2011/01/22

2010ko jardueren memorixia


Urtero lez, 2010ian egindako jardueren memorixia argitaratu dogu. Hauxe da edukiñen zerrendia, eta aurkezpena:

1. Aurkezpena 3
2: Urdaibaiko Leizeen eta Koben Katalogoa 4
2. Diario de actividad 6
3. Asteroko jardueren kronikia 29
4. Historia de los catálogos y listados de cavidades de Bizkaia (2ª parte). 73
5. Sistema Malloku 74
6. HITZA egunkarixakin elkarlana 86
7. Grupos que se quedan sin gente, y además se ahostian. 91
8. Zubieta I eta II koben azterketia. Saneamenduari buruzko dokumentuak Lekeitioko Udal Artxibuan 94
9. 2010ko Balantze Ekonomikoa 102

Lurrazalaren erritmo zoroaren aldean, lurpeko munduko erlojuaren orratzak astiro doaz. Estalaktiten tantek markatzen dituzte orduak, isiltasuna da hango musika bakarra. Eremu ezezaguna da, gizakien bistara itsutua, baina ez horregatik ahaztutzea komeni dena: gure etxeetako txorroetan edaten dugun urarengatik baino ez bada ere.

Euskalherri osoan legez, gure eskualdean ere espeleologian aritzeak etengabeko abentura esan gura du: ez baikara alferrik ibiltzen –ia astero- gizakiak sekula zapaldu bako eremuetan. Zeinek esango luke gero, askok uste dutenean euskal esplorazioak XIX gizaldiko Manuel Iradierrekin amaitu zirela! Bada, hala da bai: mundu hauskor, delikatu, erakargarri, misteriotsu eta arriskutsu horretan barneratzen gara ADES taldekoak joan den 30 urtean. Asteroko lan isilean jasotako datu zientifikoak gure artxiboa elikatzera doaz; baina emaitzak ez dira Unibertsitate edo ikerlari mailan geratzen: tarteka, herrietako bizimodu praktikoan sartzen baikara, egunero darabigun uraren gorabeherekin hain zuzen ere.

2010 urtean, lehenengoaren adibide politak ditugu EHUkin egindako kolaborazioak (Arteagako Argatxa kobazuloko oligoketoen ikerketa), edo Busturiako Apraiz-Goikoetxe koba, non Euskal Espeleologoen Elkarteak haren arkeologia, paleontologia eta geologia balioak ikertzeko ardura hartu duen. Herriaren bizimoduaren alderdi praktiko hori, ordea, Foruako Arrola ubegian izan dezakegu, Urdaibaiko Patronatoa eta URA Agentziarendako egindako beharretan hain zuzen ere.

Lurrazaleko karst eremuen azterketak ere gure jardunaren parte garrantzitsua hartu du: Atxarre eta Urregarai-Bedartzandin batez ere. Eta jakina, baita lurrazpikoa ere: esplorazio nagusienak Alperdo eta Lezandipian egin baditugu ere, eskualdeko beste haitzulo askotan ere ibili gara lanean: Montoille, Lezate, Ugarte Abeletxe, Urgitxi, Garratxa, Basobarri, Elizburu, Estrikillo, Boluna...

Zelan ez, espeleologia hobeto ezagutu nahi dutenekin ere ibili gara, lehenengo koba “errezetan” barneratuz (Lamiñak, Atxurra, Busturiako San Pedro...) eta jarraitzea nahi dutenekin Ereñoko kanteretan ikastaro teknikoagoak emanaz.

Eta, betiko legez, inguruko espeleologia taldeetako lagunekin kolaboratzen jarraitu dugu: Bilboko GAES taldekoak (batez ere espeleourpekariak), Rhodez eta Albertville (Frantzia), GEBNA eta GEA (Araba), Matienako GEMA... Izan ere, kobazaleak gutxi gara eta Itxina, Cantabria edo Larra bezalako karst eremu erraldoietan espeleologia egin ahal izateko nahitanahiezkoa da kluben arteko elkarlana. Zer esanik ez Euskal Espeleo Laguntza erreskate taldea osatzerako orduan, lurpeko istripu larrienetan interbenitzeko prestatzen diren bolondresen taldea...

Esploratzeko asko geratzen delako, guk gure txingurri-lanarekin jarraituko dugu asteburuero. Munduaren begietatik ihes, baina harendako garrantzitsua den beheko pisuaren ikerketan, eta hortan barneratu nahi diren espeleologo berriei ateak irekiz.


ADES

Gernika, 2011ko Urtarrilaren 15a.