2008/12/10

Busturialdeko Hitzan

Abenduan 10ian Busturialdeko Hitzan agertutako albiste hau Oierri egindako alkarrizketa telefoniko baten interpretaziño "oso libria" da. Datu harrigarrixak emoten deskuz, baitta ADES-ekuendako be: oin Ullako Ubegittik itxasora allegau ei leike!!!


http://www.ektsa.net/gifak/azala_busturialdekohitza.jpg

Oso pozik agertu da Ades espeleologia taldea XXVII. jardunaldien emaitzarekin

Kultura

Ehun espeleologotik gora batu ziren Lurraskan, harremanak sendotu eta elkarrengandik ikasteko.

endika urlezaga

Abenduaren 6tik 8ra XXVII. jardunaldiak izan ziren Euskal Espeleologoen Elkartearen eta Ades espeleologia taldearen eskutik. Hain zuzen ere, Ajangizen dagoen Lurraska ingurumen hezkuntzarako zentroan 100 espeleologotik gora batu dira jarduera ezberdinetan.

Bertan, tailer eta hitzaldiak egin zituzten. Irteerak, berriz, Busturialdea eta Lea-Artibaiko kobatara egin zituzten. Oier Gorosabel Ades espeleologia taldeko kideak jakinarazi bezala, «aurtengoan, gainera, inoiz baino kutsu zientifikoagoa izan dute jardunaldiek eta oso aberasgarria izan da. Arlo zientifikoaren aldetik, esan daiteke kongresu pisutsua izan dela eta, parte hartu duten kluben esanetan, oso betea».

Balorazio oso positiboa

Gorosabelen hitzetan, «Euskal Herri mailako jardunaldi hauen helburu nagusia espeleologoen arteko harremanak estutzea da. Horrela, besteek egiten dutenaz ikasi dezakegu gero bertan aplikatzeko». Bere ustez, gainera, lortu egin dute helburua eta orain apur bat gehiago dakite hainbat gaitaz.

Adeseko kidearen esanetan, guztia joan da bere bidetik eta jardunaldiak arrakastatsuak izan direla esan daiteke. Balorazio oso positiboa egiten du.

«Alderdi zientifikoa asko landu izana da berezitasun nagusia»

Oier gorosabel ð- Ades espeleologia taldeko kidea

Kultura

Kantabriako espeleobuzeatzaileak ere egon dira Ulla Ubegixe kobaren nondik norakoak aztertzen.

e. urlezaga



Oier Gorosabel Ades espeleologia taldeko kidea da eta, aurten, jardunaldietan parte hartzeaz gain, antolatzaile lanetan ere ibili da.

Jardunaldiek espeleologoen arteko harremanak sendotzeko balio zutela esan zenuen. Lortu duzue?

Baietz uste dut. Jendea, gainera, oso gustura gelditu da. Azken jardunaldiak orain bost urte egin ziren eta, espeleologo zaharrek esaten dutenez, jardunaldi hauen berezitasuna alderdi zientifikoa asko landu izana izan da. Espeleologiaren barnean espezializazio asko daude eta jardunaldi hauetan guztietatik apur bat ikasi dugu.

Zenbat irteera egin zenituzten domekan?

Sei izan dira Urdaibaiko eta Lea-Artibaiko kobetara egindako irteerak.

Arazoren bat izan al zenuten?

Orohar, ondo joan ziren irteerak. Bakarren batek estuasunen bat pasa zuen galeria txikietan, baina irteerei emozio pixka bat emateko balio izan zuen [barreak]. Kontuan izan behar da koba zailak zirela. Adesekook ondo ezagutzen ditugu koba horiek, baina kanpokoek gehixeago sufritu dute. Sufritu eta gozatu.

Kantabriako espeleobuzeatzaileak ere egon ziren Ulle Ubegixeko koban. Zertan ibili dira?

Ulla Ubegixek itsasoraino heltzen den gune bat du urez beteta eta hori ikustera etorri dira. Bazekiten ezingo zirela pasatu, aztertzen ibili baitziren udan sartu ahal izateko. Negua izanik, ur asko dago eta sifoia ezin daiteke zeharkatu. Hori dela eta, azpiegitura kontuak zehazten ibili dira. Era berean, euri garaian sifoiak zer nolako portaera duen ikusi dute.

Zer da gehien gustatu zaizuna?

Parte-hartzaileei gustatu izana gustatu zait. Bereziki interesgarria izan da Pedro Castaños Aranzadiko kidearen paleontologiari buruzko hitzaldia. Santimamiñeko interpretazio zentroan aurkitu zituen hezur batzuei buruzkoa izan zen. Bertan orein hezurrak eta ezagutzen diren Europako rinozero hezur bakarrak aurkitu zituen Castañosen taldeak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario