure aldizkarian agertzeko, amabost edo ogei milla libera bear ditugula esan zoat Laplace’ri”, BARANDIARAN, 2009).

1953ko udaberrian, Aljeriako Gobernuarentzat prospekzioan aritu zen Tarf eskualdean, eta indusketak egin zituen Constantine eskualdean (Faïd Souar, Aïn Hanech eta beste). Udan bueltatu zenean, Olhako indusketetan parte hartu zuen eta Barandiaranekin batera Etxeberriri buruzko argitalpena prestatzen jardun zuen; Barandiaranek Sarako Lezia eta Urio kobazuloetako aztarnategiak erakutsi zizkion. Hurrengo urtean Pirinio Atlantikoetako Monumentu Historikoen Komisioaren kide izendatu zuten, eta berriz Aljeriara itzuli zen: indusketak Mansourah, Sidi Roess Mehta eta Faïd Souar aztarnategietan egin zituen. Han erakunde zientifikoetan ardura nagusiak zituzten espezialistekin harremana egin zuen. Gainera, Louis Mérocekin batera, aurreko urteetan garatutako indusketa sistema kartesiarra argitaratu zuen, eta Toulouseko Natura Historia Museoaren historiaurre saila berrantolatu zuen.

Dirulaguntzei esker, 1954an eta 1955ean bere ikerketa-eremua Tunisiara ere zabaldu zuen. Han, materialismo dialektikoan oinarriturik, tresna litikoen tipologia lantzeko aukera izan zuen; gainera, arkeologoen artean giro adeitsuagoa aurkitu zuen, metropoliko lehia "basatiaren" aldean. Izan ere, orduko frantziar komunitate arkeologikoak ez zuen ondo hartu Laplace proposatzen ari zen tipologiaren unibertsaltasuna (aldaera lokalen berezitasunendako balio ez zuela egozten zioten); baina, zati handi batean, kritiken azpian Laplaceren ideologia marxistaren arbuioa zegoen. Honen kontura, François Bordesekin zuen harremana ere garraztu egin zen (Bordes prestijio handiko espezialista zen, prozedura estatistiko arkeologikoen aintzindaria); hurrengo hamarkadetan elkarrekin izan zituzten tirabirek Laplaceren teorien onarpena are gehiago oztopatu zuten.

1955 eta 1956ean, Barandiaran, Boucher eta Laplace Otsozelaia / Hariztoi kobazuloan lanean aritu ziren, aztarna musteriarrak eta neolitikoak aurkitu zituztelarik. Gainera, Laplacek labar-arte berria lokalizatu zuen erdiko solairuko galeria batean. Erberuako sifoia urpetik gainditzen ere saiatu zen, atzean ustez zeuden galerietara sartzeko asmoz; baina ez zuen lortu. [Oharra: Gaztelu mendixkako sare karstikoaren hiru mailak Edouard Martelek identifikatu zituen 1900ean. Halere, beherengo maila (Erberua) ezin izan zuen esploratu, sarrera ur-sifoi batek itxita baitago. Sifoi hori gainditzeko lehen saiakera Laplaceren hau izan zen; bigarrena Azéma eta Lacroix espeleourpekariek egin zuten 1961ean, hauek ere huts eginez. Sifoia 1973an gainditu zen (Barroumés eta Larribau) eta Erberuako galeria lehorrak aurkitu zituzten, ukitu gabeko aztarnategi arkeologikoarekin].

Georges Laplace eta Delia Brusadin Gatzarriako karbean (Ozaze-Zühara). Egilea: François Lévêque.


1956ean Laplace Erromako "École Française"ko kide bihurtu zen. Italiako eta Afrika Iparraldeko estudio klasikoetara zuzendutako erakunde honek, Alberto Carlo Blanc arkeologoaren aholkuz, historiaurreko ikerketetan sakontzea erabaki zuen retard français zelakoaren aurka egiteko (alegia: beste nazioetako ikertaldeen aldean, Frantziak Italiako historiaurrearen ikerketan sasoi hartan zuen atzerapena). Zentzu horretan, interesa zuten Laplaceren lan egiteko moduarekin, eta arauak hautsiz -normalean Pariseko eskola prestijiotsuenetatik ateratako espezialistak baino ez baitzituzten hartzen- Eskolan sartu zen. Sasoi horretan Laplace Afrika Iparraldeko eta Italiako aztarnategien parekotasunak aztertzen ari zen. Eskolan sartzearekin batera, bere tipologia fintzeko aukera izan zuen, Ameriketan eta Erresuma Batuan kezka bera zuten espezialistekin sintonian. Gainera, Italian atzerriko espezialistekiko zegoen adeitasun handiari esker, Laplacek elkarren etsaiak ziren arkeologoen bildumak aztertzeko aukera izan zuen (italiar batentzat ezinezkoa zena). Hauxe izan zen bere metodoak Italian izan zuen arrakastaren gakoetako bat; esaten denez, Laplaceren paradigmak "Italiako ikerketa paleolitikoak karakterizatu eta uniformatu" zituen (TARANTINI, 2005).  Eztabaidarik ez egoteko beste arrazoi bat: Italian tipologia arloko hutsunea zegoen, eta Laplacerenak hutsune hori bete zuen (Frantzian ez bezala: han bai baitziren lehendik beste tipologia proposamen batzuk). Italiako urte hauetan Marie-Henriette Jauretxerekin dibortziatu zen, Delia Brusadin-ekin ezkontzeko; hau ere arkeologoa, eta Italian museo-kontserbatzaile.

Bestalde, 1957tik aurrera, Homo sapiens neandertalensis osteko industria konplexuen sorrera eta garapena azaltzeko hipotesi bat ere garatu zuen. Alberto Carlo Blanc bere mentorearen "etnolisi / kosmolisi" teoriatik abiatuz, Laplacek Oinarrizko Polimorfismoaren eta Sintetotipoaren Hipotesia formulatu zuen. Teoria honen arabera, Europako Goi Paleolitoko harrizko tresna txiki mota desberdinek Muster aro amaierako oinarrizko tresna mota polimorfiko bakarretik zetozketen (LAPLACE, 1958).

Erroman Palazzo Farnesen (École Françaiseren egoitzan) lehen arkeologo izatera ailegatu bazen ere, 1958an Frantziara itzuli zen. Egoera zailean gainera: han ia bakarrik aurkitu baitzen bere teoriak aurrera eramateko. Ordurako, kolaboratzaile batzuk desagertuak ziren eta beste batzuekin haserretua zen. Horretara, arkeologo batzuekin harremana mantendu bazuen ere (argitalpenen, gutunen edo kongresuen bidez, bereziki Alberto Broglio italiarrarekin), hurrengo urteetan Laplacek isolaturik lan egin zuen: 1961ean Gatzarriako aztarnategiaren indusketari ekin zion eta Arbailletako harpe honetan urteroko kanpainak egingo zituen hamabost urtez, 1976ra arte. Bertatik datu multzo garrantzitsua atera zuen, Erdi Paleolitotik hasita, Goi Paleolitoko lehen konplexu industrialetara arteko sekuentzian.

60. hamarkadan, historiaurreko arkeologiara aplikatutako matematikei edo estatistikei buruzko eztabaidak ugaritzen hasi ziren. Testuinguru horretan, Laplaceren tipologia analitikoarekiko interesa sortu zen Italiako, Espainiako, Alemaniako, Suitzako eta Txekiako hainbat ikerlari gazteen artean.  1968an Laplacek Arudin (Biarno) ikerketa zentro propioa sortu zuen, eta bere teoriek Frantzian ere interesa pizten hasi ziren; horren eraginez, bere presentzia gero eta ohikoagoa bihurtu zen mundu akademikoan.

Hurrengo urteetan jarduera akademikoen ugaltzeak gero eta denbora gehiago kendu bazion ere, Laplacek ez zituen kanpo lanak utzi: 1972an Olha II aztarnategira itzuli zen, urak aztarnategia hondatzen ziharduelako; eta han urjentziazko indusketak burutu zituen 1977ra arte. 1978an, berriz, Erberuako esplorazioa antolatu zenean, Laplace ikertaldearen burua izan zen. Eta erretiroa hartu ostean ere, Gaztelu mendixkako lurpeko sarean jarraitu zuen: 1984ean Izturitzeko koban, Ignacio Barandiaranekin batera, Gela Handiko zutabeko behe-erliebeak berraztertu zituen, haien interpretazioa eguneratuz.

Denborarekin, Laplaceren Tipologia Analitiko eta Estrukturalak ibilbide propioa egin du, egilea  bera gainditzeraino. Bere sistema hau material litikoez harantzago heda daitekeela ikusi da eta, Laplace 2004an hil ostean ere, hezur aztarnak, estratigrafia edo ornodun handien ustiakuntza bezalako sistema desberdinak aztertzeko erabili izan da (ESTÉVEZ, 2015).

Olha II aterpean (Kanbo), 1971; urjentziazko indusketak hasi aurretik. Iturria:MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Laplaceren ibilbide zientifiko atipikoa

Georges Laplacek arkeologiari eginiko ekarpenen balioa oso garrantzitsua izanik, ekarpen horiek egiteko moduak berak ere badu interesa. Laplaceren ezaugarri nagusienetakoak autoritate argumentuaren ukazioa eta teoriak eten gabe errebisatzea izan ziren. Hau bere burutik hasita aplikatu zuen, bere tesian irakur dezakegunez: "Zalantzarik gabe, gure idea zientifikoen multzoa adierazten duten teoriak ezinbestekoak dira zientzia adierazteko. Teoria hauek, era berean, inbestigazio-ideia berrien oinarria ere izan behar dute. Baina teoria eta ideia hauek ez dira inondik inora egia aldaezina, eta beraz beti prest izan behar gara haiek uzteko, aldatzeko, errealitatea azaltzen ez duten heinean. Hitz bakarrean: teoria aldatu behar da naturara egokitzeko, ez natura aldatu teoriara egokitzeko" (LAPLACE, 1966). Bestalde, Laplace hierarkia akademikotik eta metropolietatik urrun mantendu zen: balio handia ematen zion askatasunari, eta bere karreraren zatirik handiena Biarno inguruetan egin zuen. Horrela, arkeologo kideekin izan zituen harremanak gehiago izan ziren indusketa guneetan eta elkarte zientifikoetan, Unibertsitateetan eta Pariseko erakundeetan baino.

Esandakoarekin lotuta, interesgarria da amateur / profesional kontzeptuekiko urteetan zehar izan zuen jarreraren bilakaera; hain zuzen ere, Laplaceren karrera elkarte zientifikoen eta instituzio profesionalen arteko crossover-aren adibide bezala hartu izan da (PLUTNIAK, 2017). Laplacek bere ibilbidea elkarte zientifiko amateurretan hasi zuen: 1947 inguruan, lehen esan bezala, SMSPPOko kidea zen, eta 1948an "Société Préhistorique Française"-n (SPF) sartu zen. Baina 1949an, arkeologoen prozedurak hobetu beharra aldarrikatu zuen, amateurismoaren kontra eta profesionaltasunaren alde agertuz (LAPLACE-JAURETCHE, 1949b). Hitza hitz, 1950ean maisutzan eszedentzia eskatu zuen eta Arbailako aztarnategien ikerketan buru-belarri sartu zen.

1950ean Letretan lizentziatura eskuratu zuen, eta bere maisuen babesarekin, "Centre National de la Récherche Scientifique" erakundean (CNRS) alboko ikerlari bezala sartu zen. Une honetan bere metodologia arkeologikoa garatzen ari zen; eta amateurrengandik bereizteko borondatea areagotu zitzaion, kualifikazio akademikoa goraipatuz eta talde lanaren beharra aldarrikatuz. 1951ean elkarte zientifiko gehienekin hausteko erabakia hartu zuen; artean SMSPPO-ren idazkaria zen, eta elkarte honetatik ere atera zen, modu txarrean eta kide ezkertiarrengandik kritikak jasoz. Dena den, metropolietako arduradun arkeologikoen arteko lehiaren eta gatazka giroan (Parisen eta Toulousen batez ere), Laplace ez zen eroso sentitzen: eremu horretatik urrundu zen, atzerrira bidea hartuz: lehen azaldu bezala Algeria, Tunisia eta Italian zenbait urte pasatu zituen.

Elkarteekin egindako etena, beraz, ez zen erabatekoa izan: 1953an, hain zuzen ere, beste batean sartu zen: Paubeko "Société des Arts, Lettres et Sciences". Urte horretan Laplacek hiri horretako Arte Museoan historiaurreko arkeologia laborategia eta erakusketa galeria sortu zituen, eta bertan eskualdeko SPF-ko kideen bilerak antolatzen saiatu zen Pierre Boucher eta JM Barandiaranekin batera.

1958an Frantziara itzuli zenean, jada ez zuen kolektibo arkeologikoa eraldatzeko lehengo grina. CNRS-ean berriro hartu zuten, baina Italian egindako ibilbide profesional nabarmena ez zioten asko estimatu: alboko ikerlari maila mantendu baitzuen. 1960an etorri zen maila igoera: Ikerketa Enkargatu izendatu zuten, zuzendari baten menpe.

1961ean bere doktoretza-tesia aurkeztu zuen Poitiersen, gero 1966ean argitaratuko zuena. Lan horretan Europako aurrehistoriako ikuspegi orokor anbiziotsua egin zuen industria litikoaren azterketatik, tartean Euskal Herri inguruko hainbat aztarnategiren datuak aurkeztuz: Tute de Carrelore (Lurbe), Saint Michel eta Poeymaü kobak (Arudi), Olhako aterpeak (Kanbo), Isturitze, Berroberria (Urdazubi), Lumentxa (Lekeitio), Gatzarria (Ozaze-Zuhara)... 1966ean, baita ere, Brogliorekin batera tipologia analitikoan oinarritutako ikertalde bat bultzatzen hasi zen. Ordurako, Laplaceren profesional / amateur kontzeptuekiko jarrera nabarmen aldatua zen; horren erakusgarri da arkeologo profesional ezagun bati eginiko kritika (Sonneville-Bordes, artean Ikerketa Maisua CNRS-ean), non haren lan prozedura eta teoriak amateur bezala kalifikatuz gutxietsi zituen (Henri Delporteri gutuna, 1967ko azaroaren 15a.  15 Nov. 1967. Laplace fondoa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac).

1968an, bere tipologia analitikoaren lehen eguneraketa  egin zuen eta bera ere Ikerketa Maisu mailara jasoa izan zen. Honek ikerketa lerroak aukeratzeko, dirua bilatzeko eta proiektuak zuzentzeko askatasuna ekarri zion: ahalmen hori bere ikerketa zentro propioa eratzeko erabili zuen. Arudin, alkatearen laguntzarekin (Georges Houraa, 30. hamarkadako magisteritza eskolako laguna). XVIII. mendeko etxe bat eskuratu zuen bulegoak, liburutegia, laborategia, hitzaldi aretoa, logela eta sukaldearekin: horrela sortu zen "Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri", erreferentziazko ikerketa zentru famatua izatera ailegatuko zen gune atipikoa. Zentruaren berezitasuna hasieratik bertatik nabarmendu zen, haren sorrera ez baitzen CNRS-ren hierarkiarekin negoziatu: tratua Arudiko Udalarekin eta Pirinioko Natur Parkearekin egin zen (azken hau sortu berria zen, eta Laplace bertako aholkulari zientifikoa zen). Hurrengo urtean egin zuten lehen mintegia, eta 1969tik aurrera urteroko bilerak antolatu zituzten udan, tipologia analitikoari buruz. 1973tik aurrera, gainera, aldizkari propioa argitaratu zuten Delia Brusadin Laplaceren emaztearen ardurapean: "Dialektikê. Cahiers de typologie analytique". Laplacek 1983an erretiroa hartu bazuen ere, 1989ra arte urteroko mintegi hauek antolatzen eta aldizkaria argitaratzen jarraitu zuten (Laplaceren jarraitzaileek "Dialektikê" ale berezi bat atera zuten 2006ean, hil osteko omenaldi bezala).

Maison d'Ossau (Arudi). Bertan egon zen kokatuta Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri gunea. Irudia: MARSAN, Geneviéve. (Zuz.) 2010. "Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau". Journées Européennes Du Patrimoine «Les hommes qui ont fait l’histoire...», 2010. Diapositiba sorta.


Arudiko ikerketa taldearen ezohiko ezaugarriak hobeto ulertzeko, orduko arkeologia ikerketaren antolakuntza ezagutu beharra dago. 1968an Parisen izandako gertakariek Frantzian ikerketaren eta goi mailako ikasketen antolakuntzan aldaketak ekarri bazituzten ere, historiaurreko arkeologian botere-banaketa lehen bezala gelditu zen: Parisen André Leroi-Gourhan zen nagusi; Rennes-en berriz, Pierre-Roland Giot; Marseillan Henry de Lumley; eta Bordelen François Bordes eta Denise de Sonneville-Bordes senar-emazteak. Georges Laplaceren inguruan bildutako taldearentzat arerio nagusiak Bordestarrak eta haien laguntzaileak ziren. Haien ikuspegian, François Bordes irakasle autoritarioaren prototipoa zen; Laplacek berriz, talde-lana eta norbere kabuz pentsatzeko askatasuna gorpuzten zuen (PLUTNIAK, op.cit.).

1969an, Laplace Lyoneko "Centre de Paléontologie Stratigraphique"-ren partaide izatera gonbidatu zuten (ikerketa zentru hau CNRS-ekin elkarlanean aritzen zen). Horren ondorioz, Lyoneko hainbat ikasle eta ikerlarik Laplacek zuzendutako indusketa eta mintegietan parte hartu zuten. Kolaborazioa 1974ra arte mantendu zuen, orduan kargu hartu baitzioten bere kasa ibiltzeko joerarengatik: "Jakin behar duzu epeak, arauak, inprimakiak daudela, eta zuk ez duzula ezer bete; eta hori ez dela ikerlari heldu baten aldetik onartu daitekeen portaera. Halere, Eluard jaunari arazo txiki honi buruz hitz egin diot, lagun artean konpondu daitekeelakoan. Baina berriro diotsut, alde ofizialetik, hau ikerketa egitura ofizial batean ez zarela integratzen erakusten duen beste froga bat da" (Louis Daviden gutuna Laplaceri, 1974ko martxoaren 15a. Laplace fondoa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac). Erantzunean, Laplacek bere askatasunaren aldeko aldarria berretsi zuen: "«Ikerlari isolatua?» Ez; ikerlari autonomoa, ikerlari independientea, ikerlari librea, bere ikerketak bezalakoa, ugazabei eta haien bezerotasunari kasurik egiten ez diona, bere kideekin lasai lan egiten duena, karrera egiteko asmorik gabe. Paleontologia Estratigrafikoko Zentruak ohore egin dio haren ateak ireki dizkionean, gizon aske baten portaerak Zentruari ohore egin dion modu berberean. Gora azkatasuna!" (Louis Davidi gutuna, 1974ko martxoaren 21a. Laplace fondoa, Musée National de Préhistoire, Les Eyzies–de–Tayac. Azken bi hitzak (sic) euskaraz daude Laplaceren jatorrizko testuan).

1971ean, bere Tipologia Analitikoaren bigarren eguneraketa argitaratu zuen. Urte berean "Université de Pau et des Pays de l'Adour" sortu berrian sartu zen, Letra Fakultatean Kuaternarioko Geologia eta Arkeologia kurtsoa emateko. Ordurako kanpoan arrakasta izandako Laplaceren teoriek "etxean" ere onartuak izaten hasi ziren, eta bere presentzia gero eta ohikoagoa bihurtu zen mundu akademikoan. 1974ean, Morellan (Castelló) "I Coloquio Internacional de Prehistoria" ospatu zen, Mollet i en Serinyà aztarnategian ari ziren geologo eta arkeologo independienteek deituta (akademia ofizialetik aparte aritzen ziren); solasaldi-mintegi hau Georges Laplacek eman zuen, Ignacio Barandiaranen laguntzarekin. Francoren diktaduraren azken urteak ziren, eta Espainiar paleolitisten panorama atzeratuan bilera honek inpaktu handia izan zuen, Espainia aldeko jendea Arudiko mintegietara erakarriz.

1978an, Laplacek beste maila bat igo zuen CNRS-ean: oraingoan Ikerketa Zuzendari bihurtuz. Sasoi horretan Arudiko zentroan bera zen ikerlari nagusia, eta lau bolondres laguntzaile aritzen ziren (Delia Laplace-Brusadin, Françoise Lavaud, Michel Livache eta Sylvie Prudhomme). Garai horretan hierarkiari eta profesionaltasunari egiten zion kritika oraindik gehiago zorroztu zen: "Ikerketa egiten duten instituzioak hierarkia astun, menperatzaile batek zuzenduak daude; hau hierarkia sozialaren islada da, hierarkia erlijiosoaren eta Erdi Aroko instituzio unibertsitarioen oinordekoa. Benetako ikerlaria, halabeharrez, botere zaletasunetik zein menpekotasunaren zaletasunetik libre dago; eta zoritxarrez, hierarkia honekin talka egiten du, zeinak eskuarki berritasuna ukatzen eta gogogabetzen duen, hartaz jabetzeko esperantzan onartzen ez duenean behintzat. Horiek al dira zuk aipatutako profesionalak?" (Jean–Georges Rozoy-ri gutuna, 1982ko irailaren 16a).

Erretiroa hartzearekin batera, 1983an, Laplace Ohorezko Ikerketa Zuzendari izatera pasatu zen CNRSean. Halere, esan bezala bere ibilbide zientifikoa ez zen horrekin amaitu:1983, 1985 eta 1986an Euskal Herriko Unibertsitatearentzat mintegiak eman baitzituen Gasteizen. 1990 urtean, berriz, Arudiko udal arduradun berriekin desadostasunak izan zituen, eta bere bildumak herritik atera zituen ("Eruri" zentruaren eraikin berean zegoen "Maison d'Ossau" museotik, alegia); 1993an Les Eyzies-eko Historiaurre Museo Nazionalean lagako zituen. Delia emaztea 1997an hil zen, eta Georges bera 2004ean; bost urte lehenago, Frantziako Gobernuaren aldetik "Chevalier de la Légion d'Honneur" izendapena jasoa zuen, bere bizitzako ibilbideari aitortza gisa.

"Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri" gunean, beste espezialistekin lanean. Irudia: Michel Livache.


Testuan aipatutako bibliografia

  • BARANDIARAN, José Miguel. 2009. "Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental". José Miguel de Barandiaran Fundazioa. Colección Sara 8. Ataun.
  • COLMONT, Gérard. Arkeologoaren webgune pertsonala, 2019ko urriaren 9an kontsultatua.
  • ESTÉVEZ, Jordi. 2015. "Arqueozoología analítica. Otro ejemplo práctico derivado de la obra de Georges Laplace". Pp:48-60. In: CALVO, Aitor. SÁNCHEZ, Aitor. GARCÍA-ROJAS, Maite. ALONSO-EGUÍLUZ, Mónica. (Eds.) 2015. "Seis décadas de Tipología Analítica. Actas en homenaje a Georges Laplace. 13, 14 y 15 Noviembre 2012, Vitoria-Gasteiz". Grupo de Investigación en Tipología Analítica.
  • LAPLACE, Georges. 1958. "Recherches sur l'origine et l'évolution des complexes leptolithiques : le problème des Périgordiens I et II et l'hypothèse du synthétotype aurignaco-gravettien: essai de typologie analytique". Quaternaria V:153-240.
  • LAPLACE, Georges. 1966. "Recherches sur l’origine et I’évolution des complexes leptolithiques". These École Française de Rome. Mélanges d’Archeologie et d’Histoire, Suppléments 4(XII). 586 pp. Ed. De Boccard, Paris.
  • LAPLACE-JAURETCHE. Georges. 1949a. "Gisement Azilien de la Tute de Carrelore, à Lurbe (B-P). Découvertes et Outillages". Société Méridionale de spéléologie et de Préhistoire, p:227-236.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1949b. "Prospections et fouilles". Eusko-Jakintza. Revue d’Études Basques 3:466–470.
  • PLUTNIAK, Sébastien. 2017. "The Professionalisation of Science – Claim and Refusal: Discipline Building and Ideals of Scientific Autonomy in the Growth of Prehistoric Archaeology. The Case of Georges Laplace's Group of Typologie Analytique, 1950s–1990s". Organon 49:105-154.
  • TARANTINI, M. 2005. "Georges Laplace in Italia tra tipologismo e antropologismo. Appunti per una riflessione storica". Pp:31:40. In: MARTINI, Fabio (ed.). 2005. "Askategi. Miscellanea in memoria di Georges Laplace". Rivista di scienze preistoriche 55, supplément 1. Istituto Italiano di Preistoria e Protostoria. Firenze.

No hay comentarios:

Publicar un comentario