2017/01/09

Baltzola 1907 eta Barandiaran 1917



Euskal-Erria aldizkari donostiarrak 38 urte iraun zituen (1880-1918). Tarte horretan, euskal intelligentsiaren topaleku bilakatu zela esan dezakegu: izan ere, bere orrialdeetan, euskal kultura munduko VIP gehienak aurki ditzakegu une batean edo bestean, zerbait esateko zuten beste idazle “kaletarrago” askoren artean. Aldizkaria material askoren bilduma da: mami askoko artikuluak, zein arinkeriak (donostiar topikoarekin bat eginez). Artikulu sail honi amaiera ematen dion ale honetan, adibide biak batu ditugu: batetik, F. Aretxabala izeneko jaunak sinatutako espeleo-olerki kitsch xamarra; bestetik, berriz, Jose Miguel Barandiaran arkeologoak 1917-18 ikasturteari hasiera emateko aurkeztutako hitzaldi famatua.

Aretxabalaren testuak ez du azalpen handirik behar: espeleotemen edertasunari kantatzen dio, eta horrekin dena esanda dago.

Barandiaran gaztearen hitzaldia, berriz, interesgarriagoa da: Euskal Herrian ordura arte ezagutzen ziren aurkikuntza prehistorikoen sintesia egiten baitigu. Dena hasi berri zen: sasoi hartan maisu handiek (oso modu prekarioan hasitakoak eta oraindik bizi zirenak) eginiko lan guztiak 20 orrialdetan bil zitezkeen.
Ikusiko duzuenez, kobazuloetan agertutako aztarnategi garrantzitsuenak 388-390 pajinetan aipatzen ditu, egindako lan arkeologikoen laburpena eginaz: Aitzbitarte, Atxurra (Armiña izenarekin; hauxe da Barandiaranek izen hau erabiltzen duen lehenengo aldia[1]), Baltzola eta Santimamiñe (“Cueva de Basondo” izenarekin, aurkitu berria, eta artean aztertu gabea). Hortik aurrera, Euskal Herrian ezagutzen dena azaltzen du, estazio megalitikoei garrantzi berezia emanaz.


[1] GOROSABEL, Oier. 2016. Una cavidad con dos nombres. Buscando un consenso toponímico sobre Atxurra y Armiña. ADES Albisteen Bloga. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2016/03/una-cavidad-con-dos-nombres-buscando-un.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario