|
Hónek markok ez dirudixe oso interesgarrixak... oin dala 1200 urte egindakuak dirala jakin arte! Irudixa: Arrasate Zientzia Elkartea. |
Hona "Euskal-Erria" aldizkarittik etaratako beste speleokronika bat; oinguan Arrasatekuen interesekua izango da batez be. Lagun talde batek
Galarra / San Valerio haitzulora 1884an egindako bisittian kontakizuna da. Horren kontura, Udalatx azpiko zuluen historixa pizkat ezagutzeko aprobetxau dogu.
***
Sancho el Sabio Fundazioari esker, Euskal-Erria
aldizkariko bilduma osoa sarean dugu, erraz kontsultatzeko moduan. Argitarapen
honetan kultur gaiei buruzko informazio asko dago, eta gaur horren zatitxo bat
aurkeztuko dugu.
Oraingoan, Leon Kapelastegi jaunak lagun batzuekin Arrasateko Galarra
haitzulora egindako eskurtsioa azaltzen digu. Umore onez eta orduko estilo
literario loretsuan, egun beteko jardunaldia kontatzen zaigu Elorriotik Kanpazarrera
eta handik Udalatxeraino eginiko zeharkaldia azalduz, dena oinez noski (testuan
aipatzen diren Volalach eta Velalach Udalatx izenaren akats
tipografikoak dirudite). Gaur egungo ikuspegi espeleologikotik, kronika honek
ez du ekarpen handirik egiten, noski. Hala ere, urte hoietan esploraziorik ez
zenez egiten kontakizun hauek badute lekukotasunaren balioa.
Galarrako koba historian zehar
Belaunaldiz belaunaldi, Galarrako koban Valerio saindu kristaua bizi
izan zela kontatu izan da. Kondaira benetakoa izatera, VII gizaldian kokatu
beharko genuke. Aintzinako meatzariek patroitzat hartutako saindu hau Bierzo
eskualdean (Galizia eta Leon artean) jaio omen zen, eta itsasoz ailegatu zen
Euskal Herrira. Galarran ermitau modura bizi izan zen, eta kontatzen denez,
haitzuloetan bizi ziren sorgin eta piztiak uxatzeko abildadea zuen (1).
Erdi Aroan Arrasateko altzairua mundu osoan ezaguna bihurtu zen. Haren
kalitatearen sekretua Udalatx barreneko burdin-mearen ezaugarriak ziren (2). Venaquero edo meatzariek lokatzetik ateratzen
zuten, XVII gizaldian agortzen hasi zen arte. Eskualdeko espeleologia taldeek
ustiaketa mota honen aztarnak behin baino gehiagotan aurkitu izan dituzte.
Galarrako koba ere ezagutzen zuten (Arrasateko Espeleologia Taldeak 1973an
topografiatu zuen), baina zati batzu sekuritate arrazoiengatik esploratu gabe utziak zeuden. 2012 urtean lau
gazte sektore honetan barneratuta galdu ziren; haien erreskatean joandako
espeleologoek sorpresa galanta hartu zuten. Izan ere, uste baino galeria
ezezagun gehiago zeuden, venaquero
zaharren aztarna ugarirekin gainera: lokatzetan markak (nagusi eta haurren oin
eta eskuenak, otzarenak, erremintenak...), meatzaritza-tresnak, sukaldeko
ontziak, labar-grabatuak, hezurrak... Momentu honetan ikerketa martxan dago (3),
eta seguraski Erdi Aroko fase honi buruzko informazio argigarria emango digu
datozen urteetan.
1845ean Espainiako Isabel II-ak Arrasaten igaro zuen uda, eta egun baten
Galarrara eraman zuten eskurtsioan agintari, senide, kortesano, kazetari eta
herriko jendeak lagunduta (4). Erregina gazteak (15 urte) zuloan sartzeko gogo
handia erakutsi zuen, baita barruko estuasunetan saiatu ere. Orduko ohitura
tamalgarriei jarraituta, paretak zikintzen eta espeleotemak hausten ere jardun ei
zuten Isabelek eta bere lagunek; bisita honen oroigarri dira bertan aurkitzen
diren metalezko plakak. Kuriositate modura, esan dezagun erreginak afizioarekin
jarraitu zuela: Lekeitioko Garratxa koban ere berorrek egindako pintada bat aurki
daiteke, 1868 urtekoa (bere erregetzaren azkena; hain zuzen ere, I
Errepublikaren aldarriak Lekeition bertan harrapatu zuen eta bertatik
erbesteratu behar izan zen).
Urte gutxi pasatuta, bisitari adeitsuagoak jaso zituen Galarrak: espeleologia
zientifikoaren hasierako urteak ziren. Artean esplorazio sakonaren teknika ez
zen ezagutzen Euskal Herrian (1892an erabili zuen Edouard Martelek estrainekotz,
Zuberoan) eta beraz ikerketa lanak sarreratik hurbil burutzen ziren:
bioespeleologia eta arkeologia mailan, batez ere. 1879 urtean Carlos Mazarredo Galarran
ibili zen animali troglobioak jasotzen; 1881ean, hark jasotako laginetatik Serafin
Uhagonek espezie berriak deskribatu zituen: Bathyscia
mazarredoi eta Speonomus
(Speonomidius) crotchi mazarredoi izendatu zituen komunitate zientifikoaren
aurrean (5).
Gure gaurko artikulu honetatik, Kapelastegi eta bere lagunak pertsona
jantziak, ikasketadunak zirela ondoriozta dezakegu; seguraski aurrekari hauek
guztiak haien interesa piztuko zuten. Gainera, parranda giroan egindako
eskurtsioa izanagatik, lagun kuadrilla honek bisitan zehar errespetua erakutsi
zuela dirudi: ez da aipatzen behintzat espeleotemak hausten edo hormetan
idazten aritu zirenik.
Jatorrizko dokumentua:
·
CAPELASTEGUI,
Leon. 1884. La gruta de San Valerio en
Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia.
Dijitalizazioa:
·
Sancho el Sabio Fundazioa
2011 http://hdl.handle.net/10357/2813
Aipuak:
1.
OLIDEN, K.
2013. La reina Isabel II y el otro San Valerio. El Diario Vasco
2013-X-13. Donostia.
2.
URDANGARIN, C.
IZAGA, JM. 2011. Aintzinako lanbideak.
Arrasateko altzairua. Gipuzkoako Foru Aldundia.
http://www.aintzinakolanbideak.net/eu/industriales/espaderos/mondragon.asp
3.
ARRASATE
ZIENTZIA ELKARTEA. 2013. Elkarlana /
Colaboración. Arrasate. http://arrasatezientziaelkartea.blogspot.com.es/2013/10/elkarlana-colaboracion.html
4.
VELEZ DE
MENDIZABAL, JM. 2013. Isabel II San
Valerixoko leizean. Hots Begi Danbolinak bloga.
http://txemax3.blogspot.com.es/2013/09/isabel-ii-san-valerixoko-leizean.html
5.
UHAGON, S. 1881.
Especies nuevas del género Bathyscia
encontradas en Vizcaya. Anales de la Sociedad Española de Historia Natural
I(X). Madrid. Iruzkina Euskal-Erria aldizkarian
http://meta.gipuzkoakultura.net/bitstream/10690/67202/1/AM_302015.pdf