2018/03/22

Aldundia: planifikazioa ala inprobisazioa?


Martxoaren 22ko albiste sorta honekin irribarre gazigozoa etorri zait, Bakioko alkatearen kexa irakurriz: planifikazioa egiteko hitzorduaren zain egon direla eta... “Hara! Ez gara bakarrak”, pentsatu dut, ADES Espeleologia Elkartea ere urte eta erdiz horrela egon baita, Bizkaiko Foru Aldundikoen deiaren zain, Armintxen egin gabe dauden lanak planifikatzeko (harik eta duela pare bat hile, haien deskontsiderazioarekin nazkatuta, proiekturik ateratzea erabaki dugun arte).

Elizaren, Kosta Departamentuaren eta Udalen kexa hauek ere Aldundiaren ohiko prozedimentu eskasaren erakusgarri dira, eta Atxurrako grabatuen aurkikuntza gogoratu didate: urtebetez ezkutuan mantendu genuen arren, BFA-k ez zuen Berriatuako Udala informatu ere egin; prentsatik enteratu ziren. Orain Armintxeko lanen kudeaketa ere, bide beretsutik doa (berriki facebooken azaldu dudan bezala), eta zati handi baten Kultura Sailaren arduragabekeriarengatik da. Bai; ADES-ekoak gogaituta gaude Aldundiarekin; eta hau ez da labar-arte aztarnategi berriak aurkitzen jarraitzeko egoerarik onena.

Nire ustea da, BFA-n inprobisazio eta inkonpetentzia honen errudun nagusiak ez direla politikoak (Lorea Bilbao kultura diputatua eta Unai Rementeria ahalduna, alegia). Ez; hauek inork jarritako piezak dira, erraz ordezkatzekoak (dimisioak), eta gehienetan, aholkulariek gomendatutakoa sinatzera mugatzen direnak. Hain zuzen ere, hortxe dago koxka: agintaldiak joan, agintaldiak etorri, haien postuetan ongi instalatuak dauden teknikoengan. Espeleologook “sufritzen” ditugunak –arkeologia arloan behintzat- Mikel Unzueta Portilla jauna eta bere sarekoak dira; baina seguraski antzeko elementu gehiago ere egongo dira. Haien nagusi politikoen erantzukizunaz gain, tekniko hauei ere horrelako jokaerengatik erantzukizuna eskatu beharko zaie; bestela, arduradun politikoak purgatu arren, arazoaren sustraiak ukitu gabe jarraituko du.

Oier Gorosabel Larrañaga

2 comentarios:

  1. Ez okertu, Oier. Teknikoak errudun dira, baina neurri batean bakarrik. Politiko horiek politika jakin batzuk gauzatzeko eta beste batzuk zapuzteko daude jarrita hor, eta ondo be ondo beterzen dute bere egitekoa. BFAk badu kultura-politika bat, ez zuri ez niri gustaten ez zaiguna, guk maite eta sustau nahi dugun kultura baztertzen duena beren paparretan dominak jarri eta paperetan agertzeko ez bada. Bestela, kultura handikerietan ibiltzea dute maite. Eta zuk mentatu dituzun politikari horiek biak ondo dakite nor bultzatu behar duten eta nor ez, teknikoek diotena diotela.

    ResponderEliminar
  2. Interesgarria. Eskerrikasko ekarpenarengatik!

    ResponderEliminar