.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2013/12/09

Hausnartze aero-itsastarra



(Fito Eraso, Otsabidepagozabalaganekoaxpeko esploraziñuari buruz, 1967ko EH-ko VI Espeleologia Jardunaldixetan)

(...) Me acuerdo que salí el último cuando ya hicimos la exploración y topografía, que quedó para completarla con gente del GEA (no está seguro) y me quedé como dormitando, cuando subía el anterior a mí, que tuvo algún atasco y pasé bastante tiempo solo abajo... (cuenta que fue la primera ocasión en que experimentó esa especie de introspección meditativa, que después ha usado toda su vida para resolver dudas o decidir qué camino seguir) (...)

Egoera ederra da, oso majikua. Argazki honetan “alfa estadu” horretan nago Ogoñon, Kantauriko Begi parian, 150 metro beherago olatuak dagozela...



ogono.jpg

2013/12/04

Galarra (Arrasate) 1884ko kronika bat

Hónek markok ez dirudixe oso interesgarrixak... oin dala 1200 urte egindakuak dirala jakin arte! Irudixa: Arrasate Zientzia Elkartea.

Hona "Euskal-Erria" aldizkarittik etaratako beste speleokronika bat; oinguan Arrasatekuen interesekua izango da batez be. Lagun talde batek Galarra / San Valerio haitzulora 1884an egindako bisittian kontakizuna da. Horren kontura, Udalatx azpiko zuluen historixa pizkat ezagutzeko aprobetxau dogu.
***


Sancho el Sabio Fundazioari esker, Euskal-Erria aldizkariko bilduma osoa sarean dugu, erraz kontsultatzeko moduan. Argitarapen honetan kultur gaiei buruzko informazio asko dago, eta gaur horren zatitxo bat aurkeztuko dugu.

 Oraingoan, Leon Kapelastegi jaunak lagun batzuekin Arrasateko Galarra haitzulora egindako eskurtsioa azaltzen digu. Umore onez eta orduko estilo literario loretsuan, egun beteko jardunaldia kontatzen zaigu Elorriotik Kanpazarrera eta handik Udalatxeraino eginiko zeharkaldia azalduz, dena oinez noski (testuan aipatzen diren Volalach eta Velalach Udalatx izenaren akats tipografikoak dirudite). Gaur egungo ikuspegi espeleologikotik, kronika honek ez du ekarpen handirik egiten, noski. Hala ere, urte hoietan esploraziorik ez zenez egiten kontakizun hauek badute lekukotasunaren balioa. 

 

Galarrako koba historian zehar


 Belaunaldiz belaunaldi, Galarrako koban Valerio saindu kristaua bizi izan zela kontatu izan da. Kondaira benetakoa izatera, VII gizaldian kokatu beharko genuke. Aintzinako meatzariek patroitzat hartutako saindu hau Bierzo eskualdean (Galizia eta Leon artean) jaio omen zen, eta itsasoz ailegatu zen Euskal Herrira. Galarran ermitau modura bizi izan zen, eta kontatzen denez, haitzuloetan bizi ziren sorgin eta piztiak uxatzeko abildadea zuen (1).

Erdi Aroan Arrasateko altzairua mundu osoan ezaguna bihurtu zen. Haren kalitatearen sekretua Udalatx barreneko burdin-mearen ezaugarriak ziren (2). Venaquero edo meatzariek lokatzetik ateratzen zuten, XVII gizaldian agortzen hasi zen arte. Eskualdeko espeleologia taldeek ustiaketa mota honen aztarnak behin baino gehiagotan aurkitu izan dituzte. Galarrako koba ere ezagutzen zuten (Arrasateko Espeleologia Taldeak 1973an topografiatu zuen), baina zati batzu sekuritate arrazoiengatik  esploratu gabe utziak zeuden. 2012 urtean lau gazte sektore honetan barneratuta galdu ziren; haien erreskatean joandako espeleologoek sorpresa galanta hartu zuten. Izan ere, uste baino galeria ezezagun gehiago zeuden, venaquero zaharren aztarna ugarirekin gainera: lokatzetan markak (nagusi eta haurren oin eta eskuenak, otzarenak, erremintenak...), meatzaritza-tresnak, sukaldeko ontziak, labar-grabatuak, hezurrak... Momentu honetan ikerketa martxan dago (3), eta seguraski Erdi Aroko fase honi buruzko informazio argigarria emango digu datozen urteetan.

 1845ean Espainiako Isabel II-ak Arrasaten igaro zuen uda, eta egun baten Galarrara eraman zuten eskurtsioan agintari, senide, kortesano, kazetari eta herriko jendeak lagunduta (4). Erregina gazteak (15 urte) zuloan sartzeko gogo handia erakutsi zuen, baita barruko estuasunetan saiatu ere. Orduko ohitura tamalgarriei jarraituta, paretak zikintzen eta espeleotemak hausten ere jardun ei zuten Isabelek eta bere lagunek; bisita honen oroigarri dira bertan aurkitzen diren metalezko plakak. Kuriositate modura, esan dezagun erreginak afizioarekin jarraitu zuela: Lekeitioko Garratxa koban ere berorrek egindako pintada bat aurki daiteke, 1868 urtekoa (bere erregetzaren azkena; hain zuzen ere, I Errepublikaren aldarriak Lekeition bertan harrapatu zuen eta bertatik erbesteratu behar izan zen).

 Urte gutxi pasatuta, bisitari adeitsuagoak jaso zituen Galarrak: espeleologia zientifikoaren hasierako urteak ziren. Artean esplorazio sakonaren teknika ez zen ezagutzen Euskal Herrian (1892an erabili zuen Edouard Martelek estrainekotz, Zuberoan) eta beraz ikerketa lanak sarreratik hurbil burutzen ziren: bioespeleologia eta arkeologia mailan, batez ere. 1879 urtean Carlos Mazarredo Galarran ibili zen animali troglobioak jasotzen; 1881ean, hark jasotako laginetatik Serafin Uhagonek espezie berriak deskribatu zituen: Bathyscia mazarredoi eta Speonomus (Speonomidius) crotchi mazarredoi izendatu zituen komunitate zientifikoaren aurrean (5).

 Gure gaurko artikulu honetatik, Kapelastegi eta bere lagunak pertsona jantziak, ikasketadunak zirela ondoriozta dezakegu; seguraski aurrekari hauek guztiak haien interesa piztuko zuten. Gainera, parranda giroan egindako eskurtsioa izanagatik, lagun kuadrilla honek bisitan zehar errespetua erakutsi zuela dirudi: ez da aipatzen behintzat espeleotemak hausten edo hormetan idazten aritu zirenik.

  Jatorrizko dokumentua:

·        CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia.



Dijitalizazioa:

·        Sancho el Sabio Fundazioa 2011 http://hdl.handle.net/10357/2813



Aipuak:

1.      OLIDEN, K. 2013.  La reina Isabel II y el otro San Valerio. El Diario Vasco 2013-X-13. Donostia.

2.      URDANGARIN, C. IZAGA, JM. 2011. Aintzinako lanbideak. Arrasateko altzairua. Gipuzkoako Foru Aldundia.
http://www.aintzinakolanbideak.net/eu/industriales/espaderos/mondragon.asp

3.      ARRASATE ZIENTZIA ELKARTEA. 2013. Elkarlana / Colaboración. Arrasate. http://arrasatezientziaelkartea.blogspot.com.es/2013/10/elkarlana-colaboracion.html

4.      VELEZ DE MENDIZABAL, JM. 2013. Isabel II San Valerixoko leizean. Hots Begi Danbolinak bloga.
http://txemax3.blogspot.com.es/2013/09/isabel-ii-san-valerixoko-leizean.html

5.      UHAGON, S. 1881. Especies nuevas del género Bathyscia encontradas en Vizcaya. Anales de la Sociedad Española de Historia Natural I(X). Madrid. Iruzkina Euskal-Erria aldizkarian
http://meta.gipuzkoakultura.net/bitstream/10690/67202/1/AM_302015.pdf


Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats