Gaur arratsaldez, hiru speleo hitzaldi ditugu gure inguruan:
Markina-Xemeinen (Josu Zeberio), Mendaron (Leizarpe EspeleologiaTaldea) eta Lekeition. Azken hau Garratxa I kobazuloan (Lumentxa
mendia, Lekeitio) dauden grafiti historikoei buruz izango da,
Edestiaurre Arkeologia Elkarteko Iñaki Libanoren eta Iñaki
Intxaurberen eskutik (azken hau ADES-eko kide ohia). Gaia behintzat
oso interesgarria da.
Garratxa I-ean dauden pintada guztien artean, esate baterako,
xelebreenetako bat seguru komentatuko dutela. Hauxe:
Bistan denez, Isabel II Espainiako erreginarena da; hain zuzen
ere, gauza jakina da 1868 urte horretan Lekeition uda pasatzen
zegoela, La Gloriosak bertan harrapatu eta erbesteratu egin behar
izan zenean. Pentsatzekoa da grafitia bere sekitoko norbaitek egina
izango dela, andre txit gorenak ez zituelako eskuak zikindu nahiko.
Edo agian bai; izan ere, badakigu Isabel Borboikoa kobazalea zela.
Arrasaten eginiko egonaldietan, behintzat, Galarra ere bisitatu zuen.
Bestalde, badakit Libano azterketa mota bera egiten ari dela
Atxurrako kobazuloan, eta agian hitzaldi honetan hango grafitiei
buruzko zerbait ere komentatuko du. Ez dakit jada lan hori amaitua
duen (teorikoki lan talde bereko partaideak garen arren, ez baitut
Libano jauna pertsonalki ezagutzeko plazerra), baina seguraski
dagoeneko beste hau ere aztertuko zuen.
Pintada xume hau da Atxurran nire kutunena. Izan ere, Atxurrari
buruzko azterketa historikoa egin ostean aurkitutakoa da, eta horri
esker deduzitu ahal izan nuen bere egilea eta urtea: Guillermo
Irurroarizaga, 1882. Atxurrari buruz historiako lehen kronika idatzi
zuen esploratzailearena, alegia.
Oier Gorosabel Larrañaga
No hay comentarios:
Publicar un comentario