Imajina ezazue Chomolungma mendia, beste izenez Everest. Bere tontorrera ailegatzeko, espedizio handiak behar dira: hainbat egun bidean... kanpaleku desberdinak, garaiera progresiboan... eguraldi egokia... garraio laguntzaileak... Hori gaur egunean; atera itzazue kontuak mendia estrainekotz igo zenean: 1920. hamarkadan izan ziren lehen saiakerak, eta 10 espedizio inguru saiatu behar izan ziren 1953an Hillaryk eta Norgayek tontorra zapaltzea lortu zuten arte. 33 urte luze...
Imajina ezazue Everest, bider bost. 40.000 metro altuko mendi erraldoia. Belaunaldiz belaunaldi txandakatu diren espedizioak; ezagupen teknikoen eta materialaren faltan, arroila baten atarian gelditu izan direnak batzutan; taldeko gaztetxoek gaindituko duten arroila, 20 urte geroago... hurrengo amildegiaren ertzean gelditu arte. Esploratzaile zaharrak oraindik bizi direnez, gazteen aholkulari gisa arituko dira. Haiek hil eta gero ere, espedizioek etenik ez dute izango: urteak joan, urteak etorri, kanpalekuz kanpaleku, gizakiarendako ezezagunak diren lurrak aurkituz, argazkitan jasoz, mapetako hutsuneak betez... Zaharrek gazteei txanda emanaz, etenik gabeko katean, 100 urte baino gehiagoz gaur arte.
Chomolungma-bider-bost den mendi ezezagun hori existitzen da, eta Euskal Herrian bertan dugu. Zehazki esanda, Biarno eta Aragoiko mugan dago, eta ez da zerurantz igotzen, lurperantz jeisten baino. Larra izeneko eskualdea da, Arlas, Ahüñemendi eta Hiru Erregeen mendien artean zabaltzen dena, eta haren azpiko leizeek osatutako labirintoak munduko sakonera errekorra hautsi du hainbat alditan. Esplorazioak 1907an abiatu ziren, Edouard Martelekin, Holtzarte eta Kakuetako uren jatorria argitu nahian; 1930 hamarkadan, Max Cosyns eta Norbert Casteret izan ziren esplorazioei segida eman zietenak; 1950 inguruan, berriz, bitarteko tekniko hobeekin, Okzitania eta Normandiako espeleologoek bultzada handia eman zieten San Martin Harriko leizeen esplorazioari; euskaldunak 60 hamarkadan agertu ginen bertan: harrezkero gipuzkoar, nafar eta xiberotarrak etenik gabe aritu izan dira, besteekin batera.
Gaur egunean ere, urtero, Areta eta Izaba arteko mendietan 150 espeleologo inguru biltzen gara, ARSIP erakunde zientifikoak koordinatuta. Aiton-amonak lurrazalean, seme-alabak eta bilobak lurpean, denak labirinto erraldoi horretako arroiletan eta amildegietan behera jarraitzeko ilusio horretan kateatuta. Larrari espeleologiaren Himalaya esaten diote, ez alferrik!
"Talaiatik" Info7 Irratiko saiorako kolaboraziñua, 2016ko urrixan 19xa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario